Hangoa hemen kontatzeko

Irati Saizar Artola 2021ko api. 17a, 08:59
Daneshjoo Park, Teherango parke bat, gauez gay komunitatea elkartzen da bertan. URA ITURRALDE

Hemen dagoenak hango berri lehen eskutik jaso ahal izateko, han egon behar du norbaitek eta informazioa bidali edo ekarri behar du. Bidaiatuz lan egiten dutenek aukera hori ematen dute. Azken urteetan Kuban, Palestinan eta Iranen izan da Ura Iturralde argazkilaria, lanean.

Askok lan egin behar izaten dute gero bidaiatu ahal izateko. Baina badira lan egin ahal izateko bidaiatu behar izaten dutenak ere, atzerrian lan egiten dutelako. Eta badira ere atzerrian lan egitea hautatzen dutenak gustatu egiten zaielako, hala nahi dutelako. Horren adibide da, esaterako, Ura Iturralde argazkilari tolosarra.

Urteak daramatza Iturraldek lehen afizioa zuena orain lana bilakatuta. Etxetik gertu lan egin ahal duen arren, kanpora bidaiatzera ohituta dago eta egun, pandemia egoera medio, zailtasunak baditu ere, desiratzen dago maleta bat hartu eta atzerrira joateko.

Lanerako zure burua eta kamera bat soilik behar duzunean, helmuga ere aukeratu egin behar izaten da. Eta helmugarekin batera, lan egiteko gaia, lekua, motiboa. Iturraldek egunero «asko» irakurtzen du, eta sare sozialak gehienbat munduan zehar argitaratzen dituzten albisteak irakurtzeko erabiltzen ditu. «Deigarria egiten zaidan albiste edo gairen bat aurkitzen badut, koaderno batean apuntatzen dut, lista luze bat egin arte». Herrialde ezberdinetako errealitateak ezagutzen ibili da azken boladan. Gehiegi kontatu gabeko istorioak kontatzea du gogoko, bueltan hona iristen denerako: «Gatazkak, esaterako, oso kontatuta daude, eta nik ez nuke inork baino hobeto egingo; guztiek egiten duten berdina egitea ez zait gustatzen» .

Azken bidaiak Iranera egin ditu, bi urtez joan da hara. «Artikulu batean irakurri nuen transexualitatea Iranen legezkoa zela eta gainera, gobernuak ordaintzen zuela sexu aldaketa egiteko ebakuntza». Harrituta, egia ote zen ikertzen hasi zen: «Iranera joan nahi nuen, eta galdetu benetan irakurri nuena egia ote zen». Kontaktu bat lortu zuen Telegram bidez eta Teheranera iritsi eta bigarren egunean kontaktu horren berririk gehiago ez zuen izan. Hala ere, sei lagun aurkitu zituen benetan gaiaz hitz egin nahi zutenak eta argazkiak atera nahi zituztenak. «Erreportaje hori egiten hasi nintzenean konturatu nintzen nik aurretik irakurritako guztia gezurra zela, izan ere, gobernuak pertsona horiek onartu ahal izateko behartu egiten ditu sexu aldaketa egiteko ebakuntza egitera, eta kasu honetan, nik han ezagututakoek ez zuten ebakuntzarik egin nahi».

«Iran oso polita da, oso atsegina, baina kontuan izan behar duzu non zauden. Dena ezkutuan egin behar izan nuen, moralaren polizia dagoelako kalean zelatan eta gai korapilatsua denez atxilotua izan nintekeelako», kontatu du Iturraldek. Argazki baten atzean ordu asko daude. «Nik argazkia ateratzeko pertsona hori asko ezagutu behar dut, bestela bera ez dago lasai eta nik ere ez dakit nola, non atera». Teheranera egindako bidaian, lehen argazkia hamargarren egunean egin zuela dio. «Beraiekin mila kafe hartu eta gero, behin lagunak eginda hasi ginen argazkiak ateratzen, bestela ezinezkoa da».

Beste helmugetako bat Kuba izan du. 2017ko urtarrilean joan zen hara. Hedabide batean irakurri zuen Kuban ez zegoela erlijio askatasunik, eta egiaztatzera joatea erabaki zuen. «Ikusi nuen bazegoela erlijio askatasuna, Habanara joan nintzen eta erlijioen Eurodisney ematen zuen. Meskita baten ondoan eliza ortodoxo grekoa bat aurki daiteke, haren ondoan errusiarra...».

Urte bereko irailean iritsi zen Palestinara ere. Beduinoen bila abiatu zen hara, nola bizi ziren kontatzeko asmoz, eta bidaian zehar samariarrak ezagutu zituen. «Biblian ateratako herrialde bat zela konturatu nintzen eta harrituta geratu nintzen oraindik existitzen zirela jakitean». Har hori piztuta, beraiekin geratu zen hogei egunez eta haiekin egin zuen erreportajea. «700 samariar inguru daude munduan, eta momentu honetan gatazkan ez dute parte hartzen; guztiekin ondo eramaten dira eta beraien kasa bizi dira, beraien erlijioa dute eta pozik bizi dira». 

Berriro ere atzerrian lan egiteko gogoz dago Iturralde, eta berriro ere Ekialde Hurbila du begiz jota.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!