Galtzaundi 30 urte

Galtza handietan sartu zuten hanka

Igor Agirre / Josu Artutxa 2021ko mai. 26a, 11:59

30 urte betetzen dira gaur, Galtzaundi Euskara Taldeak sortutako euskarazko aldizkariaren 0 zenbakia argitaratu zela; geroztik, euskararen normalizazioaren aldeko urratsak eman ditu taldeak, eskualde mailan proiektua sendotuz.

Poz haundi bat hartu zun, Tolosako herriak, merkatu ziralako, ordun edariak. Honela dio Ramos Azkarate olerkari tolosarrak, Santos Aldasoro zapata-konpontzaile herrikideari idatzitako bertsoetako batek. Luzea eta mehea omen zen Aldasoro, eta galtzak behar baino laburragoak geratzen zitzaizkion. Handik zetorkion Galtzaundi ezizena. Edarien prezioek behera egin zutelako, herritarrak pozik zeudela zioen Azkaratek. Berak ez zekien, ordea, euskaraz idatzitako bertso horiek, halako oihartzuna izango zutenik. Izan ere, Inauterietako ereserkietako bat da Galtzaundi habanera.

Abenduaren 13an, berriz, 31 urte bete ziren, herritar euskaltzale talde batek, euskararen normalizazioan aurrera egiteko asmoz, Galtzaundi Euskara Taldea sortu zuela. 1990ean izan zen, Tolosako kultur etxeko aretoa bete-bete eginda zegoela. Bazkideek Axun Aierbe izendatu zuten elkarteko lehen lehendakari, eta Isitxo Larrañaga, Silvia Mateo, Joxe Antonio Goikoetxea, Martxelo Otamendi eta Kike Amonarriz ziren, besteak beste, elkarteko kideak.

Herri mugimendua lausotzen zihoala eta, herritar askok talde berri bat sortzeko interesa eta gogoa azaldu zutela esan du Mateok. «Guztia zen berria niretzat, euskaldun berria nintzelako, baina argi nuen ez zela zerotik hasi beharreko proiektu bat. Behar bat zegoen eta euskalgintzan eskarmentu eta esperientzia handia zuten herritarrak nituen inguruan, ibilbide jakin bat egindakoak», aitortu du Mateok. Halaber, berreuskalduntze talde hartako egitura bera mantentzeak «asko lagundu zuela», gaineratu du Saizarrek.

Urrats garrantzitsua izan zen euskalgintzari dagokionez. Elkartea eratzearekin nahikoa ez eta, hilabete gutxitara, aldizkari bat sortzea erabaki zuten. 1991ko maiatzaren 26an argitaratu zuten 0 zenbakia, Galtzaundi izenarekin. «80ko hamarkadan bazen berreuskalduntze talde bat, Lizardi elkartean, eta Kontxo izeneko aldizkaria kaleratzen zuten bertako kideek, baina hura berehala desagertu zen. Arrasate Euskaldundu Dezagun elkartea eta Arrasate Press aldizkaria ziren herri aldizkari bat sortzeko gure ereduak», azaldu du Joxemi Saizarrek. «Elkartea ez zen aldizkariagatik bakarrik sortu, baina lehen urteetan, aldizkaria izan zen elkartearen tresna nagusia. Arrasatearren anparoan sortu ginen, eta gu bezala, beste hainbat etorri ziren atzetik», gehitu du.

KASETAK ETA IDAZMAKINAK

Euskara eta euskal kultura bultzatu asmoz sortu zuten aldizkaria. «Euskara zen motorra. Gure hizkuntza babestu nahi genuen, argi eta garbi; ez genuen kazetari izan nahi», nabarmendu du Saizarrek. «Zerbait landua egin nahi zen, euskararekin identifikatuko zena, gizartearengana herri bezala heltzeko. Bakoitzak zuen jakinduriari tiraka ekin genion aldizkariaren proiektuari. Orduan ia ez zegoen euskarazko prentsa idatzirik, eta jarraikortasun bat izango zuen produktu bat egin nahi zen, erakargarria», gehitu du Mateok. Bera zen maketatzailea. «Gustuko nuen marraztea, baina ez nuen erreferentziarik. Ez nekien zer zen maketatzea. Ausarta nintzen eta gauza ugari inkontzienteki egiten nituen. Gogoan dut ere bilerak egiteko nire etxean elkartzen ginela», esan du.

