Aberri Egunean Euskal Herria Batera-ren seinalea jarraitzeko aukera egongo da ATARIA-n

Ataria 2021ko api. 3a, 12:30

Bihar 12:30ean, ekimenaren bideoa entzungai izango da Ataria Irratian eta ataria.eus-en, eta mezuarekin batera plazetan eta etxean kantatzea proposatu dituen hiru abestiak eskainiko ditu TOLOSALDEKO ATARIA-k.

TOLOSALDEKO ATARIA-k bat egingo du bihar Euskal Herria Batera herri ekinbidearekin: 12:30ean ikusgai eta entzungai izango dira Aberri Egunerako landu duten mezua eta plazetan eta etxean kantatzea proposatu dituen hiru abestiak. Ekinbideak «ikus-entzunezko seinale bat» igorriko du ordu horretan irratietan, tokiko telebistetan eta sarean, besteak beste Ataria Irratian eta ataria.eus webgunean, eta hiru abestiak eskainiko ditu, irakurleek eta entzuleek abestu ditzaten: Gernikako arbola, Txoriak txori eta Ikusi mendizaleak.

Euskal Herria Batera-k Euskal Herri osoan ospatuko du 2021eko Aberri Eguna; eskualdean ere zenbait herrietan ekitaldiak antolatu dira. «Euskal Herri burujabea» aldarrikatuko dute, eta, sustatzaileek azaldu dutenez, «kantua izango da batuko gaituzten keinuetako bat». Iazko Aberri Eguna leiho eta balkoietan ospatu behar izan zuten herritarrek, kantuan, pandemiaren ondorioz Espainia eta Frantziako gobernuek ezarritako itxialdiarengatik. Nolanahi ere, ariketa hura «arrakastatsua» izan zen Euskal Herria Batera herri egitasmoaren ustez, eta, horregatik, berriro batera ospatzeko deia egin du, baina aurtengo apirilaren 4an plazetara jauzi eginez.

12:30etako seinalea «edozein tokitatik» ikusi edo entzuteko deia egin du Euskal Herria Batera-k, baina aurten herriko eta auzoetako plazetan elkartzeko deia ere egin nahi du: «Herrietako plazetan elkartzeko deia egiten dugu, bai seinalea batera entzuteko, bai herriko musikariekin kantaldiak antolatzeko, betiere COVID-19a dela-eta ezarritako osasun irizpideak zorrotz betez», zehaztu zuten antolatzaileek aurkezpenean.

Nolanahi ere, ez dute proposamena «soilik» plazetara mugatu nahi: «Gauden tokian gaudela, etxean, mendian zein hondartzan, Euskal Herrian zein kanpoan, seinalearekin bat egin eta kantatzeko deia egiten dugu». Ataria Irratia eta ataria.eus webgunea izango dira seinalearekin bat egiteko bideetako bi. Gainera, Aberri Egunean leiho eta balkoiak ikurrinaz eta nafar ikurrez apaintzeko deia egin du Euskal Herria Batera-k.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!