ERREPORTAJEA

Saretzea ez da Lurgatzekin hasi eta amaitu

Jon Miranda Labaien 2021ko eka. 12a, 07:58
Lurgatz talde feministako kideak, Errota kalean duten Txoko Morearen atarian. J.M.

Bultzada feminista handiko urtean eman zituen lehen urratsak Amasa-Villabonako Lurgatz talde feministak eta maiatzaren 20an hiru urte bete ditu. Pandemiak, neurri batean, mantsotu egin du taldearen dinamika eta ezin izan diote Errota kalean duten Txoko Moreari nahi bezainbeste etekinik atera. Dena den, euren jardunak ez du etenik izan hilabeteotan.

Zabaltzen doan sare bat bezala irudikatzen dute mugimendua Lurgatz taldean biltzen diren feministek. Bultzada handiko urtean osatu zuten Amasa-Villabonako talde feminista, 2018an, eta ordutik adin eta jatorri ezberdinetako emakumeekin ehundu dituzte aliantzak. «Izugarria izan da hiru urteotan egin den saretze lana. Lurgatzen sorrera bera da lanketa horren emaitza, baina gerora ikusi dugu nola emakumeak antolatzen eta elkartzen joan garen Aiztondoko Mugimendu Feministan edota Tolosaldekoan», esan du Amagoia Eskudero, Lurgatz talde feministako kideak.

Beste hainbat mugimenduetan bezala pandemiak harremanak «zaildu» egin dituela nabarmendu du Pauli Olanok: «Murriztu egin zaizkigu biltzeko aukerak eta ia ezin izan dugu Txoko Morea erabili. Dena den, Lurgatz talde feminista ez da inongo momentutan gelditu. Astero telematikoki biltzen segitu dugu eta jarduera batzuk atera ditugu aurrera».

Ekitaldi horien artean daude antolatu dituzten bi mahai inguruak: urrian, Emakumea*, espetxea, zaintza izenburupean egindakoa eta martxoan, Espetxeak apurtu! Eta bortxatzaileak... gaiaren inguruan ardaztutakoa. Eskuderoren hitzetan, antipunitibismoaren inguruan formazioa jasotzeko aukera izan zuten saio horietan. Bat dator talde feministako Susana Carretero ere: «Feministoi ez zaigu kartzela sistema gustatzen, baina gero ez dakigu zer egin erasotzaileekin». Emakumeak kartzelaren testuinguruan ikusezin bihurtzen direla azpimarratu dute Lurgatzeko kideek eta gai hau jorratzeko premia sentitu dutela azpimarratu du Eskuderok, ikuspegi ezberdinetatik espetxea ezagutzen duen kide bat dutelako taldean bertan: «Hemen aldamenean horrelako testigantza bat eman dezakeen pertsona bat daukagula konturatu ginen eta ia ez genuela bere errealitatea ezagutzen».

Erronkak esku artean

Mugimendu feministak zaintzaren gaia jarri du aspaldi honetan erdigunean eta kontu hori espetxearekin lotuta landu nahi izan dute Lurgatzen. Hala ere, Euskal Herri osoko feministekin elkarlanean, lanketa egiten jarraitzeko asmoa dute Villabonatik, «zaintza krisi honi antolakuntza feministarekin erantzuteko».

Jatorri ezberdinetako emakumeak biltzea ere bada mugimendu feministaren beste erronketako bat eta Nekane Zubizarreta kideak aipatu duenez, Lurgatzen ere egin dituzte saiakerak migratutako feministak saretzeko. «Antolatu ditugu ekitaldi batzuk euren kulturara gerturatzeko eta jan-edanaren inguruko festa modukoak egin izan ditugu. Baina hor bukatzen da harremana, ez du segidarik izaten. Ez da erraza asmatzen», esan du Zubizarretak. Talde feministako kideek uste dute migratutako emakumeek, gehienetan, premiazko beharrei aurre egiteko nahikoa lan izaten dutela eta behar horiek ezagutzeko urratsa eman nahi dutela aurrerantzean. Zubizarreta: «Jakin dezatela hemen gaudela, Txoko Morearen ateak zabalik dituztela. Egia esan ezagutzen gaituzte eta zerbait puntuala gertatzen denean badakite zeinekin jarri harremanetan. Ez da gutxi».

Aniztasuna kudeatzea ez da behin ere erraza izan baina horrek pizten dio gogoa Arantxa Sorondo Lurgatzeko kideari: «Teorizatzen dugu diferentziarekin, aniztasunarekin, baina hori gero praktikan jarri beharra dago. Diferente ikusten eta sentitzen ikasi behar dugu guk ere. Begirada zabaltzea da kontua. Norberak bide propioak bilatu eta bakoitzaren erritmoa errespetatu, jatorriari bezala adinari erreparatuta. Niretzat, adibidez, oso garrantzitsua izan da Lurgatzen hiru belaunalditako emakumeak biltzea. Poza ematen dit aniztasun horrek eta gainera, potentziatu egin beharra dagoela iruditzen zait».

Lurgatzen sorreran emakume gazteek parte hartu bazuten ere, taldearen dinamikatik pixkanaka urruntzen joan dira eta beren dinamika propioa sortu. Eskudero: «Nola aktibatu emakume gazteagoak? Askotan aritu gara horretaz hizketan eta konturatu gara ardura guztia ez dela gurea. Herriko neska gazteei galdetu genien ea hartuko ote zuten aurtengo Martxoaren 8a antolatzeko iniziatiba eta indar askorekin ekin diote. Data hori ikusten dut nik Aiztondoko Neska Gazteak taldearen sorrera bezala. Ikusi dugu elkar hartu dutenean eta beraien zirkulua sortu dutenean indartu egin direla. Eta guk ikasi dugu, albo batean egoten eta egiten dutena txalotzen».

«Etengabeko ikaskuntza prozesu bat», horixe da Lurgatz taldeko kideentzat feminismoa; edo zehaztu dutenez, «etengabeko desikaste prozesu bat». Amasa-Villabonako feministak gogor zapaltzen dituen heteropatriarkatuari aurre egiteko gogoz daude, eta gainera badakite nola egin: sareak ehunduz.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!