Azken egunetan COVID-19an kutsatutakoen kopuruak asko egin du gora, eta berdin gertatu da Tolosaldean. Hala, pasa den astelehenean Osasun sailak kaleratutako eremu gorrian dauden udalerrien zerrendan herri bakarra —Tolosa— agertzen bazen, gaur kaleratutakoan hamaika dira zerrendara batu diren Tolosaldeko herriak.
Hain justu, Tolosarekin batera, Aduna, Amasa-Villabona, Alegia, Anoeta, Berrobi, Bidania-Goiatz, Hernialde, Ibarra, Irura eta Zizurkil dira eremu gorrira pasa direnak. Ondorioz, bihartik aurrera herri horietako herritarrek ezingo dute udalerritik atera lan edo osasun arrazoiengatik ez bada, eta soilik aldameneko herrira joan ahalko dute erosketak egitera edo aire libreko kirola praktikatzera. Era berean, herri horietara ezingo dute sartu gainerako herritarrek ere.
Horretaz gain, ostalaritzako barrualdeetako ordutegia murriztuta izango dute, 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era, eta barrualdean kirola egiteko mugak dituzte.
Guztira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 51 udalerri daude eremu gorrian. Udalerriekin batera, azken hamabost eguneko intzidentzia metatua 400eko langa gaindituta, Gipuzkoa eta Araba ere eremu gorrian daude, beraz, ezingo da bi probintzia horietatik atera. Neurri murriztaileak datorren astelehena bitarte, Osasun sailak eremu gorrian dauden herrien zerrenda berria kaleratu bitarte luzatuko dira.