Altuna eta Laso berriro aurrez aurre

Leyre Carrasco 2021ko abu. 19a, 09:33

Argazkia: ASPE

Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketaren finala ahaztu gabe, kantxa guztia menderatuko dute gaur bi pilotariek jokatuko duten buruz buruko partidan.

Jokin Altuna III eta Unai Laso berriro aurrez aurre arituko dira lehian gaur 22:00etan hasita, Donostiako Atano III pilotalekuan. Bi pilotariak bizi jokatu zuten Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketaren finala eta bertan, argi utzi zuten maila eta gogortasun handiko partida izan zela. Oraingo honetan, ordea, maila jetsi gabe kantxa guztia menderatuko dute gaur gaur gauen jokatuko duten buruz buruko partidan.

Jaialdia ETB1-en ikusteko aukera izango da eta 22:00etan emango zaio hasiera Dario eta Oier Etxebarria Alberdi eta Larunberen kontrako partidarekin. Altuna eta Lasoren arteko buruz burukoa bigarren partida izango da eta gaua ixteko Bengoetxea VI-Elizegik eta Zabala-Ladis Galarzak jokatuko dute.

Masters Caixabank

Caixabank Master binakako pilota txapelketak aurrera jarraitzen du eta bosgarren jardunaldia itxi da dagoeneko. Jaka eta Tolosa aritu ziren larunbatean Laso eta Albisuren aurka Zarauzko Aritzbatalde frontoian. Zoritxarrez, lizartzarrak eta anoetarrak osatzen duten bikoteak porrot egin zuen, 7-22 emaitzarekin. Ondorioz, sailkapen orokorreko bikotea azken postuan dago puntu bakarrarekin.

Igandean Altuna III eta Arangurenek Peña eta Rezusta izan zituzten lehiakide Azkoitiko Gurea frontoian jokatutako partidan. Tolosarrak eta Rezustak osatzen duten bikoteak irabazi zuen partida, 15-22ko emaitzarekin. Gauzak honela, sailkapen orokorreko lehen postua mantentzen jarraitzen dute Peña eta Rezustak, 5 punturekin. Altuna eta Aranguren berriz, laugarren postuan daude, 3 punturekin.

Hurrengo jardunaldiari dagokionez, bihar Jaka eta Tolosak Victor eta Mariezkurrena II.aren aurka arituko dira Lekeitioko Santi Brouard frontoian. Igandean berriz, Altuna III eta Arangurenek Urrutikoetxea eta Martija izango dituzte lehiakide Berako Eztegara frontoian, eta asteartean, Peña II eta Rezustak Ezkurdia eta Imaz izango dituzte aurrez aurre Elgoibarren.   

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!