Maiatzaren Lehena 2021

Ehunka herritarrek bat egin dute LABek deitutako mobilizazioarekin

LAB sindikatuak deituta, Maiatzaren Lehena, baliatuta manifestazioa izan da, Tolosako kaleetan barrena, eguerdian, Trianguloa plazatik abiatuta. "Zaintza, lana, bizitza, herria" aldarrikatu nahi izan ditu sindikatuak Langileen Nazioarteko Egunean.

LABen deialdiari erantzunez eguerdian ehunka herritar bildu dira eskualdeko langileen eskubideak hauspotzeko. Aldaketa da aukera leloarekin bat eginik, gatazka guztiei indarrez erantzuteko nahia azaldu dute.

Osasun egoerak horrela baldintzatuta, ilaratan burutu dute manifestazioa, distantzia soziala errespetatuz eta maskarak jantzita. Maskarekin batera, ohikoa den eran pankartak eta banderolak aldarrikapenen isla bihurtu dira Maiatzaren 1a honetan.

Aldaketa da aukera LABen aurtengo leloarekin batera, gizarteak oro har dituen konpondu gabeko auzien zerrenda agerian utzi dute: "Zaintza, lana, bizitza, herria!". Feli Insausti Artanok, LAB sindikatuaren eskualdeko sozio komunitario saileko arduradunak, aurreko ostegunean ATARIAri aurreratu bezala: "Maiatzaren Lehena borroka guztiak aitortzeko baliatu nahi dugu". 

Honela, gaurko manifestazioan errebindikazio ugari luzatu ditu LABek. Esaterako, pentsiodunen auzia gogoan izan eta pankarta propioa zabaldu dute Tolosako kaleetan barrena: "Pentsio sistema propioa" eskatuz. Astelehenero-astelehenero eskualdeko erretirodunek egiten dute lana gogoan izanik.

Zaintza lanen aitorpen eskaerarekin batera, eskualdeko auzi nagusia presente egon behar zen Maiatzaren Lehena den honetan: osasun sistema publiko propioa. Honela, LABeko ordezkariek "Asuncion klinika publikatu, lanpostuak bermatu" aldarrikatu dute, beste behin ere.

 

Yoana Mendez, LABeko Tolosaldeko Industria arduraduna:

"Aldaketen norabidea da borrokatzen ari garena"

Yoana Mendez, LABeko Tolosaldeko Industria ardura. N.R.A.

Tolosako manifestazio amaierako mezuaren irakurketa LABeko Tolosaldeko Industria arduradunaren esku gelditu da. Yoana Mendezen ahotsak, lehenik eta behin, pandemia hartu du gogoan: "Luze doa pandemia, sindemikoa bilakatu da egoera langileontzat, osasun krisia ez ezik, krisi ekonomiko eta soziala ere ekarri du. Aldaketak ekidin ezinak eta ezinbestekoak dira, aldaketen norabidea da borrokatzen ari garena".

Jarraian, Iruñean izandako emakume sindikalen atxiloketak izan dituzte gogoan: "Gure borroka kriminalizatzeko saiakeran urrats berri bat izan da, mezu argia bidali digute, eta hemendik gaur gure erantzuna: ez gaituzte gure bidetik aterako".

Prekaritatearen erruz, Euskal Herrian aurten hil diren 18 langileak gogora ekarri eta batik bat, Joaquin Beltran, Zaldibarko zabortegian desagertuta jarraitzen duen langilea eta bere familia gogoan izan dituzte Langileen Nazioarteko Egunean. 

Gaurko leloarekin bat egin, eta norabide aldaketari erreferentzia eginez, LABen Programa Sozioekonomikoa zerrendatzeko baliatu dute manifestazio amaierako mezua: zerbitzu publikoak indartu eta enplegua defendatu eta duindu. Honela, greba mugagabean 100 egunetara iristear diren Tubacexeko langileei euren elkartasuna luzatu nahi izan diete Tolosako Trianguloa plazatik.

Pankartek erakutsi bezala, amaierako aldarrikapenetan emakume zein pentsionistei luzatutako keinu bereziak izan dira: "Sektore feminizatuetako emakume guztiei, esentzialak ezinbestekoak zarete, bada garaia zuen lanaren balioa aitortu eta soldatak eta lan baldintzak duintzeko".

Pentsionistei berriz, "eredugarriak" direla jakinarazi die LABeko ordezkariak: "Hiru urte luze, astero astero kalean mobilizatuz. Eredugarriak zarete!".

Auzi guzti hauen aurrean, LABek aurreratu duenez, "greba eta mobilizazio berriak" baino ez dira geratzen: "Momentuak beste greba orokor bat eskatzen du. LAB prest dago Greba Orokorraz hitz egiten hasteko".

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!