Webgune berria estreinatzen du gaur, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak

Ataria 2021ko eka. 8a, 10:22

1972an Usurbilen lehen aldiz trikitilariak elkartu eta hazia erein zutenetik mende erdia betetzear dagoen honetan, EHTEk 2022ari begirako berrikuntzak aurkeztu ditu. Webgunea eguneratu du eta logo berria du ere, era berean, Ataria Irratiarekin elkarlanean egindako Hauspo Artean irratsaioan atal berriak sortuz jarraitzen du.

Marka eta webgune berria ditu Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak. "Webgune berri honen etorkizuneko proiektua da trikitixaren wikipedia bere barnean hartzea, trikitixarekin zerikusia duen dokumentazioaren bilgunea, alegia. Gainera, trikitixa gazteei gehiago hurbiltzeko helburuarekin egitasmo ezberdinak jarri ditugu martxan: sare sozialetan saio berria, trikitixa udalekuak eta abar... Ez dugu ahaztu behar trikitixa ikasten ari den gazte ugari dagoela, 3000 ikasle hain zuzen", azaldu dute elkarteko kideek. 

Irudi berriari buruz esan dute Iker Torres Rekondo diseinatzaileak egin duela eta EHTEren ibilbide berria irudikatu nahi duela. Trikitixak barnebiltzen dituen soinu-txiki eta panderoa elkarrekin uztartuz, mugimendua eta dinamismoa eman dio egileak,"nondik gatozen ahaztu gabe, nora goazen etengabe eguneratuz".

Webgunea itxuraldatu dute ere. Iametza Interaktiboak egin du lan hori eta webgune erraz eta intuitiboagoa egin dutela azaldu du elkarteak. Atal berriak erantsi dizkiote eta gaur egungo euskarrietarako prestatua dagoela gaineratu du. Orain arte trikitixaren entziklopedia izan den Trikimailua edo Soinuaren Hotsa atalak Trikipedia bihurtuko dituzte gainera, eguneratzen eta etengabe elikatzen joango baitira.

Gazteek eta gazteentzat sorturik elkartearen sare sozialetan saio berri bat argitaratuko dutela iragarri dute ere. Sei bideo ezberdin izango dira eta trikitixaren protagonista ezinbestekoak izango dira gonbidatuak.

Ekimen ugari

Berrikuntzekin batera, elkarteak gogoratu du gaur egun 3.000 ikasle inguru daudela Euskal Herrian zehar banatutako ehunka eskolatan eta horietatik bi heren emakumezkoak direla. "Errealitate horri erantzunez, lanean jarraitzen du EHTEk", esan du. Eskolekin batera Asteasun ekainaren bukaeran egingo duten Gazteen Trikitixa Topaketa eta Gaztetxoen Trikitixa Udalekua ekarri ditu gogora. Eta ezin ahaztu Ataria Irratiarekin elkarlanean Maixa Lizarribar Saizarrek eta Manex Torrealdai Gorritik egiten duten Hauspo Artean irratsaioa. Komiki liburu bat ere badute eskuartean, Sasi artean Elgeta izenekoa. Dani Fano Ardanazek ilustratu du eta Koldo Izagirre Urreagak egin du gidoia.  Hiru urteko lanaren ondorio dela esan dute eta Ikastolen Elkartearekin elkarlanean argitaratuko dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!