ERREPORTAJEA

Oin puntetan mende laurdena

Irati Saizar Artola 2021ko mai. 16a, 07:58
Etxegia, Urrestarazu, Luluaga eta Galarraga, junta berriko kideak. I. SAIZAR

Mende laurdena bete zuen iaz Ibarrako Alurr dantza taldeak. Ospakizunerako ikuskizun handi bat egitea zuten buruan, baina pandemiak prestatutakoa zapuztu die. Hala ere, orain gutxi, hala nola borobildu ahal izan dute urteurrena, bideo proiekzio bat eginez.

Ibarrako dantza taldeak 25 urte bete ditu aurten. Mende laurdena darama herriko haurrak dantzan jarriz eta ez soilik haurrak, baita gaztetxo eta ez hain gaztetxoak direnak ere. Egun, Ibarran soilik, 17 dantza talde daude bi urteko haurretatik hasita. Eta horrez gain, inguruko herrietan ere dantza eskolak ematen ditu Alurrek, besteak beste, Bidania-Goiatz, Berrobi, Hernialde, Altzo, Idiazabal, Lazkao, Ordizia, Legorreta eta Zaldibian.

Dantza tradizionalen irakaskuntza oinarri hartuta, proiektu bat eraiki dute urte hauetan. Aurten, gainera, aldaketa bat izan du taldeak: orain arte guztia koordinatzen aritu den Eli Nosellasek bere ardurak utzi ditu eta Alurreko ikasle ohi, irakasle ohi eta egun, irakasle diren gazte talde batek hartu du guztia antolatzen eta mantentzen jarraitzeko ardura, junta berria osatuz. Tartean dira Amaiur Luluaga, Goretti Galarraga, Haizea Urrestarazu eta Saioa Etxegia.

Amaiur Luluaga: «Alurrek inguruan duen sarea zoragarria da, gurasoek ere asko lagundu dute; sare hori ez dute dantzariek soilik osatzen» 

Nondik datozen argi dute dantza taldearen ardura hartu duten gazteek, eta noranzkoa ere irudikatuta dute. «Pandemia honek uzten digun bitartean aurrera jarraituko dugu», esan dute. Ilusioz hartu dituzte ardura berriak, eta dantzan dabiltzanei ere ilusiorik ez itzaltzea nahi dute. Izan ere, Etxegiak aipatu du Alurr dantza taldea «herriari ilusioa eman dion komunitate bat» dela. «Edonori dantza egiteko aukera eman dio, herri txiki bat izanda eskola handi bat daukagu eta horrek Ibarrari poztasuna eman dio», gehitu du Luluagak.

Dantzariak izandakoak dira laurak, eta orain, irakasle lanetan ari dira, beti, Alurretik gertu. «Herritar asko inplikatu eta batu ditu dantza taldeak», dio Urrestarazuk. Luluagak dio integratzeko ere balio izan duela: «Alurrek inguruan duen sarea zoragarria da; gurasoek ere asko lagundu dute, izan ere, sare hori ez dute dantzariek soilik osatzen».

Dantza egiteaz gain, Alurr dantza taldeko parte izateak, balore batzuk ikasteko aukera ere eman diela azaldu du Galarragak: «Guri balore batzuk erakutsi dizkigu Alurrek eta gu ere gaztetxoei hori transmititzen saiatzen ari gara; besteak beste, konpromisoa hartzea, konstantea izatea, esfortzua, antolaketa... diziplina bat ematen du dantzak».

'Oinazez' emanaldiko une bat, 2010ean. ALURR DANTZA TALDEA

Atzera begira

Taldeak 1995ean hasi zuen bere ibilbidea, baina dantzarako tradizioa lehenagotik dator Ibarran. 1974 urtearen bueltan bazen dantza talde bat herrian, Azkunde izenekoa. Urteak eman zituen neska-mutil talde hark txistularien laguntzaz dantza saioak eskaintzen. 1990 inguruan beste salto bat eman zuen taldeak. Jose Luis Zubeldiari Ibarran dantza ikastaroak ematera joateko gonbita luzatu zioten, eta ikastaro horietan sortu zen grina ikusita, orduko taldea dantza talde baten izaera hartzen hasi zen. Orduan jarri zioten Alurr izena taldeari; lurra du esanahia, eta mitologiako liburu batean aurkitu zuten.

