«Ezagutzen ez duzun mundu baterako ateak irekitzen zaizkizu»

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko api. 25a, 07:59
Juan Karlos Margareto, Tolosako KZgunean. J. ARTUTXA

Urte gutxiren buruan, KZgunean irakatsitako guztia ederki asko menperatu du Juan Karlos Margaretok. Ikasi, erabili, nabigatu eta gozatu; hori da bere leloa; horretarako, baina, etxean ordenagailu bat nahi duela dio Tolosako KZguneako erabiltzaileak.

Juan Karlos Margareto Gabilondo (Ordizia, 1958) da bera. Anoetan bizi da, eta duela urte batzuk hasi zen Tolosako KZgunean. «Gozoki poltsa bat duen haur bat baino kontentuago nago», dio. Hainbestekoa da bere poztasuna, batzuetan, bizitokitik oinez joaten dela zentrora.

Zergatik erabaki zenuen KZgunean izena ematea?

Pentsioduna naiz, eta denbora libre ugari izaten dut. Behin, ordenagailuan ibiltzen ikasi nahi zuten dozena erdi bat lagun topatu eta talde bat osatzeko aukera eskaini zidan Anoetako KZguneko arduradunak. «Ikusiko duzu zeinen gustura arituko zaren; ikaragarri ikasiko duzu, eta ikasteaz gain, bidaiatu egingo duzu», esan zidan, nire harridurarako. Hala ere, ez genuen taldea osatzerik izan, eta ondorioz, Tolosako zentroan hasi nintzen.

Zer da bertan egiten duzuena?

Batez ere apunteak hartu eta errepasatzen ditugu; memoria lantzeko ariketa oso ona da. Teklatua eta sagua beste inork bezala erabiltzen zuen pertsona ugari ikusten nituen inguruan. Nik, ordea, KZgunera heldu nintzen arte, ez nekien zer zen ordenagailu bat. Gaur egun, oinarrizko ezagutza dut behintzat, eta nahiko ondo moldatzen naizela esan dezaket. Niretzat eskola bat da KZgunea.

Zein ikastarotan aritu zara orain arte?

Hiru ikastaro egin ditut orain arte: mahaigainaren erabilerari buruzko bat, mekanografia ikastaroa, eta une honetan, smartphoneak eta tabletak erabiltzen ikasteko ikastaro bat egiten ari gara. Tranpan erori gabe ibiltzen irakasten digute, behatza behar ez den tokian ez jartzeko. Zertarako nahi dut nik smartphone bat? Hori da benetan ikasten duguna. Une honetan, deiak egin eta jasotzeko soilik balio duen mugikor bat dut. Klaseetarako, nire bikotearena hartzen dut, baina horrenbeste aplikaziorekin erabat galduta ibiltzen naiz. Orain, ordea, ikastaro honi esker, badakit kontu handiz erabili behar dela.

Ikastaro guztiak dira interesgarriak, ikasteaz gain, dibertitzeko aukera ematen dutelako. Ezagutzen ez duzun mundu baterako ateak irekitzen zaizkizu; nik uste nuen pribilegiatu jakin batzuentzat soilik zela mundu hori. Hau ez da ikastea, hau gozatzea da.

Zer ikasi duzu hemen daramazun denbora guztian?

Baliabide teknologiko berriak behar bezala erabiltzen ikasi dut. Nire kasuan, mekanografia eta mugikorrak maneiatzeaz harago, ordenagailuan ibiltzea gustatu zait gehien. Leiho ugari zabaltzeko aukera eskaintzen du, munduko toki ezezagunera heldu eta hondartza zoragarri bateko argazkiak ikusteraino. Lehen, ez nuen zentimo bat bera ere ematen horregatik, ez nuelako ezertarako balio. Orain badakit aukera bikaina dela, beste leiho askoren artean, mundua ezagutzeko leiho berri bat ireki zaidalako begien aurrean, eta ez dut zalantzarik, ordenagailu bat erosi behar dudala. Sukaldaria naiz, eta bertan gorde nahi ditut nire errezetak. Alde ederra dago eskuz idaztetik ordenagailuan idaztera.

Anoetako KZgunean dauden ordenagailu guztiak nireak dira, eta aldi berean, bakar bat ere ez da nirea. Erabiltzaile naizenez, denak erabiltzeko aukera dut, etxean ez dudalako ordenagailurik, baina ez dira nireak, noski, ez ditudalako nik erosi. [Barreak].

Nolakoa izaten ari da ikasturte berezi hau?

Ikastaroak mugatuak izaten ari dira, pandemiaren ondorioz ezarritako neurriengatik. Bost ikasle egoten gara gehienez klasean, segurtasun distantziak mantenduz. Ikasle gutxiago izanik, irakaslearekin dugun harremana pertsonalizatuagoa da.

Zure kasuan, adinekoa izanda, zertan lagundu diezazuke teknologia berrien inguruan ezagutza handiagoa izateak?

Gaur egun, hedabideetako erreportaje ia denak digitalizatuta daude. Orain, mugikorrari esker, horiek eskaneatu ditzakezu. Hemendik urte batzuetara, den-dena egingo da ordenagailua erabiliz, eta horrela ez bada, mugikorrarekin. Ondorioz, nahitaez, edozein adineko herritarrek izan behar dute teknologia berrien inguruko ezagutza.

Zure ustez, beharrezkoa da herritar orok KZguneko ikastaroetan izena ematea?

Oro har, gizarteak ezjakintasun handia du KZgunearen inguruan. Hona etortzen diren askok pentsatzen dute ez dutela ezertarako balio, eta ez da horrela. Behin martxa hartzen duzunean, ikasteko eta lan egiteko gogoa geroz eta handiagoa izaten da. Adinekooi gehiago kostatzen zaigula? Bai, noski, baina horretarako lantzen dugu memoria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!