Sare herritarrak Euskal Herriko 650 tontor igotzeko erronka jarri du

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 5a, 07:57

Larunbat goizerako herritarrei deialdia luzatu diete: bat egin dezatela ekimenarekin eta igo daitezela tontorretara euskal preso eta iheslarien etxeratzearen alde.

Iazko maiatzean, Izan Bidea dinamika jarri zuen martxan Sare elkarteak, euskal presoen eta iheslarien etxeratzearen alde, eta elkarbizitza eta bakearen alde dauden herritarrak batu asmoz. Orain, erronka berri bat jarri dute: Euskal Herriko 650 menditara igo eta tontorretara aldarriak eramatea. Larunbat goizean, eskualdeko hainbat herritan, mendietara igoerak antolatu dituzte; guztira, 20 tontorretara joateko deia egin dute. Sare herritarrak esan duenez, «inoiz egin den tontor igoera bateratu handiena» izango da larunbatekoa.

Euskal Herriko tontor "esanguratsuenak" eta, aldi berean, "gertukoenak" igoko dituzte. "Mendizale amorratuak ez ezik, familiak, haurrak, helduak, zaharrak eta gazteak, nahiz urtean behin mendi buelta txikia baino egiten ez duten horiek ere elkartuko gara ekimen honetan", esan dute. Herritarrek ekimenarekin bat egin dezaten, Sarek dei egin diete "elkarbizitzaren eta bakearen alde, konponbidearen alde, eta preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jartzeko bidea egin nahi duten guztiei, eta baita urratsak eman eta kilometroak egiteko prest dauden guztiei ere".

Ekimen hau urrian egiteko prestatu zuten, baina eguraldiak lagundu ez zuenez, atzeratzea erabaki zuten. Gertu dago eguna, iritsi da presoen etxeratze aldarria lau haizetara zabaltzeko eguna. Tolosaldeko kasuan, Aralar mendi lerroan, Txindoki, Ganbo, Aldaon eta Artubira egingo dira igoerak; Uzturre inguruko tontorretan, Uzturre bera, Belabieta, Urdelar eta Ipuliño zapalduko dituzte; Hernio inguruko gailurretan, berriz, Herniozabalera igoko dira; Aiztondo bailaran, Loatzo, Belkoain eta Zarateaitz izango dituzte helmuga; eta azkenik, inguruko herri txikietako mendietara ere joango dira: Basagain, Illaun, Almitxuri, Otsabio, Ulizar, Narbaitzu eta Intxurrera, besteak beste. 

Izan Bidea dinamikaren barruan, dagoeneko 1.000.000 kilometro baino gehiago egin dituzte, pausoz pauso, dinamikarekin bat egin duten 4400 kide inguruk. "Egunetik egunera, are gehiago gara ibiltarien sare honen parte egin eta dinamika honen baitan kilometro eta urratsak batzen gabiltzan herritarrak", dio Sarek.

Presoen eta iheslarien etxeratzearen "nahi" horrek, euskal jendartearen eta instituzioen "adostasun zabala" lortu duela esan du Sarek, "pairatzen duten salbuespen legediarekin amaitu eta etxerako prozesua martxan jartzeko". Beraz, ozen esan dute, eta ozen oihukatuko dute bihar ere mendi tontorretatik, "euskal presoak Euskal Herriratzeko garaia" dela. 

TOLOSALDEKO TONTORRAK

  • ABALTZISKETA, Txindokira. 08:30ean, Zamaoko langan.
  • ADUNA, Belkoainera. 09:30ean, herriko plazan. 
  • ALEGIA, Mareara. 09:00etan, herriko plazan. 
  • ALKIZA, Herniozabalera. 08:00etan, herriko plazan. 
  • ALTZO, Otsabiora. 09:30ean, herriko plazan. 
  • AMASA-VILLABONA, Loatzora. 09:00etan, kiroldegian. 
  • AMEZKETA, Artubira. Plazatik abiatuta. 
  • ANOETA, Basagainera. 09:30ean, plazan. 
  • ASTEASU, Zarateaitzera. 08:30ean, eskolako aparkalekuan eta 10:00etan, Saskaraten.
  • BERASTEGI, Urdelar eta Ipuliñora. 09:00etan, plazan. 
  • GAZTELU, Lartera. 10:00etan, plazan.
  • IBARRA, Belabietara. 10:00etan, plazan eta 10:30ean, Izaskunen.
  • IKAZTEGIETA, Intxurrera. 09:00etan, kiroldegian.
  • IRURA, Loatzora. 09:00etan, San Migel plazan. 
  • LEABURU-TXARAMA, Lartera. 10:00etan, Leaburuko plazan.
  • LIZARTZA, Laparmendi eta Narbaitzura. 09:00etan, plazan.
  • OREXA, Ulizarrera. 09:30ean, plazan.
  • TOLOSA, Uzturrera. 10:00etan, Santa Klaran.
  • ZIZURKIL, Zarateaitzera. 08:30ean, Zizurkil goiko aparkalekuan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!