“Lanak ez nau sekula ikaratu”

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mai. 4a, 19:59

Baserritik saioko protagonista Joxepa Iraola amasarra izango da. Ume-umetatik ikasi zuen azokarako bidea amarekin, eta oraindik ere, larunbatero jartzen du postua Tolosako Azokan.

Ez zuen baserritik bizi nahi Joxepa Iraola amasarrak, eta kanpoan lana bilatu ere egin zuen, baina gurasoen eskakizunei jarraituz eta zaintza lanak tarteko, baserrian bizitzea erabaki zuen. 24 urterekin ezkondu zen Tolosako Artzabaltza baserrira, eta bi baserriak atera ditu aurrera.

 

Amarekin ikasi zuen azokarako bidea. Zortzirekin hasi zen amari laguntzen, eta harrez gero, baserriari lotuta egin du bizitza. Lehenik Villabonako azokan, eta gero Tolosakoan jarri du postua.

 

Gazte garaian natura zoragarria zela dio, “tomateak lur estalian ateratzen ziren”. Motoan joaten ziren azokara, orduan, oraindik, ez zuten autorik.

 

Lehen urteetan, baratzean baino lan gehiago egiten zuen ganaduarekin eta zaintzan. Gerora, animaliak kendu eta baratzeari eman zioten garrantzia, eta gaur arte mantendu du senarrarekin batera. “Gehiago gustatzen zait, eta polita da baratzea”, dio. “Gogorra da, baina naturak energia asko ematen du”. Denetarik ekoizten du, eta ostegunetik hasten da, larunbatean Tolosara eraman behar dituen barazki guztiak bildu, garbitu eta prestatzen.

 

Klima asko aldatu dela azaldu du. Tolosara 24 urterekin joan zen bizitzera, eta hamar urtera, klimaren aldaketa sumatzen hasi zen: “Sagarrak beratzen, tomateari gaitza sartzen,... eta orduan izugarri ugaritu ziren autoak, eta autoekin batera klima aldatu da”.

 

Azoka ere asko aldatu da Iraolarentzat. Lehen azokan izugarrizko jende pila ibiltzen zela gogoratzen du gora eta behera, eta tratuan aritzen zirela guztiak. Saltzeko modua ezberdina zela kontatu du.

 

Pozik bizitzea da garrantzitsua Joxepa Iraolarentzat, eta hori bilatu du. Daukanarekin konformatzen jakin du, eta horrekin oso gustura bizi da: “Pozik bizitzeko giza baloreak behar dira, lehenik jaio egiten da gaia, eta gero landu, eta balore horiek hartu eta zoriontsu bizi daiteke”.

 

Senarra eta biak pentsamendua “ilusioz” betea dutela esan du, eta “ilusio horrek gorputzari eta arimari asko laguntzen dio”. Festa ere maite du, eta senarra lagun, plazetan ere dantza asko eginak dira.

 

Gurasoengatik gaur egun ere baserrian geratzeko erabakia hartuko zuela onartzen du, eta bizitzan zehar asko bete du erabaki horrek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!