Joxemi Saizar, Galtzaundiko kazetaria.

«Euskara zen motorra. Hizkuntza babestu nahi genuen, argi eta garbi; ez genuen kazetari izan nahi»

Saizar, berriz, kazetaria zen. 1986an hasi zen Zeruko Argia egunkarian kolaborazio lanak egiten. «Galtzaundi-rako, beraz, banuen esperientzia. Idaztea ez zen berria niretzat; herri aldizkari bat osatzea zen erronka nagusia». Horretarako, baina, atenporalak izango ziren gaiak zehaztea izaten zen erredakzioko buruhauste nagusia. Oro har, bakoitzaren lanak oso markatuta zeudela esan du. «Batetik kazetariak geunden, bestetik, berriz, argazkilariak. Orduan ez zegoen kamera profesionalik, eta beraz, profesionalak behar ziren irudiak lortzeko. Oraingo ikuspegiarekin alderatuta, sekulako lanak hartzen zituzten, askotan denda utzi beharra ere izaten zutelako, eta gainera, ez zuten pezeta bakar bat ere jasotzen».

Elkarrizketak egiterakoan, zerotik hasi zela aitortu du Mateok. Saizarrekin batera joan zen behin Ordiziako Gazta Lehiaketako irabazle bat elkarrizketatzera. «Ikustera eta ikastera joan nintzen. Gero, idazmakinarekin idatzi nuen nire lehen elkarrizketa, kaseta martxan jarri eta entzuten nuen bitartean», oroitu du. Idazkeraren kontuarekin, anekdota bitxia gogoratzen du Saizarrek. «Lordi Saralegi ibartarrak gurean idatzi zuen bere lehen artikulua. Oraindik alfabetatu gabe zegoen eta gipuzkeraz idatzi zuen, ahoz esaten den bezala: ikusi deu, jun gea... Euskara batuan idazten genuela eta hori argitaratzea ezinezkoa zela esan nion».

Idatzitako testuak guztien artean zuzentzen bazituzten ere, zeregin horretan «langile fin eta zorrotz» bat zutela esan dute biek. «Martxeli Sagastume zen. Hark Argia-ri ere ateratzen zizkion akatsak». Behin aldizkaria maketatzen zutenean, Lasarteko paper fabrika batetara eramaten zuten. «Horrelako lanetan sekula aritu gabekoak ginen. Paperean eramaten genuen dena, eta inprimatu aurretik, berriro idazten genuen, baita berriro maketatu ere». Lehen zenbakien kasuan, 5.000 ale inguru banatu zituzten, udaletxeetan, dendetan, ostatuetan eta tabernetan. «Herri guztietan banatzea zen helburua, baina inondik inora ere, ez ziren 5.000 harpidedun».

HERRITARRENTZAT EREDU

Aurrena, hilabetekaria izan zen Galtzaundi; gerora, hamabostean behin argitaratzen zuten. «Erreferente bilakatu zen, eta herritarrek irakurtzeko gogoa izaten zuten; harrera bikaina izan zuen», nabarmendu du Mateok. «Irakurtzeko ohitura handirik ez zutenak ere irakurle bilakatu genituen eta elkarteren batetik ere hurbildu zitzaizkigun, aldizkarian euren lekua nahi zutela eta, ondorengoa esanaz: 'Alkateak dio, aldizkari horretan azaltzen ez bagara, ez garela ezer'», gogoan du Saizarrek.

