ELKARRIZKETA

«Niri Alurrek asko eman dit eta asko eman diot»

Irati Saizar Artola 2021ko mai. 16a, 07:59
Eli Nosellas. I. SAIZAR

Inork eskatu gabe hartu zuen Alurr dantza taldea koordinatzeko ardura Eli Nosellasek (Tolosa, 1959); guztia antolatzen aritzetik publikoko aulkia betetzera pasatzea erabaki du.

Hamaika lan egindakoa da Eli Nosellas (Tolosa, 1959) Alurr dantza taldean. Koordinazio lanak egin ditu orain arte, eta etapa hori ixtea erabaki du. Berak zuen ardura juntakide berrien esku utzi du, eta orain «lasaiago» bizi dela dio, lehen zuen «ardura hori gabe» behintzat. Baikor dago, etorkizuna ikusten diolako taldeari eta horixe da eskatzen duena: Alurrek beste urte luzez aurrera egitea. 

Mende laurdena bete du Alurrek eta ezin izan duzue nahi bezala ospatu. 

Ahal dugun guztia egin dugu, baina horrela geratu da azkenean. Pena handia dut, pertsonalki, hainbeste urte eta gero horrela bukatu izanaz. Baikor begiratuta, ordea, garrantzirik handiena duena da aurrera begira taldea nola geratzen den eta jarraitzen duela ikustea. Horrekin geratzen naiz.

Ospakizun handi bat ari zineten prestatzen iazko urtea amaitzerako. 

Ez da posible izan. Pandemia etorri zen, itxialdian ere egon gara eta gauza txikiak eginez jarraitu dugu aurrera. Gehiago nekatu gara? Baietz esango nuke. Baina, tira, gauza txikiak izanagatik asko egin ditugu, eta bukatutzat eman dugu, apirila amaieran Dantzaren Nazioarteko Egunaren harira egin genuen bideo emanaldiarekin. Bestela, 27. urteurrena iritsiko zaigu eta oraindik 25. urteurrena ospatzen ariko gara. Luzatzen ari ginen, esperantza bagenuelako egoera aldatuko zela, baina ikusten dugu momentuz itxurarik ez duela.

«Hau proiektu bat da eta helburuak idatzita utzi daitezke, baina ilusioa, gogoa, funtzionamendua, ezin da idatzi»

Egoera aldatzen bada, gero ere izango da festarako aukera.

Ikasturtea amaitzean, udaran, egin nahiko genuke zerbait. Saiakerak egingo ditugu, nahiz eta 25. urteurrena pasa, guk jarraitu egin behar dugu eta jarraitzen dugu. Modu batera edo bestera, kaleratu behar dugu egiten duguna.

Pandemia etorriagatik ere, lanean jarraitu duzue.

Asko kosta zaigu. Lehenengo itxialditik atera ginenean, gazteek sekulako amorrua zuten: dantza egin nahi zuten. Udaletxearekin negoziatu genuen, lokaletara ezin zen bueltatu, eta kiroldegian hasi ginen, uztailean, klaseekin. Ikasturte hasiera etorri zen ondoren, eta martxan jarriak ginenean beste agindu bat etorri zen goitik lokalak itxiko zizkigutela esanez. Berriro gure borroka etorri zen, demostratzeko guk dantza egitea posible genuela. Borroka horrek nekea eragin digu, zaila izan da. Orain osatu den junta berria sekulako gogoarekin hasi zen lanean, baina nekea nabaritzen zaie, zeren indarrak beste leku batean jarri behar izan dituzte, goitik etorri zaizkien aginduei aurre egiteko. Bestela, besoak gurutzatuta geratuz gero, benetan diot, gaur egun klaserik ez genuela emango. Beraiengatik eta borrokatu dugunagatik goaz ikasturtearekin aurrera.

«Beti saiatu izan naiz uztartzen nire etxeko lanak, nire lana eta Alurr; horrela izan naiz, inork ez dit eskatu»

Junta berria diozu, izan ere, 25 urtez Alurren gidaritzan aritu ostean ardura hori uztea erabaki duzu.

Lau urte edo baneramatzan 'banoa' esaten. Zaila da, ordea. Ezin nuen esan 'banoa, hemen uzten dizuet guztia idatzita'. Hau proiektu bat da eta helburuak idatzita utzi daitezke, baina ilusioa, gogoa, funtzionamendua... hori ezin da idatzi. Pandemia etortzerako gauza asko lotuta genituen, eta lasai nengoen, lasai nindoan, baina egoera hau etorri zen. Hala ere, alor edo ardura garrantzitsuenak direnak, gazteak, haurrak eta herrietan dauzkagun dantza eskolak, dagoeneko pertsona jakin batzuen eskuetan daude. Lehen nuen presioa gainetik kendu dut dagoeneko, ia gauza guztiak junta berriaren esku daude, eta ni esku bat botatzeko eta kontsultak egiteko nago. Ardura batekin geratu naiz: jantzien ardurarekin.

Lehen zuk zenituen ardurak, beraz, banatu egin dituzue? 

