ELKARRIZKETA

«Elkar zainduz gozatzeko sortu dugu taldea»

Jon Miranda Labaien 2021ko eka. 12a, 07:59
Irune Alfonso Izagirre eta June Gurrutxaga Navas, Aiztondoko Neska Gazteak taldearen sustatzaileak, Villabonako Onddo plazan. J.M.

Aiztondoko neska gazte eta feministak bilduko dituen taldea sortzeko ilusio eta gogoa dute Irune Alfonso Izagirrek (Amasa-Villabona, 1997) eta June Gurrutxaga Navasek (Zizurkil, 1999). Aurretik pilatu duten esperientzia gainerako feministekin partekatu nahi dute.

Aiztondoko feminista gazteak bilduko dituen taldea osatzeko urratsak ematen ari dira. Lehen hartu-emana egiteko asanblada ireki baterako deia luzatu diete neska gazteei, ekainaren 17an, 19:00etan, Villabonako gaztetxean.

Zein ibilbide egin duzue orain arte mugimendu feministan? 

June Gurrutxaga: Villabonan bere garaian bazegoen Irmo izeneko talde feminista, Zizurkilen Aizan taldea zebilen, Onddo gazte asanbladaren inguruan ere lanketa handia egin da eta gu beti ibili gara hor inguruan.

Irune Alfonso: Lurgatzen hasierako momentutan ere hartu genuen parte. Hala ere, azkeneko urteetan, nahiz eta talde egituraturik egon ez, Aiztondoko neska gazteok jarraitu dugu elkarrekin feminismoaren inguruan militatzen. Urte hasieran, berriro ere talde bezala antolatu ginenean ikusi genuen bagenuela gogoa eta indarra lanerako.

Zergatik erabaki duzue talde berri bat sortzea? 

J. G.: Barrura begira berrantolatzeko prozesuan gaude orain. Birsortze bat etorriko da aurki eta izen berria izango du taldeak. Aurtengo Martxoaren 8an egin zen manifestazioaren antolakuntza guk hartu genuen eta momentu horretan nolabait sinatu behar eta Aiztondoko Neska Gazteak bezala sinatu genituen pankartak. Aurtengo urtarrila-otsaila aldera hasi ginen antolatzen.

I. A.: Orain arte, batez ere, Villabona eta Zizurkilgo neskak ibili izan gara, baina urte hasieran bailarako beste hainbat ere gerturatu zitzaizkigun. Aiztondoko taldea izatea da gure bokazioa.

Nola funtzionatuko du neska gazteen taldeak?

I. A.: Ekainaren 17an egingo dugu lehenengo asanblada irekia lanketa abiatzeko. Gure asmoa da, bi astez behin biltzea eta biltzeko tokia aldatzen joatea. Malgutasunarekin jokatu nahi dugu, elkar zainduz ondo pasatzeko gune bat izatea nahi dugu, ikasteko, desikasteko eta elkarri babesa emateko.

J. G.: Borrokatzeko eta ondo pasatzeko talde bat, azken batean. Beharra ikusten genuen taldea sortzeko, azkenaldian pandemiak elkarguneak mugatu baititu. Pentsatzen dugu sortu behar ditugula horrelako eremuak. Zaintza kolektiboaren kontzeptua oso garrantzitsutzat jotzen dugu. Gure artean zaintzen ez bagara, ez gaitu inork zainduko. Eta elkar zainduta ez bagaude ezin dugu ez borrokan ez beste ezertan jarraitu.

Zein harreman duzue Lurgatzekin?

J. G.: Gauza deigarria da Amasa-Villabonako talde feministan emakume heldu gehiago biltzea gazteak baino. Lurgatzen hasieran adin guztietakoak hartu genuen parte, baina gero pixkanaka aldentzen joan ginen. Pentsatzen dut gauza naturala ere badela hori. Errazago jotzen dugu gure adinkideengana, haiekin borrokatzeko moldeak konpartitzen ditugulako. Dena den, Lurgatzekin, eta bailarako eta eskualdeko gainerako feministekin ere prest gaude elkarlanean aritzeko. 

I. A.: Konplizitate horiek lortzea, aliantzak jostea eta gure borrokak saretzea da helburua eta iruditzen zaigu talde bezala eratzeak aukera gehiago emango digula neska gazteoi. Baina, noski, gainerako feministekin etengabe harremanetan egonda.

J. G.: Ez zait iruditzen errelebo kontua denik, borroka feministak gu guztion beharra baitu. Ikusgaitasunean aurrerapausoak eman behar ditugu; feminista gazteok aurpegia emango dugu baina baita adin batetik aurrerakoek ere. Oso gauza polita da emakume helduak borrokan ikustea. Horrelako ereduak ez dira askotan erakusten eta ispilu hori ere behar dugu gazteagook.

Orain arte erresistentziarik topatu al duzue bidean?

J. G.: Ez, bereziki. Baina, hala ere, zerbait ondo egiten ari garenaren seinale izango litzateke hori. Erresistentziarik ez, baina deseroso sumatu dugu zenbait jende.

I. A.: Zentzu horretan indartsu gaude. Erantzungo diegu aurre egiten digutenei, ez ditugu jarrera paternalistak onartuko. Matxistek elkar babesten dute eta kate hori eten egin beharra dago. Guk konplizeak nahi ditugu alboan, baina ez gure tokia okupatuz edo gure ahotsa ordezkatuz, heteropatriarkatua borrokatzeko baizik. Onddo gazte asanbladan, adibidez, izugarrizko lanketa egin da urte hauetan, neurri batean guk probokatuta. 

Nola animatuko zenituzkete neska gazteak?

I. A.: Bailarako neska gazteak parte hartzera animatu nahi ditugu. Sortu nahi dugu eremu bat borrokatzeko, gure eskubideak aldarrikatzeko, erasoen aurrean erantzun bat emateko, baina batez ere, izan dadila espazio eroso bat gozatu eta gure arteko zaintza harreman bat sortzeko. Espazio seguru bat. Eta egon daitezela lasai, taldean parte hartzeak ez die ikaragarrizko zama suposatuko, norberak ikusiko du zein konpromiso hartu.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!