Osasun Sailak atzo eguneratu zuen pandemiak utzi duen hildako eta positiboei lotutako buletin epidemiologikoa, non uztailaren 18ra arte metatutako datuak jasotzen diren, eta horren arabera COVID-19ak 77 hildako utzi ditu Tolosaldean eta 5.771 pertsonak izan dute birusa, hau da, eskualdeko %12 kutsatu da eta % 0,16 hil.
Tolosa da bizilagun gehien dituen eskualdeko herria, 19.400, eta Osasun Sailak emandako datuen arabera, hildako zein positibo gehien izan dituena da; 2.440 positibo eta 43 hildako. Ibarra dago atzetik, hildakoei erreparatuta; 10 hildako egon dira eta 585 kutsatu.
Osasun Saila pasa den urteko uztailaren 20an argitaratu zuen hildako zein positiboei buruzko herriz herriko lehen txostena, eta 337 kutsatu eta 31 hildako zenbatu zituzten jada, eskualdean. Hildako gehienak, 20, Tolosan izan ziren. Hildako horien artean asko adinekoen egoitzetan izan ziren, izan ere, pasa den urteko apirilean egoiliar bat baino gehiago hil zen Iurreamendi egoitzan. Lehen txosten epidemiologiko hartan bildutako datuen arabera, pasa den urtean garai honetan 90 urtetik gorakoak ziren batez ere, positibo ematen zutenak (positibo guztien %31,5). Atzetik zeuden 80 eta 89 urte artekoak (%24,5) eta 70-79 urte artekoak gero (%13,1). Azken datuen arabera, orain, 40 eta 49 urte artekoen artean daude positibo gehien (%16,3), eta atzetik daude 50 eta 59 artekoak (%14,9), 20-29 urtekoak ondoren (%12,9) eta 30-39koak gero (%12,4). Duela urtebete inguruko positibo gehien pilatzen zituen taldea, 90 urtetik gorakoena, gaur positiboen %2koa da, 80-89koa %4,7 eta 70-79koa %6koa.
Aipatu behar da, hala ere, azken bi buletinetan bakarrik ageri direla Tolosaldeko 28 herrietako datuak, ATARIAK hala eskatuta, aurreko buletinetan ez baitziren eskualdeko herri guztien datuak jasotzen. Hala, 2020ko uztailaren 20ko lehen buletin epidemiologiko hartan Abaltzisketa, Baliarrain, Berrobi, Elduain, Larraul, Ikaztegieta, Orendain, Orexa eta Gazteluko datuak falta ziren.
TXERTAKETA
Osasun Sailetik ematen dituzten datuak eskuan eta arduradunek ematen dituzten adierazpenak jarraituta, badirudi, duela urtebete eta oraingo kopuruen arteko aldea txertaketaren eraginez eman dela. Hau da, txertaketa adinekoen artean hasteak ekarri duela urte tarte horietan eman den positibotasunaren eta hilkortasun tasen jaitsiera. Azken datuek diote 2.489.605 dosi jarri direla EAEn eta 16 urtetik gorakoen artean %76k duela dosi bat eta %63k immunizazio osoa. %1,9 da kontraindikazioren bat izan edota uko egin diotenak.
Atzo esan zuen Gotzone Sagarduik gaurtik hasiko direla 12-15 urteko gaztetxo eta nerabeei txertoa hartzeko ordua hartzen. Orain arte muga 16 urtean zegoen, eta jaistea erabaki dute. Era horretan, ikasturtea hasten denerako adin tarte horren txertaketa ere hasita egongo dela esan du, eta egokiago osatu ahal izango dela prozesua. Txertoa jartzeko deia egin du beraz, Sagarduik, izurriari aurre egiteko tresna ezinbestekoetako bat dela gogora ekarrita. Jaurlaritzak zehaztu du Pfizerren dosiak erabiliko dituztela: etxe horretako dosiak baino ez dituztelako baimendu adin tarte horretarako.
LABIREN BILERA
Gauzak horrela, gaur bilduko da Labi politikoa. Izurriaren gaineko datuek nabarmen okertzera egin dute asteotan, eta hura hesitzeko neurri murriztaileagoak hartu behar ote diren aztertuko dute. Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibileko Planeko batzorde Labik arloko adituak batzen dituen bilera egin zuen asteartean, eta neurri gehiago hartu behar diren aztertu dute. Oraingoz, gauean kalean izaten diren pilaketak saihesteko eskaerez gainera, maskararen erabilera indartzeko mezuak ari dira ematen. Jaurlaritzak adierazia du ez duela etxeratzeko agindurik ezartzeko asmorik, epaileek erabakia atzera botako duten kezka baitu.
AZKEN DATUAK
Herriz herriko positiboei dagokienez, 27 zenbatu zituzten herenegun Tolosaldean; Tolosan 12, Zizurkilen 6, Amasa-Villabonan 5 eta Anoetan, Berrobin, Ibarran eta Iruran positibo bana. 12.754 test diagnostiko egin zituzten eta horietatik, 1.583 (%12,4) positiboak izan ziren. Gipuzkoan, 481 atzeman zituzten. Amasa-Villabona (1.166) eta Tolosa (1.030) kolore gorrian daude. COVIDaren ondorioz 49 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta COVIDa duten 45 pertsona ZIUn daude. Bestalde, uztailaren 12tik 18ra bitarte, COVIDagatik 4 pertsona hil direla esan du Osasun Sailak.