Amezketako Aitzio baserria alokairuan hartua dute, eta bertan egiten du lan Arantxa Garaiburu gaztagileak. Bere burua ez du artzaintzat, eta gizonaren lanbideari jarraituz, erizain lana albo batera utzi zuen 2008. urtean, eta gaztak ekoizteari ekin zion.
Kalean jaio bazen ere txikitatik izan du harremana baserriarekin, nahiz eta, ez zuen gustuko lana. Gerora, ordea, bizitzari aldaketa bat ematea erabaki zuen. Noiz edo noiz damutu dela onartu du, baina aurrera begiratzea gustatzen zaio, eta gauza asko eman dizkio eta gustura dago hartutako erabakiarekin.
Pazientzia eta errutina eskatzen dizkio gaztak egiteak. Bi egunetik behin egiten ditu gaztak, abendutik hasi eta uztailera bitartean. Eta gaztaren bidea, "egin, zaindu eta saldu" definitzen du.
"Nire produktua jendeari gustatzea da nik lortu nahi dudana", dio. Sari bat baino gehiago eskuratu baditu ere, "jende arruntak zeinen ona dagoen esaten didanean, eta hurrengo larunbatean, berriz ere, erostera etortzen denean hori da saririk onena", azpimarratzen du. Ikaragarri gustatzen zaio Tolosako Azokan postua jarri eta bezeroekin harreman zuzena izatea. Jende berria ezagutzeko aukera eman dio lanbideak, eta baita bidaiatzekoa ere.
Koronabirusak zapuztu badio ere, etxean bisitak jaso izan ditu lanbidea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezan jendeak. "Jendeak prezioa bakarrik ikusten du", esan du, eta, "prezio horren barruan dagoen lan guztia ez da ikusten". Jaten ari diren gaztak duen balioa eta sakrifizioa erakusten ahalegintzen da.
Aurten, lehen aldiz, Enirio-Aralar Mankomunitateak Aralarko txabola bat adjudikatu dio, eta Aralarrera igoko da artaldearekin. Esperientzia berria bizituko du. Gaztak Aralarren egingo ditu.
Nahi edo gustuko duenari, probatzeko deia
Garbi du Garaiburuk, gogoa izanda, lanbidea probatu gabe ezin dela geratu. "Beldurrik ez izateko esango nioke, eta dudarekin ez gelditzeko". "Bizimodu honetan ausarta izan beharra dago", nabarmendu du. Bera hiru artegitatik pasa dela kontatzen du, eta alokairuko aukera hor dagoela jarri nahi izan du mahai gainean: "Mundu honetan aukera ezberdinak bilatzen jakin behar dugu, eta ez du zertan gurea izan behar".
Sektoreak gazteak edo ez hain gazteak behar dituela esan du, eta guztientzat dagoela lekua.