ERREPORTAJEA

Anakruxa, musikak adinik ez duenean

Jon Miranda Labaien 2021ko uzt. 28a, 07:57
Anakruxa taldeko kideak Irurako kulturuneko aretoan. j.m.

Loatzo musika eskolako ikasle helduek osatutako taldea da Anakruxa, eta gaur egun kide direnek, bi urte daramatzate elkarrekin talde egonkor gisa. Pandemiak bete-betean taldearen jardunean eragin duen arren, aurreko uztailaren 14an Villabonako Gurea aretoan aritu ziren kontzertua eskaintzen. Gehiagorako gogoz daude taldekideak.

Loatzo musika eskolako talde finkoetako bat da Anakruxa. Duela hamar urte inguru sortu zuten eskolan ibiltzen ziren ikasle helduenek eta kideetan aldaketak egon diren arren, Anakruxak etenik gabe jarraitu du bere ibilbidea. Ixak Oiartzabal irakasle eta taldekidearen ustez, «zaila» da musika eskolan talde batek hainbesteko egonkortasuna lortzea: «Egoskorrak gara, ordea, bai irakasleak eta are gehiago ikasleak; agertutako borondate horri esker iraun du taldeak». 

Nieves Sobrado billabonatarra hasiera-hasieratik aritu da taldean. «Loatzon ibiltzen ginen ikasle helduok kantu bat sortzea erabaki genuen, gurekin hainbesteko pazientzia zuen irakasleari eskaintzeko. Gauza batek bestea ekarri zuen eta taldea sortu genuen. Anakruxa izena jarri genion, beti behar baino beranduago sartzen garelako hurrengo konpasean», dio umorez. Gitarra jo izan du Sobradok eta gaur egun baxu elektrikoa eta ahotsa jartzen ditu taldean.

Esperientzia gehien duen taldekidea da Sobrado eta Anakruxan berriena, berriz, Kristina Ezkurdia zizurkildarra. «Duela pare bat urte hasi nintzen Loatzon eskusoinua ikasten. Aurten ikasturtea hasita zegoela gonbidatu ninduten taldera. Bakarrik baino nahiago dut taldean eta oso baliagarria zait konfiantza hartzeko», esan du Ezkurdiak. Behatzak mugitu eta burua despejatuta edukitzeko musika bezalakorik ez dagoela esan du soinu jotzaileak eta uste horrekin bat dator Joxean Garrido ibartarra. Biolina jotzen du taldean: «Bost urte daramatzat musika eskolan eta bi urte Anakruxan. Eguneroko tentsioak askatzeko primeran datorkit taldean aritzea. Gozamena da jende honekin astero biltzea».

Irurako kulturuneko aretoan egiten dituzte ordubeteko entseguak astean behin. «Aurreko ikasturtearen zati handiena telematikoki eman genuen eta aurten aurrez aurre elkarrekin entseatzeko aukera izan dugu. Aretoak distantziak mantentzeko eta aireztatzea bermatzeko aukera eman digu», esan du irakasleak.

Oiartzabal aritzen da, hain zuzen, taldearentzako kantuen moldaketak egiten. Lan hori eskertu dio Jon Arregi tolosarrak, taldean gitarra elektrikoarekin eta kantuan ibiltzen den kideak. Anakruxako ahots nagusia da Arregi, baina kantuan laguntzen diote Sobradok eta baita Eugenio Batalla zizurkildarrak ere. Saxofoi altua jotzen du Batallak: «Lauzpabost urte daramat musika eskolan eta hirugarren urtean dagoeneko hasi nintzen Anakruxan parte hartzen. Oso gustura nabil». Iritzi berekoak dira Luisi Arregi irurarra eta Pili Goikoetxeandia ibartarra. Pianoarekin eta txistuarekin hartzen dute parte Anakruxa taldean, hurrenez hurren.

Ohiko taldekideekin batera, Loatzo musika eskolan aritzen diren edota aritu izan diren musikariak ere gonbidatzen dituzte haiekin aritzera. «Anakruxa esperimentuak egiteko erabiltzen dugu, eta adibidez, rock talde baten haizezko sekzio bezala aritzeko Loatzoko saxofoiko ikasleak gonbidatu izan ditugu gurekin aritzera», esan du Oiartzabalek. Duela gutxi Villabonan eskainitako emanaldirako gonbidatu zituzten, adibidez, Izadi Lasa irurarra saxofoiarekin eta Carmen Chivite billabonatarra perkusioarekin

Errepertorio zabala dute prest taldekideek eta hura defendatzeko gogoz daude, nahiz eta pandemiagatik nahi baino aukera gutxiago izan emanaldiak eskaintzeko. «Garaikideak diren kantuak, rock kutsua daukaten abestiak eta euskarazkoak ere eskaintzen ditugu, Loatzo musika eskolaren ezaugarrietako bat baita hori», esan du Oiartzabalek. Umore ona eta ondo pasatzeko gogoak egiten du Anakruxa.

Erlazionatuak

Dudik-p, musika gozatzeko da

Jon Miranda Labaien 2021 uzt 28 Amasa-Villabona   Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!