Larunbatean hasiko dute TAK klubeko Tolosaldea traineruko kideek ETE liga. Iaz bezala, hasiera berezia izango da, etxeko bandera izango baitute jokoan Pasaiako badian: Tolosaldeko II. Bandera. Igandean, bigarren jardunaldia izango dute, Getarian. Iaz sekulako liga egin zuten Tolosaldea trainerukoek, hamabi banderetatik bederatzi lortuta. Aurten, iaz bezala, etxeko bandera irabaziz hasi nahi dute. Tolosaldea traineruko arraunlariek gogo handia dute liga hasteko. «Negua luze egiten da eta udarako desiratzen gaude. Etxeko estropadarekin hasita, are eta gogo handiagoarekin», esan du Malen Oiarzabal arraunlariak. Tolosaldeko I. Bandera iaz ehuneko batzuengatik lortu zuten. «Ondo hasi nahi dugu liga eta ea etxeko bandera lortzen dugun».
Pasa den asteburuan Gipuzkoako Txapelketa izan dute jokoan eta hirugarren egitea lortu zuten, Arraun Lagunak eta Orioren atzetik. Donostian izan zuten estropada, eta aho zapore onarekin itzuli zirela esan du Oiarzabalek: «Brontzezko domina lortu genuen, eta oso pozik geratu ginen onenen artean sartuta». ETE ligako traineruen artean lehenengoak izan ziren, eta Euskotren Ligako bi traineruren aurretik geratu ziren. «Muturra sartu dugu Euskotren Ligako traineruen artean, eta horretan aritzeko gogoz gaude. Beti ere, jakinda non gauden eta zein den gure bidea, baina, beti gora begira».
ETE Ligan iaz lortutakoa errepikatzea «oso zaila» dela dio Tolosaldeako arraunlariak: «Gure bertsio onena ematera joango gara eta erortzen diren banderak eroriko dira eta besteak ez, baina beti Tolosaldea on bat erakustera joango gara; ea non dagoen gure maila». Aurten hamalau estropada izango dituzte eta liga luzea izango dela azaldu du Oiarzabalek, baina gogoa dutela dagoeneko traineru guztiak ilaran jarri eta ikusteko bakoitza non dagoen, zer maila dagoen aurtengoan. «Azkenean, denboraldi-aurreko estropada hauetan ez dakigu bakoitzak zer ontzi ateratzen duen, bakoitza zer prestaketarekin datorren edo zer helbururekin. Liga hasten denean karta guztiak mahai gainean jartzen dira eta ikusiko dugu Tolosaldea non dagoen eta noraino iritsi ahal dugun».
Asteburu betea izango da, larunbat arratsaldeko estropadaren ondoren, igandean Getarian izango dutelako bigarren jardunaldia, goizez. Bi arraun eremu ezberdinak izango dituzte. Larunbatekoa oso ondo ezagutzen dute Tolosaldea trainerukoek, entrenatzen duten Pasaiako badian izango baita. Izan ere, aurten berriro San Pedro klubaren azpiegitura erabiltzena ari da eskualdeko kluba. Igandekoa, itsasoan izango da.
Lehen asteburua, beraz, traineru bakoitzaren maila non dagoen ikusteko oso baliagarria izango da. «Irabazi nahi duen taldeak eremu guztietan mantendu beharko du goi mailan, eta asteburu osoa izango da balorazio guztiak egiteko». Aurreko denboraldietan itsasoan izaten diren estropadetan maila zertxobait jaitsi egin izan dute. «Itsasoan egiten ari garen lanarekin pozik goaz, eta uste dut maila ona emango dugula», esan du Oiarzabalek.
Aurreko denboraldian liga nagusitasunez irabazi ondoren, aurtengoan ere helburu horrekin aterako dira. «Estropadaz estropada guztien bila joatea da asmoa, eta ikusiko dugu. Behintzat dena emango dugu eta ligaren bila joango gara», azaldu du Oiarzabalek. Igoera fasean egoteko lehen bi postuetan bukatu behar da liga, eta horretarako borrokatuko dute Tolosaldea trainerukoek. Guztira, igoera fasean bost traineru lehiatuko dira: ETE ligako lehen biak, Euskotren Ligan azken postuan geratzen dena, eta Galiziako bi traineru onenak. Denboraldiko beste hitzordu garrantzitsua Kontxako Bandera da. Iaz ohorezko txandan sartu zen Tolosaldea, eta oroitzapen politak ditu Oiarzabalek: «Ohorezko txandan sartzea guretzako itzela izan zen. Ea aurten ere gerra pixka bat emateko gai garen».