2000. urtean makalaldi bat sufritu zuen taldeak. Jende gutxi geratzen zen, eta egoera ikusita, Edu Muruamendiaraz dantzari eta koreografoa ekarri zuten irakasle modura. Muruamendiarazek dantza tradizionaleko oinarriak mantenduz koreografia, eszenografia eta arropen berrikuntzak ekarri zituen. Ordutik, norabide horretan jarraitu du taldeak. Hala ere, Luluagak gogorarazi du urte batzuetan zehar tradizioa ondo erakustearen garrantzia ez dutela «oso presente» eduki, baina, «fase hori pasa» dute dagoeneko eta tradizioaren garrantzia «mantentzen» jarraitzen dute. Hori dela eta, egungo irakasleentzat dantza tradizionaleko ikastaroak ari dira antolatzen.

Berrikuntza horiek gorakada ekarri zuten taldera. Inguruko herrietatik jendea Alurren izena ematen hasi zela gogoan du Luluagak, eta hortik etorri ziren ikuskizun berriak. Alurrek bere lehen ikuskizuna 2008. urtean urtean estreinatu zuen: Sua. Horren atzetik etorri dira beste hainbat emanaldi, kasu honetan, Aier Beobide eta Iñaki Agirreren zuzendaritzapean: Oinazez, Izanak dirau, Uztartuz, Lanabesak, Soinaz, Bi punturen artean, Maruxak eta Irradak, besteak beste.

Plaza, oholtza eta txoko ezberdinak pasa ditu urte hauetan zehar Alurr dantza taldeak. Gehienbat inguruko herrietan ibili izan da bere ikuskizun eta dantzak erakusten, baina beste hainbat txokotan erakusteko aukera ere izan du urte hauetan, hala nola, Frantzia, Eslovenia, Alemania, Irlanda, Italia, Galizia eta Katalunian. «Nazioarteko folklore jaialdietara joateko eskaintzak jaso izan ditugu, eta Elik guztia segituan antolatzen zuen», gogoratu da Luluaga. Galarragak ere oroimenean ondo gordeak ditu bidaietako ibilerak: «Ondo lotuta izaten genuen guztia, denborarik ez genuen galtzen; dantza egiteaz gain turismoa egiten genuen, jolasak eta bestelako ekintzak ere prestatzen zizkiguten... oroitzapen politak ditugu».

Urtemugako ospakizunik gabe

Iaz bete zituen 25 urte dantza taldeak, eta iaz zuten egitekoa merezitako ospakizuna ere. Pandemiak bete-bete harrapatu zituen ordea, eta ordutik nahikoa lan egin dute dantzako eskolak irekita mantentzen. Segurtasun neurriak hartuta, «urteurrena behingoz borobildu ahal izateko» urtarrilaren 2rako prestatu zuten emanaldi berezia, baina, emanaldi bezperetan, agindu bat iritsi zitzaien emanaldia ezingo zutela aurrera eraman zioena. «Sekulako kolpea izan zen guztiontzat, lur jota geratu ginen», esan du Galarragak.

Hainbeste lan, buruhauste eta ahaleginen ondoren, Dantzaren Nazioarteko Eguna aprobetxatu dute «urteurrenaren ospakizunari amaiera emateko». Astebetez, dantza taldeko bulegoaren atarian grabaketak egin dituzte, «entseguak izango balira bezala, baina goitik behera jantzita». Talde bakoitzak dantza bana grabatu du eta egunez egun, sare sozialetan zabaldu dituzte bideoak. Amaitzeko, apirilaren 30ean, 25. urteurrenerako prestatutako bideoaren proiekzioa egin zuten Ibarrako kultur etxean.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!