Tolosaldeko ospitale publikoa

Udal gobernuaren jokabidea salatu du Tolosako EH Bilduk

Ataria 2021eko ekainaren 2a

Eskualderako ospitale publiko berriaren kokalekuari dagokionez, «berriro ere Tolosako alkateak aldebakartasunez jokatu duela» adierazi du oposizioko alderdiak.

Bestalde, Tolosako Udalean oposizioan dagoen EH Bildu alderdiko ordezkariek, udal gobernuak izandako jarrera salatu dute, gai honen inguruan «berriro ere aldebakartasunez jokatu duela» adieraziz. «Azken osoko bilkuran, alkateak muzin egin zion Tolosaldeko Alkateen Mugimendura batzeko deiari, eta tolosarron ordezkari bezala, Alkateen Foroak deitutako bilerara ez zela bertaratuko gaineratu zuen, gezurrez eta deskalifikazioz beteriko hitzartze batean».

Informazio hori eskualdeko gainerako udal ordezkariekin partekatzeko, Alkateen Foroa «leku aproposa» zela nabarmendu dute EH Bildutik, kokapenaren inguruan eztabaidatu eta erabakiak adostasunez onartzeko. «Ez da onargarria eskualdeko osasun sistema eta azpiegituren inguruan lanean horrenbeste urtetan aritu diren talde politiko, eragile, herritar zein gainerako udalek, Tolosako udal gobernuaren erabakiaren berri prentsaren bidez jasotzea». Osoko bilkuran, ordea, Tolosako alkateak adierazi zuenez, «prentsaren bitartez soilik» izan du Tolosaldeko Alkateen Mahaiaren berri.

Bilkura berean, ondorengoa adierazi zuen Peonek: «Ospitalearen kokapenaren azterketa bukatzean, gardentasunez jokatuko dugu herritar, alderdi politiko eta eragile guztiekin, urrats guztien berri emanez, eta alde guztiekin partekatu ondoren iragarriko da erabakia». Horren aurrean, «bere hitza jan duela» eta «albistea, alde guztiekin informazioa partekatu baino lehen eman duela» salatu dute oposiziotik. «Kokapenaren egokitasuna ezbaian jarri gabe, honek argi erakusten du, guk apirilean iragarri bezala, Osakidetzak jada erabakia zuela kokalekua».

Azterketaren kudeaketa moduak alde batera utzita, Tolosako EH Bildutik berriro deitu dute Olatz Peon alkatea, Tolosaldeko Alkateen Mugimenduan parte hartu dezan. «Bertan partekatu ditzala udal gobernuaren erabaki eta iritziak, Tolosaldeko Ospitalearen kokapena, osasun arreta zerbitzua eta Asuncion Klinikako langileen etorkizuna, eskualde mailako ordezkarien artean eta Osasun Sailarekin elkarlanean adosteko». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!