Elkarrizketa

«Erronka honek pizgarri bat izan nahi du»

Jon Miranda Labaien 2021ko mai. 7a, 07:58
Jon Ugartemendia Azurmendi, Tolosaldeko Sare herritarreko kidea. J. M.

Jon Ugartemendia Azurmendi Sareko herritarreko kideak konponbidea eta presoen auziari aterabidea ematea batera doazela uste du eta sozializazio eta sentsibilizaziorako aukerak baliatuta, ahalik eta kontsentsu zabalena lortu daitekeela dio, behin betiko bakerako bidean.

Preso, iheslari eta deportatuen egoeraren salaketa inoiz baino «osasuntsuago» dagoela dio Jon Ugartemendia Azurmendik (Anoeta, 1985). Azken hilabeteetan eskualdeko herrietan sortu diren Sare taldeak aipatu ditu adibidetzat eta taldea sortzeko mugak izan dituzten herrietan egin diren ekimenak. Mobilizazio horietara batu zaizkien herritarrengan jarri du azpimarra eta haiek zoriontzeaz gainera, eskerrak eman eta  bide horretan jarraitzeko animoak eman dizkie.

Tontorretara igoera ‘Izan Bidea’ dinamikaren barruan antolatu duzue. Zer da dinamika hau?

Izan bidea, ibiltarien sarea Sarek azken urte honetan eskuartean duen dinamika aktibatzailea da. Preso eta iheslarien auziari aterabidea emateko urratsak ematean, jendarte aktibazioan sakontzean eta herri honen aniztasun eta zabaltasuna batzean oinarritzen da dinamika. Finean, bakerako eta elkarbizitzarako bidea, konponbidea, guztion artean gauzatu beharreko ibilbide gisa irudikatzen dugu. Horretarako, bide berean kokatzen ditugu herritarren aktibazioa eta baita alor politiko, sindikal eta sozialaren inplikazioa eta parte hartzea ere, guztion urratsak beharrezkoak baitira etorkizun hobe bat eraikitzeko.

Nola gauzatuko da erronka?

3.127.326 kilometro egitea da erronka. Euskal Herriak duen biztanle kopurua, hain zuzen. Hiru milioi kilometro egiten hasiko den hiru milioi biztanleko herri bat helburu batekin, bidea egitea: etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea. Gure herriko biztanle bakoitza ibiltari izatea nahi dugu, bidea izatea. Izan norbanako moduan, edota era kolektiboan, hala nola dantza talde gisa edo sindikatu baten barruan... Ideia eder bati jarraituz egin nahi dugu bide hori: euskal herritarrak bidea egiten hasi dira historia egiteko, behin betiko erabateko bakea lortzeko.

Ekimen honen bidez, dagoeneko saretzen ari diren adostasunak era ikusgarriago batean plazaratu nahi ditugu. Erronka honek pizgarri bat izan nahi du; ilusioz eta determinazioz. Aktibazioa oinarri, herritarrak bere etorkizuna eraikitzeko protagonista bilakatu nahi ditugu.

«Norberak ahal duen esparruan baina egin  dezagun bultza guztiok norabide berean»

Nola baloratzen duzue abenduaren 11n egindako Euskaldunako Adierazpena?

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sindikatu guztiek eta gehiengo politikoak abenduan lortu zuten akordioa, urruntzeari amaiera emateko eta espetxe politika normalizatua ezartzeko. Jakin badakigu Euskaldunako adierazpenaren aldeko babesek erritmo onean jarraitzen dutela udal askotan. Gaur egun, 90 udalerritan formalizatu dira berrespenak. Era berean, aintzat hartzen ditugu sakabanaketaren testuinguruan onartzen ari diren senideen sufrimendua aitortzeko mozioak. Horrek erakusten du gero eta konpromiso sozial eta instituzional handiagoa dagoela euskal presoak hurbiltzearen alde eta salbuespen legediaren ordez legedia arrunta ezartzearen alde. Berriz diogu, desberdinen arteko akordioak eta mobilizazioa, larunbatean Euskal Herriko 650 mendietara igotzeko Sarek proposatzen duena bezalakoak, eskubideen urraketei amaiera emateko eta konponbidean eta bizikidetzan aurrera egiteko tresnak dira.

Zuen ustez Tolosaldeko gizartea aktibatuta dago preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde?

