ELKARRIZKETA

«Oraindik ere ilusio handiz hartzen dudan urteroko hitzordu bat da»

Irati Saizar Artola 2021ko ira. 12a, 07:58
Edurne Ormazabal 68. Zinemaldian. ZINEMALDIA / MONTSE CASTILLO

Hiru hamarkada inguru daramatza Edurne Ormazabal Azpiroz (Tolosa, 1963) kazetariak Zinemaldian aurkezle lanetan. Garai batean irekiera gala ere aurkezten zuen, baina azken urteetan Donostia Hiria Publikoaren Saria eta amaiera gala aurkezten dabil. Aurten ere, hutsik egin gabe oholtzan izango da.

Ohiko aurpegia da zurea Zinemaldian.

Badira urte mordo bat, bai. Oraindik ere ilusio handiz hartzen dudan urteroko hitzordu bat da niretzat. Beti da desberdina, nahiz eta kanpotik horrela ez iruditu. Alde batetik, urte osoan ikusten ez ditudan lagun eta lankideekin topatzeko une bat da, eta bestetik, urtero badira inkorporazio berriak edo aktore berriak. Urtez urte gauza berri bat da, eta era berean errepikatzen dena. Oraingoz, ilusio handiz egiten dudan zerbait da.

Zinemaldia gerturatu ahala deitu egiten dizute aurkezle lanak egiteko? Edo gauza jakina da zu izango zarela?

Zinemaldiako zuzendaria den Jose Luis Rebordinosek esan zidan berak kargu horretan jarraitzen zuen bitartean eta nik nahi banuen behintzat, Zinemaldia aurkezten jarraituko nuela. Lan horrekin kontatzen dut egun, eta pozik nago.

Prestatuta zaudete aurtengorako?

Lantaldeak hilabete inguru darama horretan lanean, buru-belarri. Nik, orain, irekiera egiten ez dudanez, beranduago inkorporatzen naiz.

Zure lana gidoi bati lotutakoa izaten da?

Bai, hori da. Urte batzuetan neronek idatzi izan dut gidoia. Aurten, iaz bezala, Harkaitz Cano idazlea izango dugu luxuzko gidoigile. Buruz ikasi ohi dut gidoia; erraztasuna dut horretarako.

Inprobisaziorako ez duzu tarterik, beraz?

Inprobisazioa betiere testua aurretik landu duzunean egin dezakegu. Hori aspaldi ikasi nuen. Segurtasun handiarekin ateratzen zarenean oholtzara, dakizunean gidoia ondo ikasi duzula eta sarrerak eta irteerak noiz izango diren ederki dakizunean, hor badaukazu inprobisaziorako aukera. Baina betiere aurretik lan eginda.

Zenbateko tartea izaten duzue gidoia ikasteko?

Desberdina da kasu bakoitzean. Donostia Saria askoz laburragoa izaten da eta ez da behar hainbesteko aurrerapena. Klausurakoa, aldiz, bi egun lehenago izaten da. Garai batean, irekiera egin behar izaten nuenean, gutxienez hiru asteko denbora-tartea eskatzen nien. Gainera, eguneroko lanekin bateratu behar izaten da eta beraz, zenbat eta denbora gehiago izan, errazago.

Sarituak nortzuk diren jakitean, sekretua ondo gordetzen duzu?

Lehen, egia da azkeneko prentsaurrekora arte gordetzen zirela Donostia Sariak, baina nik uste Jose Luis Rebordinos zuzendaria denetik denbora gehiagorekin iragartzen direla sari horiek. Jakin bai, gidoirik ez izan arren, lehenago jakiten nuen eta sekretuan gorde behar izaten nuen. Gainera, kontratua sinatzerakoan konfidentzialtasun klausula bat daukagu.

Nolako Zinemaldia dator aurten?

Zinemaldiaren aurkezpenean Rebordinosek esan zuen iazko edizioaren eta edizio 'normal' baten artekoa izango dela. Iaz baino jende gehiago izango da; izan ere, iaz gonbidatu edota prentsa gutxiago zegoen Donostian eta aurten, nik uste, alde horretatik jende gehiago etorriko dela. Hala ere, zine aretoetan edukiera ohikoa baino txikiagoa izatera behartuta gaude, eta zine aretoetatik kanpo festarik eta jairik ez da egongo.

Alfonbra gorria gurutzatuko duzu zuk ere. Prest duzu jantzia?

Oraindik ez dut aukeratu. Diseinatzaile donostiar baten soinekoak dagoeneko ikusi ditut eta gutxi gorabehera buruan daukat bat, baina gauza gehiago ere ikusi nahiko nituzke eta aukeratuko dut aurtengoa ere.

Filmak ikusteko baino alfonbra gorriaren zain jende gehiago egoten da?

Denetarik izaten da. Askotan gertatu izan zait, zure lana baino soinean daramazun soinekoa deigarriagoa izatea. Oraindik ere, emakumezkoetan gehiago gertatzen da gizonezkoetan baino. Baina tira, aukera polita da bestela inoiz jantziko ez zenituzkeen soineko edo bestelakoak janzteko. Nik behintzat disfrutatzen dut.

 

Edurne Ormazabal 68. edizioko alfonbra gorrian. ZINEMALDIA / ALEX ABRIL

Nolakoa da Zinemaldia barrutik?

Urduritasuna, lan asko, ordu asko dira. Gauza asko eta asko gertatzen dira momentu oro eta oso zaila da ikuspegi oso bat izatea. Garai batean, behin Zinemaldia amaituta, langile guztien arteko afari bat egiten zen, eta afari horretan ohartzen zinen inoiz ikusi gabeko langile mordoa zegoela lanean Zinemaldian zehar, eta ez zenekien zertan ari ziren ere. Atzean jende asko dago lanean, ez aurpegia ematen dugunok bakarrik.

Edurne Ormazabal 68. edizioko alfonbra gorrian. ZINEMALDIA / PABLO GOMEZ

Erlazionatuak

Bederatzi egun, eta ehunka film

Jon Miranda Labaien 2021 ira 12 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!