Lehen postuari eusten jarraitzen du Tolosaldea traineruak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko uzt. 13a, 10:59

Tolosaldea traineruko arraunlariak, igandean Lekeition irabazitako II.Uribarren Abaroa Bandera astintzen. ATARIA

Donostian eta Lekeition jokatu dira ETE Ligako asteburuko estropadak, eta bietan ere, lehen bi postuetan sailkatu dira liga irabazteko lehian dabiltzan Tolosaldea eta Deustu.

Pasa den asteburuan, ETE Ligako bi estropada berri jokatu dira, Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldeko uretan. Larunbatean izan zen lehena, Donostian; bigarrena, berriz, igandean, Lekeition. Bietan ere, lehen bi postuetan sailkatu da liga irabazteko lehian dabilen Tolosaldea trainerua. «Bi estropada oso ezberdin» izan direla aitortu du Itxaso Aranburu Tolosaldeako arraunlariak.

Donostiarra Promozio Banderaren lehen edizioaren txanda izan zen larunbatean. Denboraldiko gainerako estropadetan bezala, alde txikiak izan ziren faboritoen artean. Lehen ziabogan, 5:37ko denbora egin zuen Tolosaldeak; Deustuk, berriz, segundo bat gehiago behar izan zuen. «Lehen luzean oso gustura abiatu ginen, baina ziabogari heltzerako, abiadura galdu genuenaren sentsazioa genuen». Bigarren luzean, ordea, eskualdeko trainerua gainditu zuten bizkaitarrek, eta azkarrenak izan ziren helmugan. «Gure arraunketa galdu genuen, eta ez genuen talde bezala lan egin. Deustu ere maila handiko trainerua dela erakusten ari da, eta gu baino hobeto aritu ziren».

Igandean, beste estropada bat ikusi ahal izan zen Lekeitioko uretan. Kasu honetan ere, oso estu izan ziren gauzak ziabogan. Tolosaldea izan zen azkarrena lehen luzean, 5:22ko denborarekin. Oraingoan, gainera, bi segundoko aldea atera zion Deusturi. «Konbentzituta geunden, baina lan handia egin behar izan genuen gure arraunketa topatzeko, batez ere, lehen luzean».

Bigarren luzearen hasieran, ordea, bizkaitarren atzetik jarri zen Tolosaldea. «Oso gertu geunden, eta une batean, bi traineruen artean jarri zen epailea. Ez ginen ohartu ahotsez agindurik eman ziguten ala ez. Gure asmoa Deusturi gainditu eta gure lana egiten jarraitzea zen. Nahi genuen tokitik gindoazen, baina halako batean, bandera erakutsi zuten epaileek, eta zer esan nahi zuen jakin gabe, berehala norabidea aldatzea erabaki genuen, badaezpada».

Epaileen aginduaren ondorioz hartutako erabaki horrek «kalte» egin ziela azaldu du Aranburuk: «Deustu geroz eta gertuago genuen. Olatuek nabarmen laguntzen zieten beraiei, eta guk lan handia egin behar genuen abiadura berdina mantentzeko. Hala ere, helmugara arte erritmoa igotzeko gaitasuna izan genuen».

Zumaian jokatuko da hurrengo estropada, Zumaiako IV. Ikurrina, ligako zortzigarrena. Larunbatean izango da, 18:00etan. «Itsasoan izango da, eta arraunean gustura aritzera uretaratuko gara, gure lanaren parte den arraunketa ahalik eta azkarren topatzera. Estropada bakoitzeko sentsazioak ezberdinak izaten dira, eta ea gai garen sentsazio onak hainbat paladatan mantentzeko», esan du Aranburuk.

Zumaiakoarekin batera, zortzi estropada geratzen dira liga amaitzeko, eta Tolosaldeak bost puntuko abantailarekin jarraitzen du sailkapeneko lehen postuan, 75 punturekin. Deustu taldea du atzetik, 70 punturekin, eta Hibaika da hirugarren, 62rekin. Hortaz, eta denboraldi osoko emaitzak ikusita, badirudi lehen bien arteko lehia estua izango dugula azken estropadara bitarte. «Gu behintzat alde hori mantentzen edo handitzen saiatuko gara datozen estropadetan», gaineratu du Aranburuk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!