Maiatzaren Lehena 2021

«Maiatzaren Lehena borroka guztiak aitortzeko baliatu nahi dugu»

Rebeka Calvo Gonzalez 2021ko api. 29a, 07:59

Langileen Nazioarteko Eguna izango da etzi. Bigarren aldiz pandemia betean ospatuko da eta iaz bezala, aurten, LABek krisian dagoena sistema bera dela utzi nahi du agerian. Feli Insausti Artano LAB sindikatuaren eskualdeko Sozio Komunitario saileko arduradunaren hitzetan inoiz baino agerikoagoa da «norabide aldaketa» bat behar dela.

LABek eskualdeko herritarrak mobilizatzera deitu ditu Maiatzaren Lehenaren bueltan. Bihar auto karabana egingo du 10:00etan Tolosako Usabal industrialdetik irtenda eta larunbatean bertan manifestazioa egingo du 12:00etan Trianguloa plazatik abiatuta. «Norabide aldaketa» bat behar dela uste du sindikatuak, «egungo sistema kapitalista, heteropatriarkala eta ekozidarekin jarraitzea prekarizazioan sakontzen jarraitzea» dela uste baitu.

Aldaketa da aukera. Zaintza, lana, bizitza, herria! da aurtengorako aukeratu duzuen leloa. Momentu erabakigarrian gaude eredua iraultzeko?
Maiatzaren Lehena, zabalik dauden borrokak aitortzeko ez ezik, etorriko diren mobilizazio eta greba berriei indarrez ekiteko ere baliatu nahi dugu. Egun bat dugu aldarrikapenerako eta klase harrotasuna erakusteko, eta inoiz baino argiago dago norabide aldaketa bat behar dugula. Sistema honi ezin zaio eutsi, ez sozialki, ez ekologikoki. Aldaketak saihestezinak dira eta jokoan dagoena da aldaketa horiek zein norabidetan egin behar diren, eta horretara bideratu behar dira politika publikoak. Kapitala edo bizitza aukeratu behar da. 

Zein norabidetan eman behar da aldaketa?
Trantsizio ekosozialista eta feminista bat behar dugu. Garapen paradigma berri bat behar dugu, demokratikoagoa. Horregatik aukeratu dugu Aldaketa da aukera leloa. Egungo sistema kapitalista, heteropatriarkala eta ekozidarekin jarraitzea prekarizazioan sakontzen jarraitzea da, arrakala sozialak areagotuz eta sektore publikoa eta zerbitzu publikoak ahulduz. Zaintza-krisia eta klima-krisia konpontzen ez dituen sistema da.

Aurten ere zaintza jarri nahi duzue erdigunean, beraz. 
Pandemiak agerian utzi du bizitzari eusteko funtsezko lanak zeintzuk diren, kasu gehienetan emakumeek egindako lanak izanik, modu prekarioan gauzatzen direnak. Ez da hartu enplegu hori duintzeko neurririk  eta lan-erreformen ondorioetako bat enplegua suntsitzea oso erraza dela  geratu da agerian. Enpleguaren galera horren aurrean, erakundeek langileak bazterrean utzi dituzte, eta hori salatu nahi dugu Maiatzaren Lehenean.

Zein da eskualdeko argazkia, zaintzari dagokionez?
Lehenik esan beharra dago zaintzaren barnean dagoen sektore prekarizatuena dela etxez etxeko laguntzarena; ez daukate soldata finkorik, egindako lan orduengatik kobratzen dute, euren kontratuko lan jardunaldiak ez dira errespetatzen eta zerbitzuen gorabeherak markatzen du euren egunerokoa. 2008tik soldata igoera gabe daude eta oinarrizko soldata garbitasunekoa baino baxuagoa da, lotsagarria da. Eskualdeari lotuta, Tolosako egoerari buruz hitz egin nahiko nuke. Udalari dagokio langile horien lan baldintzak duintzeko apustua egitea, izan ere udalaren eskumeneko zerbitzu publiko bat da eta guztiz pribatizatua dago. Honela, lehiaketa publikoko pleguek bermatuko lituzkete lan baldintza duinak zerbitzuak behar duen errekonozimendua emanez, bertako langile eta erabiltzaileak erdigunean jarriaz. Langileriak eta sindikatuok lan hitzarmen duina lortzea dugu helburu. Bide horretan herritarron babesa behar dugu, guztioi eragiten digun arazoa delako. Zaintzak guztioi eragiten digu orain eta etorkizunean.

Zein irakurketa egiten duzue pandemiaren kudeaketaz?
Sindemia bihurtutako pandemian kapital handiaren eta elite ekonomiko baten interesak lehenetsi dira. Ez dago osasun publikoan inbertitzearen aldeko apusturik eta erantzukizun politikoak saihestu dira. Zama guztia herritarren erantzukizunean jarri da, neurriak gogortu eta malgutzearen arteko oreka arriskutsuari eusten saiatuz, eta orain ikusten dugu dena fidatu nahi zaiola txertaketa-estrategiari.  2008ko krisiari emandako erantzunarekin, aldeak daude, hala ere. Izan ere, kapital transnazionalen beharrak desberdinak dira. Aurreko krisian bankuak erreskatatu ziren eta austeritate politikak nagusitu ziren. Oraingoan, diru publikoa ekonomian sartzea erabaki dute, erreforma fiskalik gabe, eta murrizketa berriak etorriko dira. Diru publikoa esku pribatuetara bideratzera mugatuko dira, inolako baldintzarik gabe, trukean inolako konpromiso sozialik eskatu gabe. Diru publikoa multinazionalen beharretara bideratuz geroa, inbertsio publiko horretatik kanpo geratuko dira zerbitzu publikoak, zaintza-sistema publikoa eta lan eta bizi baldintza duinak. 

Eta zein mezu helarazi nahi diozue patronalari?
Aernnova, PCB edo Tubacexen borrokak kontuan hartu behar dituzte patronalak eta Eusko Jaurlaritzak. Borroka ez da agortzen enplegu-erregulazioko espediente baten negoziazio-aldia amaitzen denean eta bide judiziala irekitzen denean; borrokak aurrera jarraitzen duela nabarmenduko dugu. Borroka sindikalarekin batera, mugimendu feministaren, pentsiodunen eta gazteen borrokaren balioa ere azpimarratu nahi ditugu. Maiatzaren Lehena borroka horiek guztiak aitortzeko eta mobilizazioan sakontzeko eguna izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!