Elkarrizketa

«Baserrietan gazteak behar ditugu»

Makinari esker, Behieko produktuak Tolosako kalean ere eros daitezke. I. SAIZAR

Zuaznabarrek eta Muruak kezka agertu dute lehen sektoreak bizi duen egoera dela-eta; baserriak martxan jarraitzea nahi dute.

Uste duzue gizarteak baloratzen duela baserritarrok egiten duzuen lana?

G. Z.: Gizartea nekazaritza mundutik oso urruti bizi dela pentsatzen dut, nahiz eta, askotan, bata bestearen ondoan egon. Gizartea askotan mundu birtual batean bizi dela ikusten dut, eta guk beste maila bateko egoerak bizitzen ditugula. Momentu honetan komunikabideetan eta asko entzuten dut bertako produktuaren kontsumoa bultzatzen eta ingurumenaren kezkak zabaltzen, baina gero nik uste dut gizarteak oso-oso jakinduria gutxi daukala nekazaritzaz. Asko hitz egiten da baina arrakala handi bat dago gizartearekin eta baserri munduarekin. Neurri handi batean, gaur egunean, gauzak telebista eta ordenagailuetan ikusten dira, eta aldamenean dauzkagun baserritarren lana oso ezezaguna da. 

F. M.: Lehen, esaterako, Altzon baserri guztietan zegoen martxa, eta hori gauza normala zen. Baserritar herri bat zen Altzo. Gaur egun oso gutxi gaude baserritik bizi garenak. Baserriak badaude, baina ganadu aldetik edo hutsak. Altzo baserri eremu bat da, baina ez dakit jendeak zenbateraino bizi duen hori; baserriko ikuspegia duten edo kaleko ikuspegia duten herri txiki hauetan ere. Asko aldatu da. Hala ere, nik uste dut jendeak gure lana baloratzen duela, baina informazioa ez dakit behar adina ba ote duen edo jaso nahi duen.

Bazterrean zaudetela sentitzen duzue?

G. Z.: Sentipen hori ez daukat, baina batzuetan gauza asko gertatzen zaizkigu guretzako txoke handi bat direnak. Adibidez, guretzat belardi bat ganaduarentzako janaria izateko leku bat da, eta urtean zehar zaintzen dugu. Kaletar batentzako ematen du etzanda egoteko alfonbra bat dela, txakurra paseatzeko edo auto-kros egiteko. Oro har, batzuk baloratuko dute gure lana, baina beste askok ez. Sentsazio kontrajarri hori badaukat.

F. M.: Baztertuak ez nuke esango. Estimatzen gaituela jendeak nik uste, eta hori horrela da, baina ezjakintasuna dela esango nuke. Bizimodu honek daraman abiadura da. Industrializatuta dago inguru guztia eta horrek dena aldatzen du. Gu beti predikatzen ari gara, baina ez dakit inork kasurik egiten digun.

Gregorio Zuaznabar eta Fermin Murua. E. MAIZ

Instituzioen aldetik lehen sektoreagatik zerbait egiten dela uste duzue?

G. Z.: Pentsatzen dut baietz. Instituzioen aldetik 40-50 urte daramatzagu asko produzitu behar zela eta konpetitibo izan behar zela, eta merke. Urte askotan eta oraindik ere hori da bultzatu dutena. Orduan, hemengo baserri txikiarentzako ez dut uste irtenbiderik onena denik. Lurralde aldapatsu batean bizi gara, baserriak txikiak dira, eta ikusten dut nekazaritza intentsibo bat emateko bidea izan dela bultzatu dena. Gure baserriak askotarikoak dira, guk bizirautea lortu dugu, baina aurrera begira ez dakit zer izango den. Hor dago dilema.

