Bada garaia presoak eta erbesteratuak etxera ekartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2021ko mai. 17a, 11:06

Hamar urte baino gehiago dira ETAk borroka armatua utzi zuela. Hori gertatu baino lehen ekintzak uztea eskatzen zitzaion erakundeari, horrela dena konpon zitekeela eta presoen egoera ere hobetu egingo zela aginduz. Baina ez zen horrelako ezer gertatu. 

Armak uztea ere oztopatu egin zuen gobernuak. Nahiago izan zuen auzia konpondu gabe gelditzea, betiko bakean eta bide demokratikoetan aurrera egitea baino. Herri xehea poztu egin zen bezalaxe Espainiako stablishment ofiziala (politikoak, botere judiziala, sistema poliziala, prentsa horia eta boteretsuei saldua)... denak aztoratuta jarri ziren eta izugarrizko errepresio bortitza ezarri zuten ezker abertzale osoaren aurka. Bakea erremediorik gabe bazetorrela zirudienean, bakearen gurdiari gurpiletan makilak eta enborrak jarri zizkioten, desiratutako egoera berri hori irits ez zedin. Ezker abertzaleko zuzendaritzako kideak (Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez) atxilotuak eta espetxeratuak izan ziren “Bateragune” kasuaren barruan. Haiekin batera beste hainbat kide ere atxilotu zituzten, bakearen estrategiak porrot egin zezan. Baina kuriosoena zera da, sei urteko kartzela zigorra eta hautatuak izateko eta kargu politikoetan aritu ahal izateko inhabilitazioa oso-osorik bete eta gero Epaitegi Gorenak baliogabetu egin zituela ezarritako zigor edo kondena guztiak, Giza Eskubideen Epaitegi Europarrak epaiketa justu bat ez zitzaiela egin ebatzi ondoren. Baina sei urteko kartzela zigorra eta inhabilitazio bidegabeak beteta zeuden jadanik, kalte infinitoa sufritua, munduaren aurrean barregarri geratuta zegoen espainiar estatua... baina hauei inporta zaiela uste al duzue barregarri gelditzea eta injustizia izugarri baten eragile izatea...? Hauek boterea maite dute, mendeku gosea daramate zainetan, eta poltsikoak beteta edukitzea da gehien axola zaiena. Hortik aurrerakoa... baaaa!, saiatuko dira itxurak egiten, bilatuko dituzte hitz nahasgarriak, baina ez dira asko lotsatuko: azala oso lodia daukate.


Donostian, Aieten, 2011n egin zen Bake Konferentzian mundu osoko politikari eta bitartekari ospetsuenak elkartu ziren Brian Currin nazioarteko bitartekariaren gidaritzapean; bertan izan ziren Kofi Annan, Bertie Ahern, Gro Harlem Bruntland, Pierre Joxe, Gerry Adams eta Jonathan Powell, baina Espainiako gobernuak eta botere faktikoek “txorikaka” balira bezalaxe hartu zituzten. Ez zen taxuzko ahaleginik egin “bake itun” serio bat egiteko, zauriak sendatzeko eta Euskal Herriko mendeetako gatazka konponduta uzteko. Erresuma Batuan eta Irlandan IRAren urteetako borrokari konponbide bat emateko gai izan ziren, han demokraziak sustrai zaharrak dituelako, baina Espainian oraindik frankismoak agintzen du eta ez dago prest bide demokratikoak hobesteko eta bide horietan aurrera egiteko. Eta jokabide irrazional honetan Frantziak ere Espainiaren bidea jarraitu zuen kontratu ekonomiko lotsagarri batzuen truke. “Bakearen Artisauak” taldea sortu zenean Iparraldean, Frantziak mila eta bat oztopo jarri zizkion taldeari, Espainiaren politikari jarraituz. Raymond Kendall, Interpoleko idazkari ohia eta bakezaleen “Grupo Internacional de Contacto” taldeko kideak hauxe esan zuen: “Creo que la actitud de los españoles es primitiva: “queremos ganar, os queremos derrotar, no nos interesa nada más.” Hitz hauek argi eta garbi uzten dute Espainiaren borrero izaera mendekuzalea.


Baina bada garaia esateko: ASKI DA!!! Zuen terroristak (Galindo, Barrionuevo, Vera, Elgorriaga, Amedo eta beste hainbat eta hainbat) askatu zenituzten zigorraren zati infinitesimal bat beteta. Orain gure presoak, euskal presoak eta erbesteratuak aska itzazue eta bidal itzazue beren etxeetara bakearen, justiziaren eta berdintasunaren izenean. Preso hauek zigor izugarriak bete dituzte, torturak jasan dituzte, etxetik urruntzearen zigor erantsia ere pairatu dute. ASKI DA!!! ASKA ITZAZUE BEHINGOZ!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!