Ordura arte, Diario Vasco zen Galtzaundi-ren konpetentzia bakarra eskualdean. Gaztelaniazko egunkariak «arrakasta handia» zuela esan du Saizarrek. «'Eskelengatik eta kronikagatik soilik erosten dut' esaten zuten herritar askok. Beraz, bazuen bere indarra, noski».

Silvia Mateo, Galtzaundiko maketatzailea.

«Euskaldunak izanik, kuadrillan gaztelaniaz egiten genuen; beraz, Galtzaundi arnasgune bat izan zen niretzat»

Izenaren jatorriari buruz galdetuta, Udaberri Dantza Taldera jotzen du Saizarrek. «Herriko plaza eta kale banarentzako izenak jartzeko proposamenak egitea eskatu zuen udalak, eta kaleari Galtzaundi izena jartzea proposatu zuten Udaberrin, horrela, Tolosak hirigintzan ere inauteri ukitua izan zezan. Gero, ideia ukatu zutenean, nik eraman nuen proposamena Galtzaundira. Izen sinple eta erakargarria nahi genuen; Kikek (Amonarrizek), adibidez, A por ellos Euskara Taldea proposatu zuen, txantxetan noski», adierazi du.

Euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzeaz harago, gizartean euskara indartzea zen aldizkariaren helburu nagusietako bat. «Euskara modu positiboan eta erakargarrian lantzen genuen, eta beraz, herritarrak kontzientziatzea ere bilatzen genuen. Nire kuadrillan, adibidez, euskaldunak gara, baina garai hartan gaztelaniaz egiten genuen. Hortaz, Galtzaundi arnasgune bat izan zen niretzat. Halaber, euskaraz inoiz egin gabeko norbaitek bere burua aldizkarian ikusteak harrotasun puntu bat eragiten zuen», esan du Mateok. Eskolan gaztelaniaz ikastearen ondorioz, harreman gehienak gaztelaniazkoak izaten zirela nabarmendu du Saizarrek. «Kikerekin (Amonarriz) gaztelaniaz aritzen nintzen jo eta su, eta euskaraz idazteak ikaragarri lagundu zuen gure hizkuntzaren normalizazio prozesuan».

Adin eta izaera guztietako norbanako, talde nahiz eragileengana ere heldu nahi zuten hasieratik. «Askori, gainera, publikoan lehen aldiz ateratzeko aukera eman zien Galtzaundik», adierazi du Saizarrek. «Pertsonaia ezagunei baino, ezezagunei tokia egiteko aldizkaria zen», gaineratu du Mateok. Hori dela eta, hedabide guztietan bezala, era guztietako herritarrak igaro ziren bertatik. Kazetariak, ederki asko gogoratzen du Joseba Salvadorrek Anakleto ijitoa elkarrizketatu zuenekoa. «Hasi aurretik: 'Zenbat ordainduko didazue?', galdetu zion. Negozioa egin nahi zuen, bai ala bai».

ESKUALDE BATERATUA

Herritarrentzat eredu izateaz gain, eskualdea definitu zuen proiektua izan zela aitortu dute Saizarrek eta Mateok. «Mugak ez genituen hain garbi, eta beraz, kohesioa eman zion Tolosaldeari. Orain, asimilatuta dugu eskualdea zer den».

Hastapeneko urteetan, eskualdeko herri bakoitzean albiste zena, beste inon albiste ez zena eramaten zuten aldizkarira. Horretarako, baina, beharrezkoa zen ere herri guztiei toki eta proportzio bera ematea. «Kontu handia izaten genuen beti Tolosa bakarrik ez ateratzeko. Tolosari zentralitate bat ematen zitzaion, nahigabe, errazkeriaz, baina beste guztiak ere garrantzitsuak ziren», gogoratu du Mateok. «Herri txikientzat, batez ere, lehen erakusleihoa izan zen. Diario Vasco-rekin alderatuz, espazio handiagoa zuen eta euskalduna zen, euskaraz bizi zirenei eta euskaraz lan egiten zutenei eskainia», gaineratu du Saizarrek.

