Ekitaldiak, Euskal  Herria Batera ekimenarekin bat eginez

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 31a, 11:58

Anoetan eta Tolosan 12:30ean kantuan ariko dira herritarrak apirilaren 4an, Aberri Eguna ospatzeko, eta Alegian elkarretaratzea egingo dute 12:15ean.

Euskal Herria Batera ekimenarekin bat egin dute eskualdeko hainbat herrik, eta Tolosan, Anoetan eta Alegian esaterako kantuan ariko dira herritarrak apirilaren 4an, Aberri Egunean. Dinamikak 12:30erako egin du deia eta horrela egingo dute ordu horretan bilduko dira, Alegian berriz 12:15ean elkarretaratzea egingo dute Bulebarrean.

Tolosan Berdura plazan bilduko dira eta Anoetan herriko plazan. Tolosan dena den, ekitaldia 12:15ean hasiko da eta herritarrei 12:10erako bertaratzeko deia egin diete COVID-19ari lotutako protokoloak bete ahal izateko. «2020an nahikoa izan zen herritar talde txiki batek aukera eskaintzea Euskal Herri osoan milaka herritarrek batera keinu bat egiteko, eta hainbat gizarte eragile, alderdi eta sindikatu ere ekimenera batzeko», esan du Euskal Herria Batera Tolosako talde sustatzaileak. Horiek horrela, aurten ere «keinu bat» egitera animatu nahi dituzte herritarrak; «oraingo honetan plazetan burutuko dugu ekitaldia, Tolosaren kasuan, Euskal Pizkundea plazan, eta ikus entzunezko bat izango da oinarri».

Keinu horietako bat kantua izango dela esan du beraz, Tolosako taldeak eta hiru kantu abestuko dituztela gaineratu du: Joxean Artzeren hitzak dituen Txoriak Txori, J.M. Iparragirreren Gernikako Arbola eta Xabin Gereñoren Ikusi mendizaleak. «Seinale bat zabalduko dugu aipaturiko orduan, horrela denok batera kantatu ahal izango dugu, kantari famatuekin batera». Tolosako kasuan, euria egiten badu, Berdura plazan ariko dira.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!