F. M.: Udaletxeetatik hasi eta gorago joanda, ez dakit zeinek pentsatu beharko duen, edo baserritarrok pentsatu beharko genukeen, baina egia dena da, eta berriz ere, Altzoren kasua hartuta, marra gorrian gaudela. Baserritik bizi den gazteena 44-45 urtekoa da. Ez dakit horri aurrea zeinek hartu beharko liokeen. Instituzio aldetik bakarrik ez, gizarte aldetik ere zer gertatuko da hemen aurreratzean? Eremu hau baserritarrik gabe zer izango litzateke?

Lehen sektorearentzat beharrezkoa da garaikoa eta bertakoa kontsumitzea. 

G. Z.: Guk gehiena salmenta zuzenaren bidez saltzen dugu, beraz, inguruan jende bat daukagu eta nolabait, harreman zuzena dugu beraiekin eta oso fidelak izan dira gurekin. Zentzu horretan nik uste baloratzen dutela. Azken urte dezentetan, nekazaritza urritzen joan da eta biztanleak handitzen, eta gure potentziala janariak-eta ekoizteko asko minimizatu da. Lehen zegoen sistema, hau da, baserri guztiak martxan eta, gaur egun oso desegituratuta dago.

F. M.: Bertakoa edo garaikoa kontsumitzeak bere garrantzia badu. Noski duela, eta orain hainbeste hitz egiten den Zero Kilometroa eta hori guztia. Nolabait, zuk bertakoa eta garaikoa jaten baduzu, Berakoetxeak bere txikian edo Behiekok, 2-3 langile ditu. Jatekoa ekoizten duzu eta lanpostuak sortzeko aukera dago.

Zer esango zeniokete baserriko lanari heltzeko zalantzan dagoen bati? 

G. Z.: Gogoa badu eta gure lanbidea gustatzen baldin bazaio saiatzeko esango nioke. Guk ere behar ditugu ondorengoak eta gustatuko litzaiguke gure baserriek martxan jarraitzea. Egoera zaila da, eta hasi behar duenarentzat gehiago, baina baserrietan gazteak behar ditugu eta nik animatzeko esango nioke. Gure partetik laguntza behar badu, ahal den neurrian, laguntzeko prest egongo ginatekeela. Behar dugu atzetik baten bat jarraitzeko.

F. M.: Dudarik gabe guk animatu egingo genituzke, baina esan behar da zein lanbide gogorra den. Beraiek aukeraketa egin behar dute, ondo probatu eta ikusi egin behar dute zein lan den eta zein baldintzatan egiten den. Guk orain arteko lana egin dugu, eta noski gazteak animatuko ditugula, baina gero beraiek ere beraien lana egin beharko dute. Gu era batera aritzen gara, eta agian beraiek beste era batera egin beharko dute lana. Aldatzen doa erabat lan egiteko era eta salmenta. Erraza ez da, baina ezer ez da erraza.

Azken mezurik baduzue?

F. M.: Hemen gaudela baserritarrak. Lan bat egiten dugula janariak ekoizteko eta ingurumena mantentzeko, eta hori kontuan hartu beharko litzatekeela uste dut. Beste kultura bat da, eta kultura honi ez dakit zeinek eta nola, baina nolabait adierazi beharko lirateke gure kezkak eta gogoak.

G. Z.: Gizarte honetan gure lana inguru bat zaintzea litzateke eta janariak ekoiztea. Guk kudeatzen ditugun sailak eta lurrak ondorengoentzat egoera onean uztea ere gure lanaren parte dela kontsideratzen dut. Gizarteak eta munduak aurrera jarraituko du, eta hor dago lan hori, eta denok behar dugu bizileku bat eta guztiok behar dugu janaria. Espero duguna da ondorengoentzat gauzak ahalik eta ondoen uztea.

Erlazionatuak

«Bakoitzak bere aldetik egin beharrean, bion artean egitea pentsatu genuen»

Altzo Anoeta

Altzoko Fermin Murua eta Anoetako Gregorio Zuaznabar baserritarrek bat egitea erabaki zuten 2008an, Behieko proiektua sortuz. Altzoko Berakoetxea e...

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!