Altzoko Berakoetxea eta Anoetako Sarobe baserriek bat egiten dute Behieko proiektuan. Fermin Murua altzotarra eta Gregorio Zuaznabar anoetarra dira 2008. urtean batera lan egitea erabaki zuten baserritarrak. Esnea eraldatu ahal izateko sortu zuten Altzon esnetegia. Momentu honetan esne pasteurizatua eta jogurtak ekoizten dituzte.
Gazte erabaki zenuten baserriari eustea. Erabaki erraza izan zen?
Gregorio Zuaznabar: Nire kasuan erabakia 25 bat urterekin edo etorri zen. Erabakia oso zaila izan zen. Irakasle ikasketak egin nituen, eta urte pare batez eskolak ematen aritu nintzen. Baina bat edo beste aukeratu behar nuen. Asko kostata eta zalantza askorekin baserrian jarraitzea erabaki nuen. Oso egoera txarrean zegoen, eta gure adineko gazte gehienek ez dute jarraitu baserriaren bidea. Oso gutxi geratzen gara, eta ondorengoak ere ez dira asko. Azken urteak baserri munduarentzat zailak izan dira.
Fermin Murua: Janaria beti izan dugu hemen, baina lan asko egin beharreko ofizioa da. Lotura handikoa eta asko gustatu behar zaizuna da lan honetan hasteko. Gaztea zarenean zure lagun guztiek ere beste bizimodu bat dute. Fabriketan-eta, gero eta jende gehiago aritzen zen lanean. Hor badaude gauza batzuk kaleko bizimodutik ezberdinago edo geratzen zarela. Gauza batzuk egin gabeko pena agian geratzen zaizu, baina besterik ez.
Eta noiz eta nolatan elkartzen dira zuen bizitzak?
G. Z.: Nik pentsatzen dut baserri inguruko gaiekin elkar ezagutu genuela. Sindikatu eta elkarte batzuen bidez, eta bidaia batzuk ere egin izan ditugu batera. Eta batik bat abeltzaintza ekologikoak batu gaitu proiektu honetan. Biok esne ekologikoa ekoizten genuen, eta biok geneukan buruan pauso berdina ematea; esnea pasteurizatu eta elaborazioa gehiago lantzeko asmo hori. Bakoitzak bere aldetik egin beharrean, bion artean egitea pentsatu genuen. Ferminek Altzon aukera zeukan esnetegi bat jartzeko. Elkarte bat osatu genuen eta hemen Altzon hasi nintzen. Nire kasuan Altzora esnea ekartzen hasi ginen. Lehenik eta behin esnea pasteurizatzen eta gerora jogurtak egiten hasi ginen, eta gaur arte.
Behieko sortu zenuten. Noiz gauzatu zen?
F. M.: Nik uste dut 2008-2009 urte inguruan hasi ginela ideia honekin. Baina 2010. urtean gauzatu zen. 2009an proiektua egin eta 2010eko udaberrian hasi ginen esnea pasteurizatzen. Eta oker ez banago urtebete beranduago hasi ginen jogurtekin.
Erraza izan zen proiektua gauzatzea?
G. Z.: Denbora eta ordu asko sartu ditugu proiektu honetan, eta energia ere bai. Baina gauza bat egin nahi duzunean, eta sinisten duzunean gauza horretan gogor egiten duzu lana. Ez dela erraza izan pentsatzen dut, baina orain artean egin dugun ibilbidea ona izan da, nahiz eta, eguneroko borroka bat den.
Nolakoa izan zen lehen urtea?
F. M.: Oso gogorra izan zen, apustu handi bat. Gregorio eta biok hasi ginen elaborazioarekin, eta lan guztiez aparte, elaborazioko lanak ere guk egin behar izaten genituen. 21:00ak edo 22:00ak aldera lanak bukatu, eta elaborazioarekin hasi behar izaten genuen. Oso-oso hasiera gogorra izan zen, baina segituan pentsatu genuen beste pertsona bat hartu beharra geneukala, eta horrela arindu zitzaizkigun lanak. Esnearekin bakarrik hasi ginen. Gainera, dena berria zen guretzako. Hasieran poltsetan sartzen hasi ginen, eta gero kristalezko botiletara pasa ginen.
G. Z.: Hasieran Ferminek eta biok egiten genuen elaborazio lana, baina ez da elaborazioa bakarrik. Honelako proiektu batek lan burokratiko handia du, eta izan dugu laguntza, baina inguruko lan guzti hori ere zenbait kasutan konplikatua da, eta buruhauste dezente ematen ditu.
Bertan lan egin beharrekoak baino gehiago?
