«Gerra informazioaren eremuan ere ebazten da»

Jon Miranda Labaien 2021ko api. 17a, 08:58
Mohamed Lamin Hamdi Tolosako Amaiur parkean. J. MIRANDA

Mendebaldeko Sahara du jatorrizko herria nahiz eta inoiz ez duen bere lurraldea ezagutu Mohamed Lamin Hamdik; bere herriaren burujabetzaren alde borrokatzeko kazetaritzaren bidea aukeratu du, eta orain, Tolosaldetik ari da lanean.

Barberia Beramenditarren etxera, Ibarrara, 2000. urtean iritsi zen lehen aldiz Mohamed Lamin Hamdi (Dajla, Tindouf, 1992). Oporrak Bakean programan parte hartu zuen bost urtetan eta iazko abendutik, berriz ere, hemen bizi da. Kazetari lanak egiten ditu, besteak beste, Aljeriako El Badil TV telebistarako. Egiten dituen erreportajeekin Euskal Herrian saharar herriarekiko dagoen elkartasun mugimenduaren berri ematen dio arabiar munduari.

Zein oroitzapen gordetzen dituzun lehen aldiz Euskal Herrira iritsi zineneko garaiaz?

Oso oroitzapen politak ditut. Lehen aldian ez nuen hizkuntza menderatzen eta dena arrotza egiten zitzaidan. Dena den, esperientzia bikaina izan zen bost urteetan bizi izan nuena. Hemengo familiak bikain jaso ninduen. Oso eskertuta nago eta asko maite ditut. Asmoa dut hemengo familiarekin bizi izan dudana jasoz liburu bat egitekoa eta haiei eskaintzekoa.

Errefuxiatu kanpamenduetan jaio zinen zu. Familia zabala zarete?

Bai. Nire gurasoak SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren sorrera ezagutu zuten eta Mendebaldeko Saharatik ihesi atera behar izan zuten. Nire aitak gerran borrokatu zuen eta osaba bat ere hil ziguten. Gurasoak orain errefuxiatu kanpamenduetan bizi dira, bi ahizpa eta hiru anaia ditut. Anaia gazteenak azaroan piztu zen gerran parte hartu zuen eta zauritu egin zuten frontean. Orain osatzen ari da.

Zu hemen Euskal Herrian zaudela piztu da gerra. Nola bizi izan duzu zuk egoera hori?

Nire familiarengatik kezka badut, baina handiagoa da nire familia handiarekiko dudan ezinegona. Gure jatorrizko herria lapurtu ziguten eta horrek atsekabe izugarria sortzen dit. Guk Mendebaldeko Saharan lan eta bizi nahi dugu eta helburu horren alde borrokatuko dugu hil arte. Gure lurraldea ez da inoiz Marokorena izan eta ez da sekula izango.

Oinarrizko ikasketak errefuxiatu kanpamenduetan egin eta ondoren Aljeriara jo zenuen.

Bai, bigarren mailako ikasketak Ben Srour M'silan egin nituen eta gero Aljeriako hiriburua jo nuen kazetaritza ikastera.

Zergatik erabaki zenuen kazetaritza ikastea?

Txikia nintzenean irratia asko entzuten nuen. Gero, gazteagotan, medikuntza eta zuzenbidea ikasteko aukera burutik pasa zitzaidan baina ikuspegia aldatu eta pentsatu nuen kazetaritza izan zitekeela nire herria laguntzeko modu bat. Marokok zabaltzen dituen gezur guztien aurka borrokatzeko arma bezala ulertzen dut nire ofizioa. Odolean daramat kazetari sena.

Kanpamenduetara iritsi eta berehala hasi al zinen lanean?

Bai. 2015ean bukatu nituen ikasketak eta ikus-entzunezko formazioa jaso nuen 2016an. Karim Boussalem irakasle bezala izan nuen eta nire ibilbidean bultzada handia eman zidan. Errefuxiatu kanpamenduetara itzulita SEADren RASDTVn hasi nintzen lanean. Telebista aurkezle bezala jardun dut eta erreportajeak landu ditut. Berriemaile bezala ere aritu izan naiz lurralde liberatuetan eta gobernuko kideak elkarrizketatzeko aukera izan dut. Mauritaniako telebistarentzako lanak ere egin izan ditut eta Hama Mehdirekin kolaboratu dut beste hainbat mediotan. Asko animatu nau aurrera egiten. Saharako albiste agentzia independenteko arduraduna da Mehdi eta Saharako Informazio ministerioko webguneen zuzendari.

Marokok gezur asko zabaltzen al du saharar herriaren inguruan?

Bai, Marokoko iturrietatik esaten den ia guztia da gezurra eta gure lana egia azaleratzea da. Guretzat gerra informazioaren eremuan ere ebazten da, frontean ebazteaz gainera. Munduari erakutsi nahi diogu Marokok bere atzaparrak sartuta dauzkala gure herrian eta errepresio itzela egiten duela sahararren kontra.

Iaz errefuxiatu kanpamenduetatik ateratzea erabaki zenuen. Zergatik?

Oso gogorra da hango bizimodua. Udak oso beroak izaten dira eta bizi baldintzak oso zailak. Pentsatu nuen nire herria ere lagundu nezakeela kanpotik. Gainera, kazetaritzaren mundu honetan molde berriak probatu eta ikasteko gogoa dut, hori guztia nire herriaren mesederako izango baita azken batean. Iaz Albacetera (Espainia) iritsi nintzen. Paperak lortu bezain pronto Euskal Herrirako bidea hartu nuen. Bizimodua, Zestoa, Amasa-Villabona eta Ibarra artean egiten dut.

Hemendik jarraitu izan duzu kazetari lanetan.

Nire gobernuko telebistak eskatuta egin izan ditut zenbait lan. Adibidez, Abdulah Arabi Fronte Polisarioko Espainiarako enbaxadoreari elkarrizketa egin nion RASDTVrentzat. Dena den irakasle izan nuen Souleymen Bakhelilirekin oso eskertuta nago. Aljeriako El Badil TV telebistan aritzeko aukera eman dit. Gure herriarentzat izugarrizko bozgorailua da. Saharako auzia mundura zabaltzeko leihoa da.

Zer-nolako lanak burutu dituzu Euskal Herritik?

Mota askotakoak. Zestoan bizi den Aziza Boda elkarrizketatu dut. Adindua da eta Mendebaldeko Sahararen historiaren giltzak ezagutzen ditu. Anoetako Ana Elosegiri ere egin diot elkarrizketa Oporrak Bakean programari buruz aritzeko eta Tolosaldea Sahararekin elkarteko Gregorio Eizagirrerekin egon naiz. Amasa-Villabonan egiten dituzten elkartasun ekimenen berri emateko bertako udal ordezkariekin osatu dut beste erreportaje bat eta Tolosaldean egin diren mobilizazioen kronikak bidali izan ditut.

Zein helburu bete nahi duzu kazetaritza lan hauekin?

Mezu garbiak bidali nahi ditut. Gure herriari adierazi nahi diot mundua gurekin dagoela eta elkartasun handia bideratzen dela hemendik, Euskal Herritik, bi herriak senidetuta gaudela borroka berean. Hemen Mendebaldeko Saharako bandera ikusten dudan bakoitzean harrotasunak hartzen nau eta gure herriaren aldeko borrokan jarraitzeko indarra hartzen dut.

Erlazionatuak

Hangoa hemen kontatzeko

Irati Saizar Artola 2021 api 17 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!