Bultza Euskaltegiak! Bultza Euskara!

Korrikaren hutsunea betez

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mar. 26a, 07:57

20. Korrika Zizurkil herria zeharkatzen. AIURRI

Aurten ez da AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko Korrikarik egingo; egin izan balitz, igandean behar zuen amaiera, eta hori dela eta eskualdeko hainbat herritan ekitaldiak egingo dira; Zizurkilen, esaterako, pasa den ostegunetik merkatarien eta eragileen eskuetan dabil lekukoa.

Emozioak dira Korrika. Emozioak mugitzen ditu euskaldun bakoitzaren baitan Korrikak. Bi urtean behin sortzen duen ilusioa, irribarrea, urduritasuna, poza,... ume-umetatik barneratzen den ekimena da euskararen aldeko lasterketa. Norberaren herritik ordu txikitan pasako bada ere, gogotsu jaikitzera bultzatzen duena edo esna mantenduko duena. Hotza, euria, eguzkia edo elurra. Ez du inporta. Metro gutxi batzuk edota kilometroak korrika. Albotik txalo zaparradak eta animoak. Bakoitzak ahal duena egiten du, baina hori da Korrika. Kantua. Lekukoa. Furgoneta. Mezua.

Euskara lau haizetara zabalduz, Euskal Herriko mila herri, mendate eta txoko zeharkatzen ditu, baina aurten AEK euskaltegiek ezin izan dute Korrikarik antolatu. Egitekotan, pasa den ostegunean abiatuko zen Korrika, eta igande honetan amaituko zuen bere ibilbidea Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatu eta gero. Ordainetan, Euskal Herriko plaza askotan, ekimen ezberdinak antolatu dira Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamikaren barruan, eta baita Tolosaldeko herrietan ere.

Zizurkilen ez da aurten Korrikarik pasako, baina korrika propioa antolatu du Korrika Batzordeak. Lekukoa, pasa den ostegunetik alde batetik bestera ibiliko da, igandean, Joxe Arregi plazara iritsi arte. Zizurkilgo Korrika Batzordeko kidea da, eta baita Andoaingo AEK euskaltegiko irakaslea ere Maider Barandiaran: «Aurten Korrikarik ez dela egingo jakin arren helduen euskalduntzea plazara atera nahi genuen. AEK-n proposatu zen ekitaldi bateratua egitea Euskal Herriko plazetan, eta Zizurkilen Korrika Batzordea bi urtez behin elkartzen denez, aurten ere aukera polita iruditu zitzaigun ekitaldi horren inguruan hausnartzeko».

Urtetan emandako babesa eskertuz

Barandiaranen hitzetan, jendea «gogotsu» zegoen Zizurkilen, eta Korrika «sinboliko» bat antolatzea erabaki zuten. Alde batetik, egoera kontuan hartuta, Barandiaranek esan du «merkatarien artean diru eskean ibiltzeko garaia ez zela ikusten genuen, eta pentsatu genuen alderantziz egitea, hau da, eskertzea, hain zuzen ere, AEK hainbeste urtetan diruz lagundu duten herriko elkarteei eta merkatariei». Mezu polit bat sartu dute lekukoaren barruan, eta «beraientzako da», esan du. «Merkatariei eta elkarteei zuzenduta dago, eta sekretua da. Igandean irakurriko da plazan». Elkartez elkarte eta merkatariz merkatari dabil lekukoa egun hauetan, «mezu bat dago, eta eskuz esku dabil» dio, eta «eurentzat denez mezua irakurri egiten dute, eta gero berriro barruan sartu eta hurrengoari pasatzen diote», argitu du.

Gabonen ostean hasi izan dira antolaketa lanetan, eta martxoan berriz ere desagertu egin ohi da batzordea. «Egitarau xumea izaten da, baina ilusio handiarekin antolatua izaten da», aitortzen du Barandiaranek. Aurtengo ekimena «ez zuten espero» eragileek, eta «asko eskertu» dutela esan du, eta «banan-banan azalpenak ematera joan garenean nola lekukoa iritsiko zaien eta, ilusioz eta pozik hartu dute, eta eskertu egin dute». Zizurkildarrek Korrika ekimen «maitea» dutela dio Barandiaranek.

Aduna, Altzo, Amezketa, Anoeta, Ibarra, Ikaztegieta eta Tolosan ere antolatu dituzte ekitaldiak. Adunan, esaterako, Korrikaren ibilbidea osatzeko asmoa dute adunarrek, eta horretarako herritarrek oinetakoak eraman beharko dituzte. Korrika batzordearen asmoa eramandako oinetakoak etorkinei laguntzen aritzen diren harrera taldeei ematea da.

Gainerakoan, mezua irakurtzeaz gain, argazki jendetsuak, musika eta kantua, bertsolariak, kontzertuak, erakusketak, ilustrazioak edota grafitiak izango dira AEK-ren euskaltegiei bultzada emateko.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!