Auzolana ardatz izango duen ekimena abiaraziko dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 20a, 11:59
Auzolanean parkea eraiki zuten 2015ean Gaztelun.

Tolomendik sustatu duen Auzolangin(l)tza proiektuaren aurkezpena ostiralean egingo dute, Berastegin; eragileek izena eman beharko dute parte hartzeko.

XXI. mendean auzolanak zer nolako etorkizuna duen aztertzeko eta hausnartzeko helburuarekin abiatuko dute Auzolangin(l)tza proiektua eskualdean. Horretarako, Tolosaldeko udal ordezkari eta gizarte eragileen parte hartzea eskatu dute, guztien artean proiektuari forma eman eta datorren urtean esperientzia pilotua martxan jartzeko. Ostiral honetan gizarteratuko dute ekimena, Berastegin egingo duten aurkezpenean, eta eskualdeko eragileei dei egin diete topaketetan parte har dezaten. Aurrez, izena eman beharko dute Tolomendiren webgunean.

Auzolangin(l)tza: XXI. mendeko Gipuzkoaren eraikuntzan auzolana iraganeko kontua ala etorkizuneko giltza? Tolosaldean saiakera proiektua Tolomendik sustatu du, Mondragon Unibertsitatearen eta Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean.

«Auzolana behar batzuei erantzuteko sortu zen urteak atzera eginda; askotan, baserri bideak berritzearekin edo horrelako lanekin lotu izan da, baina herriko festak antolatzea, esaterako, ez al da auzolanean egiten den ekintza bat?», dio Imanol Olano Tolomendiko teknikariak. Auzolanaren ikuspegia zabaldu asmoz abiatuko dute proiektua, eta Tolosaldea eremu aproposa dela ikusi dute horretarako: «Bereziki herri txikietan zentratzea da gure asmoa, eta Tolosaldean udalerri gehienak landa eremuko herriak direnez, eremu egokia izan daitekeela ikusi dugu».

Herri txikien etorkizunean auzolana gakoetako bat izan daitekeela uste du Olanok, eta horregatik animatu nahi ditu udal ordezkariak eta eskualdeko elkarte eta gizarte eragileak proiektuan parte hartzera. «Izan daitezke baserritar elkarteak, edota guraso elkarteak, kultur eta kirol elkarteak, emakume taldeak edo jubilatu elkarteak ere».

Ostiral goizean Berastegin egingo den topaketan parte hartuko duten eragile eta ordezkari guztien artean adostu nahi dute datorren urtean praktikara eramango den auzolaneko jarduera. «Proiektuaren planteamendua gizarteratuko dugu ostiralean, baina, aldi berean, eragileen iritziak jaso nahi ditugu, guztion artean proiektua adosteko», esan du Tolomendiko teknikariak. «Datorren urtean esperimentatuko dugun proiektu hori, gainera, edozein eremutakoa izan daiteke: esaterako, euskara eremukoa, kulturakoa, zaintza ingurukoa, elikadura eremukoa, edota izan daiteke baserri bideak konpontzearena ere».

Auzolana herri barruan egiten den ekintzaz gain, herrien artean egiten dena ere izan daiteke. «Tolosaldeko herrietan, esaterako, elkarteak badaude, mugimendu sozialak ere badaude, baina agian, elkar ezagutzea, saretzea falta da; adosten dugun proiektuaren arabera zehaztuko dugu esperientzia pilotua herri batean egingo den, edota eskualdeko bi-hiru herriren artean izango den».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!