ERREPORTAJEA

Tradizio handiko jaia

Iñigo Terradillos 2021ko ira. 3a, 07:57
Jendetza Zelatunen, 2004ko iraileko azken erromerian, 'Kutxidazu bidea, Ixabel' agertokian antzezten ari direla. ATARIA

Iraileko azken igandera bitarte izan behar zen erromeria Hernion, eta eskualdeko ehunka mendizalek bertaratzeko hautua egingo lukete; baina aurten azkenik, ez da Zelatunen erromeriarik izango. Trikiti doinuak isilik egongo dira berriro ere, koronabirusak atsedena hartu arte, bederen.

Ez dago data zehatzik Hernioko lehendabiziko erromeriaren inguruan, baina, XIX. mende amaieran, mendietan gurutzeak jartzen hasi zirenean, kokatzen dute historialariek. Abuztuaren 29a San Joan Bataiatzailearen martirio egunez soilik ospatzen zuten lehen, eta gerora, iraileko igandeetara pasa zuten erromerien ospakizuna, jende gehiagok joateko aukera izan zezan. Eta, mendiak edo gailurrak baino, Iturriozko San Joan ermitak zuen garrantzia antzina. Erromeria beraren esanahia ere aldatuz joan da denboran zehar, eta gaur egun Zelatunen festa giroko erromeria izaten den arren, gurutzetarako erromeriak penitentzia kutsukoak izaten ziren antzina.

Erlijio arrazoiengatik hasieran, eta tradizioak, mendizaletasunak edota festa giroak erakarrita gero, milaka pertsonak egiten dute bat iraileko igandeetako erromerian. Asteasutik, Larrauldik, Alkizatik, Hernialdetik, Albizturtik, Bidanitik, Errezildik edota Aiatik, hamaika bide daude 1.075 metro dituen gailurra igotzeko. Hernioko gurutzearen azpialdean, geldialdia egiten dute mendizale batzuk, gurutzeak, zintzarriak eta zintak saltzen dituzten postutxoan. Lehen baziren gehiago, bai gailurrean, bai eta Zelatunen ere, baina, gaur egun saltzaile bakarra geratzen da. Eta, handik gertu, burdinazko bost uztaiak daude. Batzuk bost uztaiak pasatzen dituzte gorputzeko atal guztietatik, eta beste batzuk uztai bakarretik igarotzen dira hiru aldiz. Hezurrak indartzeko eta minak kentzeko balio omen du.

Behin gailurrean, itsasoa alde batera edota Bidania-Goiatz bestera izango ditu mendizaleak, eta ikuspegiaz nahikoa gozatu eta deskantsatu ostean, Zelatunerako bidea hartuko du. Bertan elkartzen dira denak, bai tontorra igotzen dutenak, bai eta Zelatunerako plana egin dutenak ere. Izan ere, norberak ekarritako mokadutxoarekin edo bordetan eskaintzen duten jan-edanarekin, trikiti doinuek alaituta, inguru ederrean egoteko aukera ematen du, goiz pasa edo egun pasa polita eginez. Hori bai, jenderik gehien, hileko azken igandean batu ohi da.

«Giro oso berezia»

Manex Torrealdai trikitilariak azaldu duenez, «giro berezia» izaten da Hernioko igandeetako erromerian: «Mendizale, trikitizale… denek bat egiten dute eta Herniora igo, Zelatunen pintxoa jan eta dantza pixka bat egin edo musika entzutea belardian etzanda plan bikaina da igande baterako».

Torrealdaik ez du bertan trikitia jotzeko «plazerik» izan oraindik. «Nik beti ikusle bezala hartu izan dut parte, eta dantzan, jakingo banu egingo nuke gustura». Azken bi urteetan ez du ez Herniora ez Zelatunera joateko aukerarik izan, baina, aurten bazuen joateko asmoa bertan behera geratu dela jakin aurretik: «Libre banaiz gustu handiz azalduko naiz, Tolosatik igo Herniora eta arratsaldea han lasai pasatzera». Gisa horretako erromeriek «garrantzi handia» dutela uste du trikitilariak: «Euskal herrian ez dira toki asko egongo erromeriak mantentzen dituztenak eta honek duen bizia ez da toki askotan aurkitzen!».

Maixa Lizarribar trikitilaria, bere aldetik, aspaldi ez da izan. «Azkenekoz, uste dut duela 13 urte izan nintzela». Baina, bere etxean betidanik egon da hara joateko ohitura: «Nire etxean iraileko igande guztietan joan izan gara Herniora. Txiki-txikitatik dut oroitzapena». Lehendabiziko igandean jende gutxiago izan ohi dela dio, eta bigarrenean eta hirugarrenean mendizale eta trikitizale asko batu ohi dela. «Horiek izaten dira niretzat onenak, oso giro berezia sortzen baita».

Lizarribarren kasuan, trikitia jo izan du Zelatunen, eta pasadizo bat ere kontatu du horren inguruan: «Soinua jotzen ikasten ari nintzen garaian, iraileko lehen igandean Herniora joateko prestatzen ari ginela, osabak soinua eramateko esan zidan. Bizkarrean hartu nuen soinua, eta horrela igo nintzen. Lehenengo igandean ez zen jende askorik izaten, eta bazkaldu ostean soinua jotzen hasi nintzen. Tabernako batek bertan jartzeko esan zigun, eta hango mahai baten gainera igota egon nintzen jotzen. Kontua da, gure artean ez zegoela pandero jotzailerik, eta Herniora igo zen pandero jotzaile bat gerturatu zen, Iturbide, eta berarekin jotzeko ohorea izan nuen. Ondoren txapela pasa zuten, eta uste dut hori izan zela trikitia jotzeagatik jasotako nire lehen saria». Gerora, Ixiarrekin ere jo duela Zelatunen gogoratzen du Lizarribarrek. Gurasoak orain gutxira arte urtero joan direla dio, baina berak azken urteetan ezin izan duela joan. «Jendetza egoten zela dantzan, oroitzapen hori dut, eta badakit gaur egun ere jendea dantzara animatzen dela».

Aurten, azkenik, tamalez, dantzak, mendiak edo tradizioak bultzatuta, ezin izango da iraileko igandeetan Herniora edo Zelatunera igo eta erromeriaz gozatu.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!