Kale Kantoitik

Pilotarien artean bakeak eginda

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2021ko api. 19a, 09:45

Zuek ez dakit, baina ni asko poztu naiz eskuzko pilotarien artera bakea etorri delako. Aspalditik esaten nion nire buruari “mutil hauek ez ote dituzte bakeak egingo?” Eta, azkenean, etorri da ditxosozko bake hori.

Badakizue zertaz ari naizen. Baiko enpresako pilotariek, duela hilabete batzuk, greba egin behar izan zuten beren eskubideak eta beren duintasuna defendatzeko. Eta eskerrak Aspekoek ere beren bizkarra arrimatu zuten eskakizun haietara, azkenean, lortu zen arazoa konpontzea edo bideratzea behintzat. Esan behar da oraindik Laso eta Victor, bi pilotari handi, pilotalekuetara itzuli gabe daudela, baina badirudi enpresak hitza eman zuela eta uda aldean berriro hasiko direla bi pilotari horiek ere.


Bada, greba garaiko egun gogor haietan, denek ez zuten berdin jokatu eta animoak berotu egin ziren hainbat pilotariren artean. Ni ez naiz hasiko epaile lanak egiten eta inori errua botatzen, baina beroaldi hark eraginda hitz potolo samarrak esan ziren, nik errepikatuko ez ditudanak, suari erregai gehiago ez botatzeko. Izenik ere ez dut esango, mutil horiek, beste gauza guztien gainetik, pilotari bikainak direlako eta nik denak jatortzat dauzkadalako. Uneren batean, norbaitek edo norbaitzuk agian bide okerra hartu zuten eta beste norbaitek hitz gogor samarrak jaurti zituen pilotari konkretu baten aurka. Badakigu, beroaldi garaian, askotan subkontzienteak adarra jotzen digu eta esan behar ez genituzkeenak edota lasai gaudenean esango ez genituzkeenak esatera bultzatzen gaitu eta gero damutu egiten gara, baina jadanik berandu da. Esandakoak esanda daude eta publiko egin badira denen belarrietara iristen dira eta hortik etor litezke istiluak eta liskarrak. Hemen ere antzeko zerbait gertatu zen eta pilotari batek beste baten kontra epaitegietara jo eta salaketa jarri zuen.


Gero, etorri zen binakako txapelketa luzea eta bi pilotariek eta beste guztiek ere elkarren aurka partidak jokatu behar izan dituzte eta aurpegiz aurpegi aritu behar izan dute pilotalekuan. Nik, egia esan, sufritu egiten nuen oraindik bakeak egin gabe zeudelako. Bi pilotari “kontrajarri” horiek euren arteko partiden bukaeran eskua ematen zioten elkarri eta alde horretatik gauzak gizalegez egiten ari zirela ikusten nuen. Baina oraindik epaitegiko salaketa hor zegoen eta nik sufritu egiten nuen, pilotazale gehienok bezalaxe seguru asko.


Eta, azkenean, heldu da albiste pozgarria. Baiko enpresako pilotariek, greban parte hartu zutenek, beren autokritika eginez, idatzi bat zabaldu zuten jendartera, beroaldian gauzak urrutiegi joan zirela aitortuz eta gauzak konpontzeko borondate zintzo eta argia azalduz. Beste aldeak ere ulertu zuen eskua luzatzen ari zitzaizkiola lehen aurka egondakoak eta nahiago zutela afera hura ahaztu eta hemendik aurrera pilotan eta jokoan bakarrik indarrak eta gogoa jartzea. Eta epaitegietan jarritako salaketa erretiratu zuen eta pentsatu nahi dut zauria sendatzen joango dela eta pilotariek jokoan eta elkarbizitza jatorragoan pentsatzeko eta zentratzeko aukera gehiago izango dutela hemendik aurrera. Pentsatu nahi dut baita ere pilotariek beren artean lasaiago hitz egiteko patxada hartu dutela eta minak leuntzeko eta gauzak bere onera ekartzeko ahaleginak egin dituztela. Eta hala ez balitz, gomendatuko nieke, ahalegin bat egin dezatela, besterik ez bada bitartekari bat hartuta, horrela denek irabaziko baitute eta guk ere bai pilotariak pilotan jokatzeaz bakarrik arduratuko baitira eta gizalegean ere irabazi egingo dute. Horixe opa diet bihotz-bihotzez, minak min, denak ahazten joan daitezela eta bidean egindako okerrak zuzentzen eta bideratzen asmatu dezatela. Hala bedi!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!