Koronabirusa

Tolosaldeko zortzi herri daude eremu gorrian

Ataria 2021ko api. 19a, 12:57

Elduain eremu gorrian sartu da.

Alegia, Anoeta, Elduain, Ibarra, Irura, Tolosa, Amasa-Villabona eta Zizurkilen neurri murriztaileagoak izango dituzte.

Osasun sailak emandako datuen arabera, Tolosaldeko zortzi herri daude eremu gorrian: Alegia, Anoeta, Elduain, Ibarra, Irura, Tolosa, Amasa-Villabona eta Zizurkil. Beraz, Aduna, Berrobi, Bidania-Goiatz eta Hernialde atera dira eremu gorritik eta Elduain sartu.

Eremu gorrian dauden herrietako bizilagunek mugikortasuna mugatuta izango dute, eta ezingo da herritik atera ez bada osasun edo lan kontuengatik, eta aldameneko herrira joan ahalko da soilik erosketak egin edo aire libreko kirola egitera. Horrekin batera, taberna eta jatetxeetan barrualdean soilik gosaltzeko nahiz bazkaltzeko ordutegian kontsumitu ahalko da.

5.000 biztanletik gorako herrien kasuan, intzidentzia tasa hartzen du Osasun sailak kontuan. Hala, 400eko langa gainditzen duten herriak sartzen dira eremu gorrian. Tolosaldearen kasuan, Amasa-Villabona (760) eta Tolosa (783) dira 5.000 biztanletik gorako herriak, eta biek jarraitzen dute eremu gorrian.

5.000 biztanletik beherako herrien kasuan, herriko intzidentzia tasaz gain, osasun eremuko tasa hartzen da kontuan. Bietan 400etik gora badago, eta azken zazpi egunetan gutxienez 5 positibo izan badira, eremu gorrian sartzen dira. Bada, Tolosaldeari dagokionez, osasun eremu guztiak daude 400eko tasatik gora, eta Alegian (1.056) 11 positibo izan dira azken zazpi egunetan, Anoetan (1.379) 18, Elduainen (2.469) 6, Ibarran (627) 11, Iruran (827) 8 eta Zizurkilen (593) 6, beraz, eremu gorrian daude.

Eremu gorrian dauden 5.000 biztanletik gorako herriak ondorengoak dira: Amurrio, Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Berango, Bilbo, Deba, Donostia, Eibar, Erandio, Errenteria, Getxo, Hernani, Hondarribia, Lasarte-Oria, Laudio, Lazkao, Legazpi, Leioa, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Ondarroa,Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Portugalete, Sestao, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Trapagaran, Villabona, Vitoria-Gasteiz, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga.

5.000 biztanletik beherako herriak, berriz, Aia, Alegia, Anoeta, Aramaio, Ataun, Ayala/Aiara, Berantevilla, Elduain, Eskoriatza, Gabiria, Getaria, Ibarra, Irura, Itsasondo, Bastida, Laguardia, Legorreta, Otxandio, Soraluze, Urduña, Zaldibia, Zambrana, Zestoa eta Zizurkil dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!