BIZKAR HEZURRARI EUTSIZ
Taldean hainbat aldaketa izan dira, baina bizkar hezur bera mantentzen da. Myriam Aizpurua eta Janire Izagirre bueltatu egin dira taldera, eta Enara Villena Hernanitik eta Itziar Rezola Hondarribia trainerutik etorri dira. Bestalde, Eider Zubeldia, Izaskun Sarasola eta Laiene Izagirrek taldea utzi egin dute. «Aldaketa txiki batzuk daude, baina esentzia mantendu egiten da», esan du Oiarzabalek. «Jarraipen urte bat izan da, bai entrenatzailearen aldetik eta baita arraunlarien aldetik ere, eta bide berdinetik goaz».
Patxi Frances entrenatzailearen hirugarren urtea da klubean, eta horrek bere garrantzia du. «Trainerua uretara bota genuenetik bagenekien oso talde gaztea, etorkizuneko taldea ginela», esan du Oiarzabalek. «Bagenekien norabait iritsi nahi bagenu, bai ala bai urtez urte bizkar hezur hori mantentzen joan behar genuela». Hori lortzen ari direla eta horregatik oso pozik daudela gaineratu du arraunlariak: «Taldea gero eta helduagoa da, talde bezala gero eta gehiago gara, eta Patxi bezalako entrenatzaile batek hirugarren urtea gurekin egitea garrantzitsua da».
Pasa den urteko denboraldia arraroa izan zen prestaketaren aldetik, konfinamenduarengatik erditik moztu baitzen. Aurtengoan «betiko modura itzultzeko bide bat» izan dela esan du Oiarzabalek. «Negu guztia uretan egin dugu, eta horregatik pozik gaude, baina ez da guztiz itzuli normaltasuna. Bat konfinatzen zen, gero bestea, eta neurri guztiak hartzen ditugu baina horrela da egoera. Zainduz eta neurriak hartuz jarraituko dugu».
Oraingoz egin diren denboraldi-aurreko estropadetan ikuslegoa puntu bateraino iritsi ahal izan da. Traineruen eremuan arraunlariak bakarrik izan dira. Ikusi beharko da udan zehar murrizketa horiek arintzen diren.
TOLOSALDEA TRAINERUA
Itsaso Aizpurua. Zizurkil.
Itxaso Aranburu. Tolosa.
Naroa Becerril. Tolosa.
Ane Zelaia. Belauntza.
Ane Egues. Elduain.
Myriam Aizpurua. Irura.
Irati Hernandez. Tolosa.
Janire Izagirre. Tolosa.
Naroa Leonet. Tolosa.
Irati Lizeaga. Tolosa.
Malen Oiarzabal. Tolosa.
Arene Portularrume. Aia.
Eider Barba. Hernani.
Estibaliz Segurola. Tolosa.
Aiora Sorozabal. Orexa.
Maddi Urdapilleta. Villabona.
Uxune Urkia. Idiazabal.
Mireia Vicente. Anoeta.
Enara Villena. Hernani.
Andrea Zumeta. Tolosa.
Uxue Zuriarrain. Amezketa.
Itziar Rezola. Oiartzun.
Patxi Frances. Entrenatzailea.
Miguel Fresneda. Entrenatzaile laguntzailea.
ETE LIGAKO EGUTEGIA
Ekainak 19. Tolosaldeko II. Bandera. Pasai San Pedro.
Ekainak 20. Andoni Galarragaren oroimen estropada. Getaria.
Ekainak 27. VIII. Pasaiako Bandera. Pasai Donibane.
Uztailak 3. IV. Donibane Lohizuneko estropada. Donibane Lohizune.
Uztailak 4. Sestaoko Udalaren III. Bandera. Portugalete.
Uztailak 10. Donostiarra. Donostia.
Uztailak 11. Isuntza. Lekeitio.
Uztailak 17. Zumaia. Zumaia.
Abuztuak 1. III. Errenteria Hiria Emakumeen Traineru Elkarte Bandera. Orereta.
Abuztuak 7. XXXVII. Ondarroako Bandera. Ondarroa.
Abuztuak 14. Zarautz Arraun Elkartearen Emakumeen I. Bandera. Zarautz.
Abuztuak 15. ETE-Ciudad Castro Urdiales. Castro Urdiales.
Abuztuak 22. I. Ane Aizpuru Basterretxea Oroimenezkoa. Bilbo.
Abuztuak 28. XXXIV. Erandioko Bandera. Erandio.