G. Z.: Hasieran bai. Luze joaten da; pentsatu, proiektua egin,... Gaur egunean burokrazia zama handia da. Aurretik ere lan asko egin behar izan da martxan hasteko. Pertsona bat hartu behar izan genuen esnetegiko elaborazio lan horiek egiteko, eta gerora begira lan gehiago hartu ditugu, eta pertsona gehiago ere ari dira elaboratzen. Momentu honetan, elaborazioan eta kontuak eramaten laguntzen bi pertsona eta erdi ari direla esan genezake.
Lanpostuak ere sortu dituzue, beraz, proiektuarekin?
F. M.: Bai. Azkenean lana handitzen doan heinean, ikusten duzu lan bolumen horretan bakarrik ezin zarela aritu. Esan duen moduan bi pertsona ditugu lanaldi osoan eta bat lanaldi erdian, eta horrek ere ematen digu poz bat. Baina, era berean, behar dugulako da, bestela ezinezkoa izango litzateke gure proiektua aurrera ateratzea.
Ingurukoek zer zioten proiektuaren inguruan?
G. Z.: Inguruko jendeak animatu egin gaituela pentsatzen dut, eta lagundu. Laguntza handia eman digu baita Lurgintza elkarteak ere. Bezeroen aldetik, berriz, gu lehen ere esne gordinarekin ibiltzen ginen, eta batzuk pasa dira esne pasteurizatura eta beste batzuk gordinarekin jarraitzen dute. Jendeak ondo hartu duela iruditzen zait, eta animatu gaituela.
F. M.: Nik esango nuke naturaltasunez hartu zuela jendeak. Bai Gregorio eta baita ni ere salmenta zuzena egiten aritzen ginen, eta hau beste pauso baten moduan hartu zen. Pixka bat gizarteak eskatzen duen pauso bat izan daiteke. Jendeak animatu gaitu.
Esnearekin hasi zineten. Gaur egun zer da ekoizten duzuena?
F. M.: Bakoitzak bere etxean behiak ditu. Esnea ekoizten dugu, eta Altzon biltzen dugu esnea. Nire kasuan bertan dago esnea, eta Gregoriok Altzora ekartzen du. Gero, esne pasteurizatua eta jogurtak egiten ditugu, naturalak.
Horiek komertzializatzeaz zuek arduratzen zarete. Salmentarako sarea egin behar izan duzue?
G. Z.: Pixkanaka. Guk lehen ere salmenta zuzena egiten genuen, eta bagenuen bezero kopuru bat eskaintzeko. Merkatuetan ere saltzen genuen, eta denda batzuetan ere bai. Honekin egin duguna da pixka bat gehiago zabaldu, pixkanaka-pixkanaka. Momentu honetan salmentan Fermin, nire bikotea Ana [Agirre] eta Mattin [Rezola] langilea ere aritzen dira, eta Olaberriko Behiekok ere laguntzen digu komertzializazioan. Honekin sarea zabaltzen eta bezero berriak egiten joan gara. Lehen, agian, Tolosaldetik ez ginen ateratzen, baina gaur egun beste leku batzuetara ere iristen gara: Donostia, Oiartzun, Zarautz, Usurbil, Deba... Sarea eratzen joan gara eta ari gara oraindik ere. Lantegi, eskola edota haurtzaindegi batzuk ere hornitzen ditugu.
F. M.: Gipuzkoan gure salmenta puntua daukagula esan daiteke. Beti dago eskaera berriren bat edo beti dago baten bat uzten duena. Beti dago zer egina, zer hobetua...
Baserrira itzulita, bakoitzak berea du, baina zein da zuen egunerokoa?
G. Z.: Nire kasuan, Anoetan, oraindik ere esne gordina ontziratzeko baimena dut, eta nire lanetako bat hori izaten da, esnea ontziratzea. Gero ukuiluko lanak hasten dira. Behiei jaten eman, behiak jetzi, etzalekuak garbitu... Nire bikotea ere nirekin batera aritzen da baserrian, eta batik bat bera arduratzen da salmentaz; eta momentu honetan, tarteka-tarteka, hona Altzora ere etortzen da elaborazioak egiten laguntzera. Bestela, lana askotarikoa da, izan daiteke belarretan, baratzean edo garai honetan, baita basoan ere. Lana beti dago, eta normalean, guk egin genezakeena baino gehiago.
Beraz, egun guztiak ezberdinak dira?
