Wikipedia eduki askeko entziklopedia da, lankidetzaz editatua, eleaniztuna, eta Interneten argitaratua. Mundu osoko boluntarioek hartzen dute parte, eta 2001 urte amaieratik du euskarazko bertsioa. Egun, ia 373.000 artikulu ditu euskaraz, horiek idatzi dituzten 121.000 erabiltzaileei esker.
Artikulu asko direla pentsatu daitekeen arren, oraindik ere lan handia dago egiteko, arlo askotan hutsuneak nabariak baitira. Hainbatetan edukian sakontzeko beharra dagoen bezala, beste kasu askotan, gai jakin batzuei buruzko informazioa euskaraz topatzerik ez dago. Eta, azken hori gertukoak ez diren gaietan nabariagoa izan daitekeen arren, Euskal Herriari buruzko informazioan ere ematen da.
Bada, horixe da Tolosaldepediaren helburua, Tolosaldeari buruzko ezagutza guztia Wikipedian txertatzea, nahi edo behar duen ororen eskura egon dadin. Proiektu ireki eta herritar moduan definitu dute sustatzaileek, nahi duten herritar guztiek parte hartu ahal dutelako, eskualdeari buruzko historia, kultura edo nahi den gaiei buruzko artikuluak idatziz.
Talde eragilea ere sortua dute guztia antolatzeko, eta hitzorduak ere jarriak dituzte ekimenean parte hartu nahi duten herritarrei laguntzeko. Hain justu, bi tailer egin dituzte orain arte, Tolosako kultur etxean, eta hirugarrena datorren astean, apirilaren 15ean egingo dute. Edonork gerturatu ahal du bertara, aurrez link honetako galdetegia beteta, eta hori bai, norberak bere ordenagailua eramatea beharrezkoa da. Izan ere, tailer praktiko hauetan Wikipedian artikuluak nola sartu irakasten zaie bertaratzen direnei, eta ekarpenak egiten hasi ahal izateko gai proposamenak ere ematen zaizkie.
Dena den, Tolosaldepediaren helburua ahalik eta herritar gehienek artikuluak osatuz parte hartzea dela diote sustatzaileek, beraz, tailer horietara jotzea ez da beharrezkoa. Norberak bere etxetik ere parte hartu ahal du nahi dituen gaiak landuz, eta laguntza behar duenarentzat Wikipediaren baitako Tolosaldepedia orrialdean aurkituko ditu gako guztiak. Tolosaldepedia zer den, dagoeneko argitaratuta dauden artikuluak baina hobetu daitezkeenak, oraindik euskaraz sortu gabeko hainbat adibide, Txikipedian (gaztetxoenei zuzendutako Wikipediaren atala) nola editatu, biografiarik idatzi gabeko eskualdeko hainbat emakume ezagunen zerrenda edota informazioa aurkitu ahal izateko baliabideak topatu ahal dira bertan, besteak beste.
Gaztetxoak ere bai
Adin guztiei zuzendutako entziklopedia da Wikipedia, eta euskarazko bertsioak badu gaztetxoei zuzendutakoa: Txikipedia. Wikipedia arruntean baino testu errazago eta laburragoekin osatzen dira bertan artikuluak, eta Tolosaldepedia ekimenean Txikipedia ere elikatu nahi dute. Hain justu, eskualdeko hainbat ikastetxetan ari dira euren ikasleekin edukiak lantzen, eta batzuk beren orrialdea ere sortua dute.
Tolosaldepediarekin hasi zirenetik 22 artikulu osatu eta beste 89 hobetu dituzte, 39 erabiltzailek. Kopuru horiek handitzen joatea da ekimenaren bultzatzaileen helburua, eta eskualdeko herritarren ekarpenetik sortutako Tolosaldeari buruzko informazio osatua mundu osoaren eskura izatea.