Erizaintzatik gaztagintzara

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mai. 5a, 11:59

Arantxa Garaiburu berastegiarrak erizain lana albo batera utzi zuen, eta 2008. urtean hasi zen gaztak egiten; Amezketan du artegia alokairuan hartuta eta bi gazta mota ekoizten ditu Larte izenez.

Amezketako Aitzio baserrian du artegia alokairuan Arantxa Garaiburu berastegiarrak. «Kale-kalekoa naiz», dio, baina bazekien zein mundutan sartzen ari zen duela hamahiru urte erabakia hartu zuenean. Gurasoak biak izan ditu baserrian jaiotakoak.

«Aitak beti izan ditu ardiak», esan du, eta mundu honetan sartu aurretik, aitarekin beti izaten zituen haserreak: «Udan beti belarretara joan behar izaten genuen, eta azkenean beti berarekin haserretuta bukatzen nuen». Orain kontrakoa da egoera: «hamabost urterekin ez da hain gustukoa, eta hogeita hamarrekin agian beste era batera hartzen da».

Ikasketekin erizaintzarako bidea aukeratu zuen, eta 15-16 urtez aritu zen lanean: «Momentu jakin batean beste bide bat aukeran jarri zitzaidan, probatzeko hautua hartu eta mundu honetan sartu nintzen, ardien munduan». Senarrak ardiekin egiten zuen lan, eta errazena zelako ardien munduan eta gaztagintzan sartu zen. «Momentuan zegoena zen», argitu du.

Hasieran lanaldi erdia utzita hasi zen gaztagintzan, baina ikusi zuen ez zela bideragarria bi lanekin jarraitzea. «Bi erdizka egitea baino hobe zen bat ondo egitea. Gazta egiteak bere loturak eta ordutegiak ditu, eta lanera joan behar baduzu beste batek egon behar du horren menpe eta onena bat utzi eta bakarrik gaztagintzarekin aritzea zen», esan du.

«Nik beti esaten dut. Nire gizona artzaina da eta ardiez arduratzen da, esnea bitarte. Esnetik aurrera ni hasten naiz. Elaborazioan, gaztak egin eta baita salmentan ere». Gaztagiletzat du bere burua Garaiburuk, «ni ez naiz artzaina».

Lehen urteak, urte gogor moduan definitu ditu. Gaztak egitea gauza bat da, baino gero saldu egin behar dira: «Jendea ezagutu behar duzu, eta jendeak zu ezagutu behar zaitu».

ARALARRERA LEHEN ALDIZ

Ardiei dagokionean, lan kargarik handiena arkumeak jaiotzen hasten direnean izaten dute. Arkumeak azaroan hasten zaizkie jaiotzen, eta horrekin batera, abenduan iristen zaio gaztak ekoizteko unea. Orain artean, uztaila bitarte luzatu izan zaie kanpaina, baina aurtengo urtea ezberdina izango dute, Aralarrera igoko direlako guztiak.

Amezketako Larrondoko lurretan ibili izan dituzte ardiak, baina aurten Enirio-Aralar Mankomunitateak txabola bat adjudikatu dio Garaibururi. Bost urte itxaron behar izan ditu txabola lortzeko. Aralarrera igoko dira, eta bertan egin beharko ditu gaztak. «Dena aldatuko da», azaldu du. Guztiek egokitu beharko dute Aralarrera, baita ardiek ere. «Bi hilabetean gora eta behera ibili beharko dugu», baina beste esperientzia bat bizitzeko prest daude; «ikusiko dugu zein ondorio ateratzen ditugun».

«Pazientzia eta errutina» eskatzen dizkio gaztak egiteak. Goizean hasi eta eguerdian bukatzen du gaztak egiten, eta arratsaldean, berriz, buelta eman behar izaten die, gatzuna... «Egiten duzun gazta bakoitza zaindu egin behar duzu, eta behin bi hilabetetik aurrera salmentarako prestatu», kontatzen du. Kate bat da: egin, zaindu eta saldu.

Bi egunetik behin egiten du gazta, eta esnea saldu ere egiten dute. Larte izeneko Idiazabal jatorriko gaztaz gain, gazta urdina egiten du: «Azoka edo denda batera joaten zarenean gazta pila bat dagoela ikusten duzu. Idiazabal jatorriko gazta egiten dugu, baina saltzeko garaian aukera gehiago edukitzeko bide bat izan da». Gazta urdinak izan duen harrerarekin «gustura» dago.