Alurren beti funtzionatu izan du junta batek. Kontua da, dedikazio handia eskaini diodala Alurri, agian nire pentsamoldeagatik, izan ere, nire garaian konpromisoa hartzen genuenean konpromisoa hartzen genuen, ehuneko ehunean. Nik horrela egin dut, beti saiatu izan naiz uztartzen nire etxeko lanak, nire lana eta Alurr. Lan bat hartzerakoan beti pentsatzen nuen Alurrekin nola bateratu nezakeen. Ni horrela izan naiz, inork ez dit eskatu edo exijitu. Orain egoera aldatu egin da, konpromiso hori hartzea gehiago kostatzen da, eta gizarteak ere ez du laguntzen, izan lana, izan bizitzen ari garen presio eta estresagatik edo lan baldintzak izugarri aldatu direlako azken aldian.

«Gauza asko erakutsi dizkit, eta pentsatzen dut, bizitza hau eraman ez banu, ez nintzatekeela izango naizena»

Jantzien ardurarekin jarraitzea erabaki duzu orain.

Baina ez bakarrik, talde bat dut nirekin. Horiek ikasi arte arituko naiz. Neure buruarentzat ere egokiagoa zela pentsatu nuen zerbaitekin lotura txiki bat mantentzea, erabat moztea baino. Ni orain laguntzeko soilik nago; urteetan izan naiz lehendakaria, eta egun estatutuetan ere ez nago, legalki ere ez nago ezertan. Pauso hori eman behar nuela ikusten nuen, eta gustura nago.

Hainbeste urte oholtza atzean eraman ondoren, publikoko aulki bat beteko duzu orain.

Oraindik kosta egingo zait. Aurten emanaldi bat eman dugu Pasaian, eta laguntzaile moduan joan naiz. Ardura ez zen nirea, eta horrela joatea ez zait batere kostatzen, gustura ibili nintzen. Hemendik aurrera, ahal dudanetara joango naiz, gustatu egiten baitzait, baina ez banaiz joaten ez da ezer gertatuko. Lehen entsegu guztietara joaten nintzen, orain, ondo badatorkit bai, baina bestela ez. Sekulako deskantsua hartu dut. 

Trantsizioa erraz egin duzue?

Ez da lan erraza, hainbeste urtetan zehar ohitura asko sortzen dira, pertsonalizatu egiten da lan asko. Nire ustez kargu batean hainbeste denbora egotea ez da guztiz ona. Bizio asko sortzen dira eta jendea ere ohitu egiten da modu horretara. Oraindik jendeari kosta egiten zaio pentsatzea niri ez didala deitu behar, baina, dagoeneko beste batzuk daude ardurarekin, 'Eli ez dago'.

Sufrituko duzu?

Momentu honetan, neure burua lasai eta prestatuta ikusten dut. Gogoa nuen esateko: 'Ez da nire ardura, besteek egingo dute'. Nik garbi daukat erori egin behar dela, eta ondoren altxa egin behar dela. Alfonbra txarra izaten da, bestela ez gara urratzen, eta ondo ikasteko urratu egin behar da.

25 urte hauetan gorabeherak izan ditu taldeak?

Bai, noski, eta ni hasi nintzenean gauza asko ez nituen kontrolatzen, ez nekizkien. Niri Alurrek nire bizitza pertsonaletik asko kendu dit, tira, ez dit kendu, eman egin diot. Inork ez dit eskatu, neure burua izan da eman diona. Baina gauza asko erakutsi dizkit, eta pentsatzen dut bizitza hau eraman izan ez banu, agian orain ez nintzatekeela izango naizen pertsona. Nire alabak ere esaten du: 'Zenbat ordu, zenbat denbora ama gabe'. Aste-bukaerak, udarak, oporrak, bidaiak egin ditut Alurrekin, asko eman dit eta asko eman diot. Familia bat bezalakoa da, ama batek asko ematen du eta asko jasotzen du; niretzako Alurr horrela izan da.

Bueltan zerbait espero duzu?

Egia esan, ez dut ezer espero. Gauza bakarra nahiko nuke: Alurrek jarraitzea, aurrera egitea. Ez daukat beste helbururik. Niri sudurraren puntan jarri zitzaidalako hasi nintzen; gero egia da benetan sartzen zarela barrura eta zaila izaten dela zirkulu horretatik ateratzea, eta ni naizen bezalakoa izanda gainera harrapatu egin nau. 

Niretzako gogorrena sentitu dudan pena izan da, nahi bezala ezin izan dudalako amaitu. Dantzaren Egunaren harira antolatu genuen aste horretan mezu pila bat jaso nituen, dantzari ohienak, musikari ohienak... urteak neramatzan batzuekin harremanik izan gabe eta egin dudana eskertzeko mezu mordo bat jaso ditut. Guk nahi genuen bezala bukatu izan bagenu, kontaktu hori aurrez aurre edukitzeko aukera izango genukeen, baina ez da posible izan.

Erlazionatuak

Oin puntetan mende laurdena

Irati Saizar Artola 2021 mai 16 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!