ERREPORTAJEA

Dudik-p, musika gozatzeko da

Jon Miranda Labaien 2021ko uzt. 28a, 07:58
Barandiaran, Mendibil, Garmendia, Mendizabal eta Chivite Amasako Iturrigoxon. J. M.

Amasa-Villabona eta Zizurkilgo sei lagunek osatzen dute Dudik-p; adin batekin musika ikasten hasi, Anakruxa taldean beste musikoekin batera nola jotzen den probatu eta bakarkako ibilbidea abiatu zuten duela hiru urte; ez zuten honaino iristea espero eta ez dute askoz urrutirago iristeko irrikarik, baina musikan pausoak ematen ari dira etengabe.

Ahalduntzeko bide eman die musikak Dudik-p taldeko kideei. 2018. urte inguruan erabaki zuten taldekideek elkartu eta beren bide propioa abiatzea. «Bakarrik hegaldatu nahi genuela erabaki genuen». Aurretik, ordea, Loatzo musika eskolaren abaroan ibilitakoak dira kide guztiak eta talde batean elkarrekin jotzea probatutakoak, Anakruxan urte luzeetan eta tarte labur batean A Contratiempo taldean. «Asko ikasi dugu; izan ere, taldean aritzeak etengabe negoziatzea eskatzen dizu. Pazientzia lantzen edota elkarrekin gauzak aurrera ateratzen ikasi dugu. Pertsonalki hazteko balio izan digu», aipatu du Marijo Mendibil taldekideak. 

Baxua jo eta kantatu egiten du Mendibilek Dudik-p taldean eta bere kideek «pastelaren ginga» bezala definitzen dute. Horrela nabarmendu du baterian aritzen den Carmen Chivite billabonatarrak: «Marijok du kultura musikal handiena eta belarririk onena. Besteek huts non egiten dugun esaten digu». Behin adin batera iritsita hasi zen Chivite Loatzo musika eskolan, gainerako taldekideak bezala. «Seme-alabak apuntatzera joandakoan konturatu nintzen, haiek ez, nik ikasi nahi nuela musika. Pretentsio handirik gabe hasi eta ez nuen sekula imajinatuko honaino iritsiko nintzenik». 

Lotsa gainditu behar izan dutela aipatu du Mertxe Mendizabal zizurkildarrak. Gitarra akustikoa jotzen du Dudik-p taldean: «Gogoan dut nola ibiltzen ginen ezkutuan, gitarra bizkarrean generamala, ikusi ez gintzaten. Inork galdetuz gero, gitarra semeena zela esaten genien». Mendizabalentzat musika munduan urratsak ematea ahalduntzeko, eta batez ere, lagunarte bat osatzeko modua izan da. «Gure artean oso harreman ona dugu eta musikaz aparteko planak egiten ditugu elkarrekin. Urtean behintzat pare bat aldiz asteburu pasa tematikoak egiten ditugu», esan du taldekideak.

Olatz Barandiaran zizurkildarra biolinarekin aritzen da taldean eta hark ere ibilbide bera egin du musika eskolan. «Lan munduan egonkortuta eta seme-alabak hazita hasi nintzen Loatzon. Lehenago ere musika gustatzen zitzaidan eta probatu egin nahi nuen. Behin probatuta argi geratu zait musikarako ez dagoela adinik». Aran Mujika izan du irakasle musika eskolan eta berekin oso eskertuta agertu da Barandiaran. Gainerako taldekideek ere gogoan izan dituzte euren irakasleak, Iñaki Salvador eta Ixak Oiartzabal, adibidez. «Asko lagundu digute, pazientzia izugarria izan dute gurekin eta beraiek animatu gaituzte, hein handi batean, saltoa ematera». 

Askotariko errepertorioa

Dudik-p taldekoek irakasle izandako lagunen kolaborazioak izan dituzte zuzeneko zenbait emanalditan. Gainerakoan, eszenaratzea zaintzen dutela aipatu du Pilu Garmendia gitarra elektrikoarekin aritzen den taldekideak. «Jendea harrituta geratzen da gurekin. Oholtza gainean sei emakume ikusten dituztenean abesbatzako kantuak kantatuko ditugula iruditzen zaie eta ahoa bete hortz geratzen dira gure errepertorioa ikusita», dio Garmendiak. Kantu ezagunak eta erraz identifikatzen direnak aukeratzen dituztela aipatu dute taldekide guztiek eta ez zaiela aukeraketa egitea gehiegi kostatzen: «Norberak gustuko duen kantuaren proposamena egin eta ondoren taldean probatzen dugu. Badira kantu batzuk trabeska geratzen zaizkigunak eta alboratu behar izaten ditugunak, baina gainontzekoak behin eta berriro entseatuta aurrera ateratzen ditugu». Gutxienez astean behin biltzen dira Amasako kultur etxean entseatzeko eta kantuaren moldaketak Maialen Mujika billabonatarrak egiten ditu. Bera da taldeko gazteena eta zuzendari lanak egiten dituena.

Hogei kantutik gorako errepertorioa dute prestatuta eta orain lantzen ari diren kantuen artean denetarik topa daiteke. Besteak beste, Creedence, Luz Casal, Nancy Sinatra, Tina Turner, Metallica, For non Blondes, Talco, Izaro, ETS edota Exkixuren kantuen bertsioak egiten dituzte. «Ez da erraza gure estiloa definitzea, folk-rocka esaten diogu guk, baina denetarik jorratzen dugu eta hizkuntza ezberdinetan gainera; kantuarekin eroso sentitzea eta gozatzea da kontua».

Kantu ezagunen moldaketak egiten dituzte, baina orain arte ez dute abesti berririk sortu. Dauzkaten mugez kontziente direla dio Mendizabalek: «Gu ez gara profesionalak, hemen gabiltza musikaz gozatu nahi dugulako. Emanaldietan tentsio puntua izaten dugu baina ez dugu gaizki pasa nahi. Eroso sentitu nahi dugu oholtza gainean, eta horretarako, adibidez, atrila eramaten dugu. Dagoeneko ez gara lotsatzen».

Pandemiak derrigor eragin duen etenaren ostean berriro ere martxan dira Dudik-p taldekoak eta berriki Arroan eta Iruran eskaini dituzte emanaldiak. «Prest gaude beste lekuetan jotzeko ere, taberna barruetan bezala kanpoko espazioetan. Vermutharen orduko emanaldiak izaten dira gehien gustatzen zaizkigunak, baina edozein egoeratara moldatzen gara. Musikaz gozatzea eta gozaraztea da gure asmoa, dudarik gabe».

Erlazionatuak

Anakruxa, musikak adinik ez duenean

Jon Miranda Labaien 2021 uzt 28 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!