Azkeneraino borrokatu du txapela janzteko

Imanol Garcia Landa 2021ko uzt. 7a, 14:25
Argazkia: EITB

Altuna III.ak 22-20 irabazi dio Unai Lasori Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketa, maila eta gogortasun handiko partidan.

Hasieratik izan da borrokatua finala. Oso bizi jokatu dute bi pilotariek eta tanto ikusgarriak eginez aurrera joan da partida. Sei tantotara berdindu dute eta Lasok ondoren beste bi egin baditu ere, Altunak zazpi tanto egin ditu segidan, batez ere sake-errematea baliatuz, eta txapela Amezketara joango zela zirudien. Ordurako ikusten zen fisikoki ukituta zeudela bi pilotariak.

Baina partida ez da amaitzen 22ra iritsi arte eta Altunak sakearekin falta egin ondoren, Lasoren susperraldia iritsi da. 14-15 ere jarri da aurretik Baikoko aurrelaria eta dagoeneko gogorra izaten ari bazen finala, oraindik ere gogorragoa bihurtuko zela ikusi da. Tanto ikusgarriak izan dira ere partidaren azken zatian, baina nekearen eraginez, buruak ez zien hasieran bezala funtzionatzen bi pilotariei. 

Polemikarako unea ere izan du finalak. 17ra berdinduta zeudenean, Altunak pilotari jo behar zionean Laso gurutzatu egin da, eta tantoa berriro jokatzeko egoera garbia zirudienean, epaileek Lasori eman diote tantoa. Altunak protesta egin du, baina gaur ere botilero zuen Gorka Altuna lehengusu alegiarrak lasaitzeko eskatu dio. Egoera horrek ez du partidatik atera amezketarra eta borrokatzen jarraitu du. 19na ere joan dira, baina Altunak gehiago asmatu du eta azkenean 22-20 irabazi du finala.

Guztiz nekatuta bukatu dute bi finalistek. Altuna bere mailan aritu da, baina harritzekoa izan da profesionaletara bueltatu berri den Lasok eman duen maila. Txapelketa izugarria egin du, eta ia txapela ere eraman du gaurko final ikusgarrian. Publikorik ez zegoen Labrit pilotalekuan, baina telebistaz jarraitu ahal izan duten pilotazaleek gozatu ederra hartu dute partidarekin. Jokin Altunak, jokatzeaz gain, sufritzen ere badakiela erakutsi du, eta beste txapel bat jantzi du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!