Bihar ekingo dio 'Hauspo Artean' saioaren ibilbide berriak

Ataria 2021eko otsailaren 26a

Maixa Lizarribarrek eta Manex Torrealdaik gidatuko dute trikitiari buruzko saioa denboraldi berrian. Lehen gonbidatua Itsaso Elizagoien etxalartarra izango da.

Trikiti doinuak izan ohi dira nagusi Ataria Irratian larunbat goizetan. Eta horrekin batera, azken urteetan trikitian gehiago sakontzeko, trikitiaren historia ezagutzeko, berritasunak entzuteko edota trikitilariei ahotsa emateko trikitiari buruzko Hauspo Artean saioa ere izan dugu. Bada, bihar ekingo dio saioaren ibilbide berriak. Izan ere, Ander Malbadik eta Eneritz Aulestiak gidatu dute saioa azken urteetan, eta denboraldi berrian, Maixa Lizarribarrek eta Manex Torrealdaik hartuko dute saioaren gidaritza.

Bihar, 12:00etan izango da saioa Ataria irratian entzungai, eta ondoren, webgunean izango da, noiznahi entzuteko aukera izango delarik. Lizarribarrek eta Torrealdaik azaldu dutenez, gonbidatuko dituzten trikitilariei gertuko galderak «guztiok jakin nahi ditugunak» egingo dizkiete. Bada, saioaren lehen gonbidatua Itsaso Elizagoien etxalartarra izango da. Bere bizipenez, gaur egungo egoeraz edota  etorkizunaz ariko dira solasean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!