Ni herri txiki bateko kidea naiz eta egia esan behar badut pentsatzen dut gure eskualde honetan desberdintasun ugari ditugula preso, iheslari eta deportatuen lanketaren baitan. Nire ikuspegia da salaketa hau ez dela gaur sortu, zoritxarrez urte luzeetan zehar jasan baitugu errealitate hau gure eskualdean. Honekin esan nahi dudana da herri guztietan ere, zorionez, ez ditugula presoak, senide edo deportatuak izan, eta horrek gaiaren gordintasuna ulertzeko mugak jarri izan dizkigula askotan, niri urte luzez horixe bera gertatu izan baitzait. Gaur egungo egoerari dagokionez, uste dut Tolosaldean oso jende aktiboa gaudela eta zoritxarrez gizarte salaketarako beste aspektu asko ere baditugula; eta eskualde txikia izanik, une batzuetan, eskuak falta izan direla nork bere salaketak aurrera eta indarrez eraman ahal izateko.

Zuk zergatik erabaki duzu Sare herritarrean parte hartzea?

Sare herritarra sortu baino lehen ere banuen gutxieneko kontzientzia bat gure kide gertuko, eta horren gertuko ez zen jendea jasaten ari zen injustiziarekiko. Herrian egiten dugun hilabeteko azken ostiraletako salaketa ere ez da gaurko kontua, denborarekin konturatu naiz bertan ere izan ditugula preso eta torturatuak; hau da, egoera hau jasan dutenei izena jartzeko modua nuela, eta nire lagun, ikaskide edo herritar batek jasan behar izan zutela, gu gaur salatzen gabiltzan hau guztia. Ondorio honetara iristeak, ekarri zuen kontzientzia hori indartu eta kanpora ateratzeko beharraz konturatzea; hau da, gaia taburik gabe mahai gainean jartzeko beharra eta honen inguruan edonorekin hitz egitekoa. Azken batean, horixe izan zen Sare herritarraren proposamena eta helburu nagusia bere sorreratik. Beraz, nire kasuan, ibilbidearen jarraipena baino ez da izan.

Zein helbururekin egiten duzue lan?

Sare herritarraren oinarrizko helburua giza eskubideen errespetua eta hauen salaketa da. Zehazki esanda, ahalik eta azkarren, presoek bizi dituzten eskubide urraketak onartu behar zaizkie, eta eskubide horiek itzuli: gaixo larriek, euren tratamendua euren etxeetan eta konfiantzazko medikuaz lagunduta jaso behar dute; urrunketarekin amaitzeko, beharrezkoa da behin betiko jauzia ematea; motxiladun haurren errealitateari amaiera duina eman behar zaio, euren gurasoak bizilekutik gertuen dagoen espetxera ekarriz eta hauetan familia bizikidetzarako moduluak irekiz; graduen progresioa gauzatzea beharrezkoa da, horrek ahalbidetuko baitu euren eskubideen bermatzea. Laburbilduz, legedi arrunta aplikatzen hasteko garaia da.

Behin tontorretarako igoera hau bukatuta, beste ekimenik pentsatuta daukazue?

Noski. Izan Bidea dinamikak ez du etenik. Tontorren erronka gauzatuta, Ibilian-Ibilian dinamika ibiltariari ekingo diogu. Gipuzkoan, maiatza amaieran hasi eta abuztura bitartean, eskualdeka mugituko den ekimen ibiltaria izango da. Herriak izango dira protagonista. Izan Bidea dinamikari ekarpenak egiten jarraitzeaz gain, helburutzat izango du herri aktibazioa mantendu, saretu eta Sare herritarrak eskuartean dituen aldarriak gizarteratzea. Adostasunetik aktibaziora igarotzeko garaia da eta horretarako ezinbestekoak dira gisa honetako ekimen aktibatzaileak. Dinamika ibiltariak Gipuzkoatik Nafarroara egingo du salto, baina esan bezala, Gipuzkoan maiatzean hasi eta abuztuan amaituko da; Tolosaldean, konkretuki, uztailaren 5etik 18ra bitartean landuko dugu.

Nola animatuko zenukete jendea Sare herritarrean parte hartzera?

Azken urte honetan jazo diren hurbilketek nahiz espetxe politikan aldaketa bat egon litekeenaren esperantzak, ilusioa piztu du euskal gizartearen gehiengoan; datozen urteetan presoen auziari aterabidea eman behar diogulakoan nago. Harremanak garatu nahi ditugu, adostasunak zabaldu, euskal presoen auzia mahai gaineratu eta erakutsi nahi dugu konponbidea eta presoen auziari aterabidea ematea batera doazela, sozializazio eta sentsibilizaziorako aukerak baliatuz eta aniztasun nahiz kontsentsu ahalik eta zabalena lortuz. Aktibazioa oinarri, herritarrak bere etorkizuna eraikitzeko protagonista bilakatu nahi ditugu. Bakearen eta bizikidetzaren bidea egin nahi duen edonor parte hartzera animatzen dugu; beraz, norberak egin dezala ahal duen moduan eta esparruan, baina bultza dezagun guztiok norabide berean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!