F. M.: Egun guztiak ezberdinak, baina goiz eta iluntze guztiak berdinak dira. Behiak jetzi eta ukuiluko lanak egitetik asteko zazpi egunetan ez gara libratzen. Ukuiluko lanak ez, baina urte sasoiaren arabera aldatu egiten dira kanpoko lanak. Uda garaian gehiago izaten da belarretan lana, negurako pilatzeko. Neguan simaur lanak gehiago, garbiketa edo baso lanak egitea izaten da. Eta mantenu lanak ere izaten dira egin beharrekoen artean. Asteko hiru egunetan banaketa lanetan ere aritzen naiz. Mutil bat daukat ukuiluko lanetan laguntzeko eta bera geratzen da ukuiluan, eta esnetegian lagundu behar bada ere aritzen naiz. Denetik egin behar da zerbait.
Aspertzeko denborarik gabe zaudete.
F. M.: Batzuetan lanarekin aspertzen gara. Jende askori zaila egiten zaio ulertzea, baina gure bizimodua da hau. Askok esaten dute hainbeste ordu lanean eta... gu ohituta gaude.
Momentu honetan ukuilura sartuko bagina zer aurkituko genuke?
G. Z.: Behiak kanpoan daude eta hiru txekor txiki geratu dira. Jateko belar ondua, alpapa pixka bat, siloko belarra, pentsua... dute. Eta zazpiak aldera sartuko dira behiak barrura.
F. M.: Eguraldi onak hasten direnean behiak ere ateratzeko gogoz egoten dira, eta gu bidaltzeko. Negutik udararako trantsizioa izaten da, eta ukuiluan oraindik kanpora atera ez ditugun txekor txikiak izaten dira.
Urte sasoi bakoitzak baldintzatzen du baserritarren lana. Zein sasoi duzue gustukoena?
G. Z.: Garai bakoitzak bestea eskatzen duela pentsatzen dut. Agian, neguan gaudenean, eguna luzeago izatea eskertuko genuke, eta gero udaberria indar askorekin etortzen da, eta askotan ustekabean harrapatzen gaitu. Udaran beroarekin belarretan hasten gara, eta horrek lan gehiago egitea eskatzen digu. Udazkena ere pixka bat izaten da uzta jasotzea. Beste etapa bat da, eta udazkenean gaudenean bai eskatzen dugu deskantsu gehiago izatea eta negua iristea, lasaixeago ibili ahal izateko. Urtaro bakoitzak dauzka bere gauza onak eta txarrak; bakoitza bere nolakotasunarekin, bueltaka hor gabiltza urtean zehar, batetik bestera.
F. M.: Bai. Urtaro guztiek daukate bere alde ona eta txarra. Udarako lan saioa bukatzen denenean, belarketak eta udazken aldera simaurketak egiten badituzu, pixka bat iruditzen zaizu lan guztiak menderatuta dituzula. Ez da horrela, baina sentsazio horrekin geratzen zara udazken aldera. Azken finean urte osoan dago lana, eta urtaro bakoitzak ditu bere alde onak.
Belarra biltzeko garaia izango da lan askokoa.
G. Z.: Udaberritik aurrera jada kanpoa hasten da martxan eta guk ere kanpoarekin batera lan egin behar dugu. Eguna ere luzeagoa izaten da udaran, eguzki ordu asko. Askotan presaka edo eguraldiaren arabera ibiltzen gara, eta momentu batzuetan izaten da estres moduko bat. Udara izango litzateke aktibitate gehiena izaten dugun urtaroa? Posible da.
F. M.: Oraingo belarrak egiteak eta gure ume garaiko belar egiteak ez dauka inongo zerikusirik. Meta egin behar zela edo gurdian belarrak ekarri eta ganbaran bota... Orduan egiten ziren lanekin konparatuta, oraingoa batzuetan pentsatzen dut jolas bat dela. Azkarrago eta presa handiagoz ibiliko gara, baina zerikusirik ez du.
Baserrian ere aurrerapenak egon direla, alegia.
F. M.: Bai, noski, eta eskerrak gainera. Beharrezkoak dira.
Zeruari asko begiratzen diozue zuek?
G. Z.: Gure egunerokoan eguraldia oso aldagai inportantea da, eta bai, egunero begiratzen diogu. Eguraldiaren arabera lan egin behar dugu. Gure lurrak nola dauden, zein giro dagoen gure lurretan, eguzkia edo euria dagoen,... asko baldintzatzen du gure lana.
F. M.: Hori ere aldatu egin da gaztetatik gaur egunera. Lehen zerura begiratzen zen, eta orain Internetera begiratzen dugu, eta nik uste asko aurreratzen dugula horrekin ere.
Era batera edo bestera, baratzea ere lantzen duzue.