Gaur egun, hiru hamarkadetan denetik ikusi eta bizi ondoren, «eskualde bat irudikatzea» lortu dugula dio Garikoitz Goikoetxea Galtzaundi Euskara Taldeko kideak. «Tokiko hedabideak sortu eta hauek egindako lanari esker izan da. Badakigu 28 herri garela, azpieskualdetan banatzen direla, eta beraz, Galtzaundik hasitako bideari esker, erreferentziazko eskualdea izatea lortu dugu».

Garikoitz Goikoetxea, Berriako kazetaria.

«Galtzaundik hasitako bideari esker, Tolosaldea erreferentziazko eskualdea da orain»

Saizar eta Mateo ere bat datoz ideia horrekin. «Ondo egindako lanaren fruitua da», aipatu du lehenak. «Eskualdeko kontzeptua, gainera, eskoletan ere lantzen da. Haurrek ere badakite Tolosaldea zer den», gaineratu du maketatzaile ohiak.

EUSKALDUN BERRIEN BILA

Arestian aipatu moduan, herritar euskaldunei zuzendutako aldizkaria zen Galtzaundi. Orain ere, funtzio bera betetzen du TOLOSALDEKO ATARIAK. Baina, eta nola lortu daitezke bezero fidelak? Gazteek, adibidez, egunkaria irakurtzeko «nagikeria handia» erakusten dutela nabarmendu du Mateok. «Webgunera jotzen dute zuzenean, guztia eskura dutelako bertan. Horri jaramon eginda, kontsumoa igo egin da, baina ekarpen ekonomikoak berdina izaten jarraitzen du». Horri lotuta, Saizarrek esan du euskalduntzen ziren herritarrak zirela, berez, euren irakurle potentziala. «Hala ere, hori ez zen horrela izan, eta orain ere ez da horrela. Ez doaz proportzio berean, ezta pentsatu ere».

Gazteek ere euskarazko hedabideak kontsumitzen dituztela esan dute hirurek, «baina ez nahi adina». Euskararen erabilerarekin gertatu denaren antzeko zerbait gertatu dela azaldu du Goikoetxeak. «Ulertzekoa da euskaldunon ezaugarriak aldatu egin direla, eta horrek kontsumoan ere eragina izan duela. Guzti honen aurrean, hirurak bat datoz, eskualde mailako informazioa tratatzerako garaian, TOLOSALDEKO ATARIA erreferentziazko komunikabide bat dela esatean.

Gipuzkoan herri gehien biltzen dituen eskualdea da Tolosaldea: 28. «Tokiko komunikabide batean, oreka ugari izan behar dira kontuan: herrien oreka, oreka politikoak, genero oreka... eta aldi berean, ez duzu aktualitatearen haria galdu behar», nabarmendu du Goikoetxeak. «Oro har, pauso berriak eman dira, baina oraindik ere asko dago egiteko. Positiboa da irakurle gehiago izatea, baina horiei jakinarazi behar zaie eduki horiek sortzeak gastu garrantzitsua suposatzen duela. Eskualdeko euskaltzaleen nukleotik kanpo dauden herritarrengana heltzeak izan beharko luke erronka, irakurleak laguntzaile bilakatu behar dira». Euskalgintza «oso garrantzitsua» dela aipatu du Mateok. «Baina, horrekin soilik ez duzu gehiagorengana heltzea lortuko».

Oihana Iguaran bertsolariak, Zaldunita eguneko inauteri kontzertuan esan zuen bezala, «30 urteko ekarpen galanta» izan da Galtzaundi, «sormenez eta talentuz, ibilbide oparo bat egin duena», eta «txarangan bezala, euskalgintzan ekiten jakin duena». Bertso baten amaierak ederki deskribatzen du taldea bera: «Eskerrak galtza haunditan sartu zendun hanka / hala ere daukagu, galtzak bete lan ta».

Erlazionatuak

Azalean, ahaterik ez

Ataria 2021 mai 26 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!