Ikastaro ezberdinak egin ditu gaztak egiten ikasteko, eta mila era eta mila gazta daudela dio. Nahiz eta ikasi, egunetik egunerako erronkatzat du gazta egitearena: «Egunero ontzian dugun esnea ezberdina da. Guk esnea ikusten dugu, baina ez dakigu zein bakterio on eta txar dituen. Nahiz eta berdin-berdin egin gaztak, beti ezberdin ateratzen dira». Giroa, ardiak nola dauden,... berastegiarrarentzat mila faktorek eragiten dute gazta batean. «Gu ere pertsona bezala beti ez gaude berdin, eta nik uste dut horrek ere eragina duela». Berarentzat ez dago sekreturik gazta egiteko: «Zenbat eta esne hobea, gazta hobea».

Garbi du Aralarren egingo dituen gaztak desberdinak izango direla, ardiek jango duten belarra ere ezberdina izango delako.

POZTASUNA

Jende berri asko ezagutzeko aukera eman dio gaztagintzak, bidaiatzekoa ere bai, eta jendeari poztasuna emateak, berari ere «poztasuna» ematen dio. Jendeak «gazta ze ona dagoen» esateak betetzen du, eta hori dela lortu nahi duena bere produktuekin dio. «Ikaragarri» gustatzen zaio Tolosako Azokara joan eta zuzeneko salmenta egitea.

Sarri, jendeak prezioa baino ez duela begiratzen adierazi du, eta bera gazta batek duen «lana eta sakrifizioa» erakusten ahalegintzen da. Gaztekin sariak lortuak ditu, baina berarentzat saririk «onena» behin erosi, eta berriz ere bezeroa gazta erostera joatea da.

Hartutako erabakiaz noizbait damutu dela aitortu arren, aurrera begiratu du beti: «Bizitzeko era bat da».

NAHI EDO GUSTUKO DUENARI, PROBATZEKO DEIA

2008an hartu zuen erabakiari tiraka, bere moduan pausu hori eman edo ez zalantzan dagoenari beldurrik ez izateko eta probatzeko esango lioke Garaiburuk:. «Egin banu edo hasi banintz» penarekin edota zalantzarekin ez gelditzeko azpimarratu du. «Egin dezala proba, eta ez bazaio ondo ateratzen edo ez bazaio gustatzen beti izango du uzteko aukera, eta beste zerbait egitekoa», argitu du.

«Gazterik ez bada sartzen eta ez bada lanbidea probatzen, gure sektorea ez da aurrera aterako», esan du. Helduagoak ere izan daitezkeela adierazi du, eta gustatuz gero, probatzeko deia luzatu du: «Ezin zara geratu bizitza osorako damu horrekin».

Ekonomikoki zor handietan ez sartzeko gomendioa bota du, baina era berean, bizimodu honetan «ausarta» izan beharra dagoela nabarmendu du: «Gauzak ondo edo gaizki ateratzeko aukera dago».

Denak ez duela zertan «gurea» izan beharrik dio. Eta bere burua jartzen du adibidetzat, hau da, hiru artegitatik pasa da. Eta egun, Amezketako Aitzio baserriko artegia du alokairuan.

Alokairuaren gaia jarri du mahai gainean, edota, behintzat, aukera ezberdinak aurkitzen jakin behar dela. «Erretiroa hartzen duen artegi bateko zerbait hartu dezakezu proba egiteko, eta gustatu eta ondo badoa, orduan zerbait planteatu dezakezu aurrera begira», azaltzen du.

Erakundeei ere bota die erronka: «Aukera ezberdinak aurkeztu beharko lituzkete, eta beti ezin du izan itsu-itsuan pabiloi berria egin eta dena berria jarri behar dela izatea». Horri arriskua ikusten dio gainera. Behin probatu eta gustatu ezean, «leporaino» harrapatuta zaude, eta «buelta eman ezinik». Bizimodua den moduan izanda, oso gazte hasiz gero, «erretzeko» arriskua ere ikusten dio lanbideari. Horregatik, gazte eta ez hain gazteak animatu nahi izan ditu probatzera, guztientzako dagoela lekua sektorean. Medikua izatea bezala, aukera bat dela dio. azken finean, beste bizitzeko era bat.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!