ELKARRIZKETA

«Bakoitzaren sentimenduak agertzeko lekua da Hernio»

Irati Saizar Artola 2021ko ira. 3a, 07:58
Gloria Eskudero 2009ko irudi batean. ATARIA

Bada familia bat Errezilen, urtero, hutsik ere egin gabe Herniora igotzen dena gurutzeak, zintzarriak eta koloretako zintzak saltzera. Familia horretako kidea da Gloria Eskudero (Goizueta, 1944); Errezilera ezkondu zen, eta gizonaren familiaren tradizioari jarraika segitzen du berak ere gaur egun, eta baita bere ondorengoek ere. Datozen lau igandetan bertan izango dira, burdinazko uztaiak dauden inguru horretan, eskuz egindakoak saltzen. 

Nolatan hasi zineten Herniora joaten?

Nolabait esateko, ni integratu egin nintzen. Nire senarra eta bere gurasoak aurrez joaten ziren, eta ni bat gehiago izan nintzen. Jatorriaren inguruko idazkiak ez dakit egongo diren, baina ahoz aho kontatu izan da erromatarrekin borrokaren bat izan zela Hernion, erromatarren garaian. Eta hortik datozela jendearen sinesmenak eta sentimenduak mendi horrekiko. Herniori errespetua, maitasuna diogu; hitzez adieraztea zaila da. Bakoitzaren sentimenduak agertzeko toki bat da Hernio. Fedea esaten da batzuetan, sinesmena ere bai. Sinesmena zegoen, eta batzuk eskatu egiten dute eta besteek eskaini egiten dute. Mendira joaten den batek gauzak eskatzen ditu, besteak eskerrak ematen ditu, besteek oroitzapenengatik egiten dute.

Zuek, zehazki, zerekin joan ohi zarete Herniora?

Garai batean, salda eta kafea eramaten zen. Eta egun, Hernioko gurutze santuaren figurak eta koloretako zintak eramaten ditugu. Gu jartzen garen lekuaren ondoan, gainera, uztaiak daude. Jendeak horiek gorputzean barrena pasatzen ditu, energia emateko. Eta guk saltzen ditugun zintak ere hortik datoz, bereziak dira, jendeak gorputzean jartzen ditu, izan eskumuturrean, izan gerrian. Horiek denak sineskeriak dira, sinesten baduzu laguntzen dute.

Eta mendian saltzen duzuena etxean prestatzen duzue?

Bai, materiala erosi eta etxean eskuz lantzen ditugu Herniora igo eta bertan saltzeko. Kalbario santuko mendia da Hernio, eta garai batean asko errezatzen zen. Gu jarri ohi garen lekutik tontorrera hamalau estazioak daude, eta talde asko etortzen ziren, batek errezatu eta besteek erantzun egiten zieten.

Egun, zuen familia soilik egoten zarete saltzen.

Bai, baina garai batean familia asko igotzen ziren. Errezildik bertatik lau familia inguru edo igoko ziren, eta orain gu bakarrik geratzen gara, momentuz. Errenteriatik ere etortzen zirela esan ohi zen, intsigniak egiteko tailerrak zeuden han nonbait, eta horiek saltzera etortzen omen ziren.

Oraindik jendeak jarraitzen du gurutzeak eta zintak erosten? Badu jarraipena sinesmen horrek?

Garai bateko sinesmenik ez dago, orain oraingoa daukagu. Beste garai batzuetan bizi gara, baina gutxiago bada ere, mantentzen da, barneratuta dute batzuek.

Iraileko jai egunetarako baduzue lana beraz.

Bai, eta ostiral santuko eguna ere oso berezia izaten da. Hori, ordea, nahiko berria da, berrogei bat urte atzera edo hasiko zen. Iraileko igandeekin alderatuta desberdina izan ohi da, baina egun berezia da.

Jendeak, ordea, iraileko lau igandeak ditu buruan.

Baina hasi, berez, abuztuaren 29an egiten da. Izan ere, berez, San Joan txiki egunarekin ematen zaio hasiera, eta egun hori abuztuaren 29a da. San Joan txikiren oroimenez hasitako erromeria egiten da. Iturriotzeko ermita ere San Joan ermita da, eta horregatik edo hargatik, mendian egoten zen artzainen bat edo izango San Joan txiki hori, eta 29an hasten da eta iraileko igande guztietan erromeria izaten da.

Erlazionatuak

Tradizio handiko jaia

Iñigo Terradillos 2021 ira 03

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!