ELKARRIZKETA

«Kontatu nahi duguna kontatzeko aukera ematen digu Wikipediak»

Iñigo Terradillos 2021ko api. 9a, 07:59

Euskarazko Wikipediako hezkuntza programan ari da lanean Aiora Mujika (Anoeta, 1987). Urte hasieratik, Wikipediaren baitako Tolosaldepedia proiektua dinamizatzeko ardura ere badu.

Tolosaldeko informazio asko al dago Wikipedian?

Gauza asko daude. Tolosaldeko herri guztiek badute beren artikulua Wikipedian eta Txikipedian. Baina, artikulu horiek askoz ere gehiago landu daitezke. Askoz ere gauza gehiago kontatu daiteke gure herriei, ibaiei, mendiei, pertsonaiei edota historiari buruz.

Orain arte dagoen informazioa, Wikipedia entziklopedia irekia den heinean, edonork sortua da, ezta?

Aurten 20 urte bete ditu sarean dagoen entziklopedia askeak, eta euskaraz ere badaukagu. Jendeak modu boluntarioan idazten du Wikipedian, eta Tolosaldeko artikuluak ere, edonork idatziak izan dira, eskualdekoak izan edo Tolosaldetik kanpokoak, interesa duen orok idatzi dezake.

Kasu honetan, eskualdeko herritarrak bultzatu nahi dituzue Tolosaldeaz idaztera.

Norberak ezagutzen duen horri buruz idaztea oso aberasgarria da. Wikipedia proiektuak aukera hori eskaintzen du. Horrek aldaketa handia suposatu zuen, hain justu informazioa lantzeari dagokionean. Izan ere, informazioa sortu eta publikatzea ez da edonoren esku egon, eta Wikipedia bezalako entziklopedia libreak hori ahalbidetzen du. Gure kasuan, guk kontatu nahi duguna kontatzeko aukera ematen digu. Gure historiako pasarte garrantzitsuak izan direnak, esaterako, eta gaur egun Tolosaldea den bezalakoa zergatik den ulertzeko, gauza horiek kontatu ditzakegu.

Interneten euskaraz informazioa bilatzen ari zarenean, maiz, informaziorik ez duzu aurkitzen.

Zerbaiti buruzko informazioa topatu nahian ari zarenean askotan gertatzen da, ez dagoela. Bada, informaziorik ez dagoela ikusten baduzu, ekarpenen bat ere egin dezakezu informazio hori osatu edo gehitzeko.

Emakumeen ikusgarritasuna bereziki ari zarete lantzen.

Gizonen biografia gehiago egon ohi dira emakumeenak baino, eta Tolosaldean ere berdin gertatzen da. Hutsune horiek betetzeko ere oso baliagarria da Tolosaldepedia ekimena.

Informazioaz ari zarenean, argazkiez ere ari zara.

Bai. Esaterako, eskualdean baserri ugari ditugu ondare direnak eta horien argazkiak ez daude. Herrietako argazki orokorrak, plazak, elizak, pertsonaia ezagunak... horietan ere bada hutsunea, eta oso garrantzitsua da guztien eskura jartzea.

Talde eragilea sortua duzue proiektua sustatzeko.

Motor moduan funtzionatzen duela taldeak esan daiteke. Horrekin batera, hilean behin tailer bat ere antolatzen dugu. Irekia da, eta edonork parte hartu ahal du. Gaiarekiko interesa duen oro gerturatu daiteke, eta Wikipedian artikuluak editatzen ez badaki bertan ematen zaizkio gakoak. Horretaz gain, Tolosaldeari buruzko artikuluen gai proposamenak ere ematen ditugu. Hilean behin egiten ditugu, eta Tolosan, baina, eskualdeko beste txokoren batean horrelako tailerren bat antolatzeko nahia badago, antolatuko genuke.

Agian, asmoa hori ere bada, ezta?

Bai. Interesa baldin badago, guk pozik antolatuko dugu. Ni anoetarra naiz, eta proiektua eskualdeko zerbait izatea nahiko nuke. Beraz, deialdi berezia egingo nieke Tolosaldeko herrietako bizilagunei proiektuan parte hartzeko. tolosaldepedia@gmail.com helbidera idatzi besterik ez da egin behar horrelako eskaera bat egiteko.

Nolako harrera izan dute tailerrek?

Denetariko jendeak hartu du parte orain arte, irakasleak, erretirodunak... Beraz, parte hartu nahi dutenei tailerrera lasai gerturatzeko esango nieke.

Dena den, norberak bere etxetik ere parte hartu ahal du.

Bai. Edonork editatu eta edonork ekarpenak egitea da helburua, eta oso erraza da, gainera. Euskarazko Wikipedian Tolosaldepedia topatzen baduzu, artikuluak sortzen hasteko hainbat proposamen luzatzen dira, eta horrekin batera, pausoz pauso azaltzen da nola egin.

Txikipedia ere badago.

Aurten hiru urte beteko dituen proiektu berriagoa da. Gaztetxoagoei zuzenduta dago, testu arinago eta argiagoekin. Wikipediako artikulu batzuetatik zuzenean jo dezakezu Txikipediako artikulura, eta hori oso baliagarria da. Tolosaldeko hainbat ikastetxetan ari dira bertan parte hartzen.

Erlazionatuak

Gure kontuak guk kontatuak

Iñigo Terradillos 2021 api 09 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!