G. Z.: Lau bat mila metro koadroko baratzea dugu aire librean, eta bi berotegi txiki ditugu. Baratzea ere urte guztian lantzen dugu. Baratzeko etekina ere garrantzitsua da guretzako. Zuzenean saltzen dugu, batik bat, Villabonako merkatuan. Baratzean ere urte osoan ditugu lan ezberdinak. Ez da gelditzen erabat, baina esan genezake negu aldera pixka bat gelditzen dela baratzeko martxa.
F. M.: Gure kasuan baratzea etxeko kontsumorako egiten dugu, baina bai egiten dugu Tolosako Babarruna. 3.000 metro inguruko sail bat egiten dugu, eta esnekien osagarri moduan izan daiteke.
Atsedenik bada baserrian?
G. Z.: Atsedena beste lanbide batzuetan dagoen moduan ulertuta, gutxi; askoz gutxiago. Gure lantokia etxean dago, baserrian, eta etxe inguruan bazaude beti izaten da zer egina, nahiz eta, lasaiago aritu edo igandea izan. Egia esan oso diferentea da baserriko bizimodua, beti dago zerbait egiteko. Agian dinamika aldatzen da eta asteburuan lasaiago aritzen zara, baina ez da eten bat lanarekin, jarraitzen dugu.
F. M.: Atseden moduan, guk ez dauzkagu asteko bi egun jai. Astelehenetik ostiralera izaten dugu lan karga handiagoa, eta asteburuan zure gauza batzuk egiteko ere denbora hartzen duzu. Atsedena norberaren gain dago. Beti dago zer egina, baina zenbait lan atseden moduan hartzen dituzu.
Eta oporrak hartzeko aukerarik baduzue?
G. Z.: Ba azken hamar urteetan ez dakit hamabost eguneko oporrik hartu dudan. Normalean gure oporrak motzak izaten dira, aste-bukaera bat edo egun-pasa bat, tarteka-tarteka. Hartu izan ditugu, baina gure kasuan konplikatua da oporrak hartzea, batik bat, ganadua baduzu. Baten batek gelditu behar du baserrian, eta ez da erraza. Horrek lotura handia suposatzen du. Baserriak bere dinamika du eta ez dago oporretan. Lan ezberdin asko daude egiteko, eta horiek guztiak ordezkatzeko pertsona aurkitzea ere ez da erraza. Eta batzuetan bai edukitzen dut sentsazioa korrika joaten naizela oporretara eta korrika bueltatzen naizela. Joaten gara, baina aurretik gauza guztiak lotuta utzi behar ditugu, eta burua baserrian izaten da.
F. M.: Agian izango da opor gutxiegi egiten ditugulako eta ohiturarik ez dugulako. Horretara ohitu gara, eta hiru-lau urtean behin astebetetxo bat hartzen dugu, eta gustuko tokira joateko ohitura badugu. Nire helburuetan ez dago hori, baina egia esan behar bada joaten naizenean oso gustura ibiltzen naiz. Nahiko konplikatua da, eta konfiantza handiko pertsona utzi behar duzu zu oporretara lasai joateko.
UMETAKO BASERRIA
Gregorio Zuaznabar (Anoeta)
Sei anai-arreba ginen eta bertan jaio eta hazi ginen. Gurasoak baserritik bizi ziren. Esne behi batzuk genituen eta txekor batzuk ere hazten genituen. Baratzea ere izaten genuen. Hasiera batean ia gehiena Villabonan saltzen genuen etxez etxe eta merkatuan. Gogoan dut baita garai hartan, bailara osoan, baserri guztiak aktibo zeudela. Baserri guztiak martxan zeuden, eta baserri guztietan jendea bizi zen. Baserri txikiak ziren, baina guztiak bertatik bizi ziren. Gaur egun baino jende gehiago bizi ginen bailaran, eta ume gehiago ere bizi ginen. Asko aldatu da egoera.
Fermin Murua (Altzo)
Baserria gaur egungoaren antzekoa zen, gutxi gorabehera. Inguru guztia oso baserritarra zela gogoan dut. Baserri guztietan zegoen aktibitatea; ganadua edo baratzea. Baserri guztietan ume asko zeuden. Gu ere zazpi senide ginen eta amona ere bertan bizi zen, eta baita osaba batzuk ere. Zentroa zen baserria. Lana txiki-txikitatik egiten hasten ginen, baina ez dakit lan moduan hartzen genuen ere. Bizimodu bat zen. Behiak genituen, eta txekor batzuk ere gizentzen genituen, eta garai hartan, Gurelesara eramaten zen esnea. Garai batean esnea marmitetan saltzen zen, eta Alegian ibiltzen ginen.