Zortzi urte inguru daramatza Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundean (AEK) Idoia Bengoetxeak (Tolosa, 1989). Irakasle lanetan aritzen da, Andoaingo euskaltegian. Bertan dituzte ikasle gehien, baina badira talde txikiak ere eskualdean: Lizartzan, Zizurkilen, eta Amasa-Villabonan, besteak beste.
Zein da gaur egun AEK-k duen egiteko nagusia?
Sortu zenean bezala, Euskal Herria euskalduntzeko zeregin berarekin jarraitzen du AEK-k. Azken urteetan aurrerapauso handiak eman dira, baina euskalduntze prozesu horren amaieratik urruti gaude oraindik. AEK-n, gainera, ez gara Euskal Autonomia Erkidegora mugatzen, Euskal Herri osoan jarduten dugu; ondorioz, egoera eta errealitate ezberdinak ezagutzea egokitzen zaigu.
Zein da euskaldunon egoera Euskal Herrian?
Hamasei urtetik gorako herritarren kasuan, %55a erdalduna da, erdia baino gehiago, alegia. Unescoren hizkuntza gutxituen zerrendan, oraindik ere, galtzeko arriskuan dagoen hizkuntzen artean azaltzen da euskara. Inguru euskaldunean bizi garenok ez gara kontziente zein den benetako errealitatea. Gure burbuila propioan bizi gara, baina hemen ere, asko dira euskara ez dakitenak. Herritar orok izan behar du euskara doan ikasteko eskubidea; baliabideak jarri behar dira horretarako, eta baldintza duinetan ikasi ahal izatea bermatu behar da. Azken hamarkadetan, ikerketen arabera, euskaldundu direnen herena, euskaltegietatik dator. Beraz, badu bere garrantzia. Hala ere, bultzada eman behar diogu oraindik.
Idoia Bengoetxea: "Gure burbuila propioan bizi gara, baina hemen ere, asko dira euskara ez dakitenak"
Zenbat ikasle dituzue AEK-n?
40.000 lagun inguru ari dira gaur egun euskara ikasten, euskaltegietan, euskal etxeetan eta abar... Euskaltegien kasuan, online eskaintza eta auto-ikaskuntza zerbitzua asko hazi dira azken urtean. Ikasteko gogo eta ilusio handia dute ikasleek; kontuan izan behar da esfortzu handia egiten dutela, horregatik, bidea erraztu behar zaie.
Zer suposatzen du AEK-rentzat Korrika urtebete atzeratzeak?
Alde batetik, hutsune handia izango da. Korrika oso gauza berezia da euskal komunitate osoarentzat; hortaz, herritar asko izango gara haren falta sumatuko dugunak. Ekonomikoki, kolpe latza izan da guretzat, oraindik ere, euskara irakasteko funtzioarekin jarraitzeko, Korrika ospatzeko beharra dugulako, ezinbestekoa zaigulako. Horri aurre egiteko, mailegu bat eskatu dugu, eta gero, zorpetze horri ere aurre egitea egokituko zaigu. Hori dela eta, laguntza eske ari gara, bai erakundeei, baita herritarrei ere.
Aurten, hala ere, bada berezitasun bat. 1966ko urtarrileko gutunetik, 2021eko apirileko eskutitzera igaroko zaretela diozue.
Duela 55 urte, Rikardo Arregik, beste hainbat euskaltzalerekin batera, gutun bat idatzi zuen Euskaltzaindira. Herritar helduak euskaldundu eta alfabetatzeko premiaz ohartarazten zuen bertan, horretarako baliabideak martxan jarri behar zirela aldarrikatuz. Gertaera hori izan zen euskalduntze sarearen abiapuntua. Korrika egingo ez denez, keinu bat egin nahi diogu horri. Apirilean, gauza bera aldarrikatzeko gutuna helaraziko dugu erakunde eta eragileetara. Premiazkoa da helduen alfabetatzea, eta horretan jarri behar ditugu gure indar guztiak.
Orain, 'Bultza Euskaltegiak! Bultza Euskara!' kanpaina abiatu duzue. Zertan datza proiektuak?
Hiru ildo nagusi ditu; horrela edonork har dezake parte. Batetik, aipatu berri dudan eskutitzaren ekintza eta erakundeekin egin beharreko lanketa sozio-politikoa. Bestetik, herritarrak kalera ateratzera animatuz, igandean egingo diren ekitaldiak. Denera, Euskal Herriko 80 herri baino gehiagotan antolatu dira, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere bai. Hala ere, ez dugu Korrikaren ordezko ekitaldiak bezala izendatzea nahi. Azkenik, herritar orori zabaldutako diru-bilketa dago, bakoitzak nahi edo ahal duen moduan AEK-ri babesa adierazteko. AEK-ren webgunean egin daiteke ekarpena, eta edozein kopuru ongi-etorria izango da. Trukean, gainera, Cultural Memories talde nafarrak egindako irudi bat jasoko da.
Ezohiko egoera honetan, inbertsioak areagotzea eskatzen diozue administrazio publikoari.
Gaur egun, eremuaren arabera, aldakorra da egoera, baina oraindik, oro har, doakotasuna lortu gabe jarraitzen dugu. Guretzat oso garrantzitsua da herritarrek euskara ikasteko eskubidea edukitzea. Ez da pribilegio kontua, justizia sozial kontua baizik. Baliabide aldetik edo ekarpen ekonomiko modura, bultzada bat behar dugu. Halaber, ezinbestekoa da politika egiterako orduan erakunde ezberdinak elkarri eraginez aritzea.
2022an Korrika egitea aurreikusten duzue. Hasi al zarete antolatzen?
Bai. Sekulako lana eskatzen duen ekimena da. Egingo da, hori ziur. Nola? Auskalo! Ezinezkoa da ohiko moduan ospatu ahal izango den ala ez jakitea.