Beldurra kentzeko gune

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko api. 25a, 07:58

Hogei urteko ibilbidean KZguneek egoerara egokitzen jakin dute. JOSU ARTUTXA

Hogei urte dira lehen KZguneak ateak ireki zituenetik. Harrez geroztik, ia herri guztietan daude KZguneak, eta teknologien mundura gerturatu eta sartzeko bide izan dira askorentzat; asko aldatu da teknologien mundua hogei urtetan, eta KZguneek denboran egokitzen jakin dute.

Euskal Herriko ia herri guztietan dauden zentro teknologikoen moduan definitu ditu KZguneak Edorta Perez Vitoria Tolosako KZguneko hezitzaileak. 2001. urtean ireki zituen lehen KZguneak ateak, eta hogei urtetan asko aldatu da teknologia.

Zentro hauen bidez, herritarrei informatikaren eta teknologiaren munduan sartzeko ate bat ireki zaiela urte guzti horietan azaldu du Perezek. Ikastaroak, erremintak, tutoretzak... prest izaten dituzte gerturatzen diren guztien zalantzak argitzeko, eta batez ere, gaur egun, «teknologiari dioten beldur hori kentzeko», azpimarratu du.

Hogei urte ez dira asko, baina teknologiaren munduan pauso asko eman dira, eta asko aurreratu da. KZguneak herrietan zabaltzen hasi ziren garaian, Perezek gogora ekarri du, etxe askotan, agian ordenagailua bai, baina Internetik ez zela, eta ez zegoela Internet zerbitzua jartzeko aukerarik ere. «ADSL-a existitzen zen garai hartan», dio hezitzaileak, eta «herritarrei teknologia berrietara konektatu ahal izateko zentroak eskaintzea oso garrantzitsua zela ikusi zen».

Teknologia asko aldatu dela azpimarratu du, eta horrekin batera, baita KZguneak ere. «ADSL batetik gaur egungo konexioetara aldatu gara; askoz ere azkarragoak dira. Ordenagailuek ere bere eboluzioa izan dute; software aldetik, hasieran erabiltzen genituen aplikazioak eta gaur egun erabiltzen ditugunak erabat ezberdinak dira. Oso denbora gutxian asko aldatu da dena, eta aldatzen doa egunero», argitu du. «Momenturo birgaitzen gaude», gaineratzen du. «Guk ere eguneratu behar ditugu gure zerbitzuak, batez ere, jendearen eskaria bide horretatik joango delako». «Ezin gara geratu orain dela hogei urteko erremintekin, ez aplikazioekin eta ezta ikastaroekin ere».

Edorta Perez Vitoria: «Gauza bat da Internetako sarbidea izatea, eta beste gauza bat da teknologia hori erabiltzen jakitea» 

Hori guztia kontuan hartuta zerbitzuak aldatzen joan dira KZguneetan. «Hasieran zerbitzu murritzagoak genituen, baina gaur egun ikastaroez aparte, beste zerbitzu dezente ditugu». Esaterako, administrazioarekin ziurtagiri elektronikoak tramitatzeko zentroak ere badira.

Egun Internet aldean darama jende askok, baina etxean ez du ordenagailurik edo Internetik, eta gainera: «Jende hori mugikorrarekin moldatzen da, edo Internet munduan sartu da, baina hala eta guztiz ere zalantza asko dauzka jendeak. Gauza bat da zuk Interneteko sarbidea edukitzea, baina beste gauza bat da teknologia hori erabiltzen jakitea», adierazi du Perezek.

Teknologiaren mundura sartzen

Jende gaztea ia ez dela KZguneetara gerturatzen dio. Tolosako hezitzaileak erabiltzeen profilak, gehien bat, adin batetik gorakoak direla aitortu du, helduak: «Orain teknologiaren munduan sartzea tokatzen zaie, eta ez daukate beste biderik etxean ikasteko, eta guregana etortzen dira». Batik bat, ordenagailua edota mugikorra erabiltzen ikasi nahi dutela kontatu du: «WhatsAppa erabiltzen badakite, baina hortik aurrera gutxi». Tutoretza pertsonalizatuak egiteko aukera eskaintzen dute, eta bakoitzak dituen zalantza pertsonalak argitzeko eta erakusteko baliatzen dituzte.

Ikastaroak dira KZgunearen oinarri nagusiena, eta tutoretzez gain, nabigatzeko tartea ere ematen dute. Online ikastaroak dituzte, hitzaldiak ere eskaintzen dituzte Youtubeko kanalean edota tramiteak egiteko aukera ematen dute, besteak beste. «Erabiltzaileen eskaeren arabera planteatu daitezke beste gauza batzuk, eta irekita gaude edozein erabiltzaileren gomendioak jasotzeko», esan du. Tramite guztiak online bidez bideratzen ari direla-eta, gazteagoen kasuan legoke instituzioekin egin beharreko tramiteen zalantzak argitzearena. «Laguntzeko gaude», dio.

Tolosaldeko herri guztietan daude KZguneak, eta hezitzaileek egutegi bat dute eta tarteka bisitak egiten dituzte herrietan. Tolosan, aldiz, egunero dago hezitzailea. Osasun egoerak horrela behartuta batzuk itxita jarraitzen badute ere, pixkanaka guztiak irekitzea dute helburu. Hamalau urte izatea nahiko da KZguneak erabili ahal izateko. Hori bai, adin txikikoek gurasoen baimena beharko dute, eta lehenik eta behin erregistratu egin behar da zentro batera joanda edo www.kzgunea.eus webgunea baliatuz. Behin izena emanda zerbitzu guztiak erabiltzeko aukera dago, eta doakoak dira. Oraingo egoera dela-eta, erabiltzaileek beharrezkoa dute aldez aurretik hitzordua hartzea.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!