Haur eskoletako izen ematea aurreratu izana salatu dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 23a, 11:59

Haurreskolak Patzuergoaren jarrerak kezka sortzen jarraitzen du haur eskoletako langileen artean. Atzo elkarretaratzea egin zuten Tolosako Trianguloan. Orain arteko tira-birei izen ematea aurreratu izana gehitu behar zaio.

Borroka asteak izaten ari dira haur eskoletan. Patzuergoaren jarrera salatzen dute eta hezkuntza kalitatearen alde egiten jarraituko dutela esan dute langileek. Euren lan baldintzak negoziatzeko mahaia azkenik asteazkenean bilduko da, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. Negoziaketetan ematen ari den atzerapenari izen ematea aurreratu izana gehitu behar zaio. Irurako haur eskolako hezitzaile taldea esate baterako, oso kezkatuta dago gai horrekin. Izan ere, maiatzean izan ohi zen izen ematea apirilera aurreratu dute, erabakia "beste behin ere alde bakarrez"  hartu dutela esan dute eta horrek "eragin zuzena" izango duela Irurako haur eskolan. "Orain arte maiatzean irekitzen zen izen emate epea apirilera aurreratu da, horrek azkar pentsatzera eta erreakzionatzera eraman gaitu dena prest eduki ahal izateko. Araudi berriaren arabera, irailean, urrian edo azaroan hasi nahi duten familiek apirilaren 12tik 21era eman beharko dute izena", azaldu dute.

Izen ematea aurreratu izanak kezka sortzen die, hainbat arazo sortuko baititu: "Kezkatuta gaude epez kanpo galdetzera etorri daitezkeen familien inguruan hartutako erabakiarekin, orain artean ez bezala, benetako zailtasuna izango baitituzte haur eskolan epe azkar batean hasteko, hilabete hasierako hamar egunetan eman beharko baitute izena datorren hilean hasteko. Are zailtasun gehiago izango dituzte lehenengo hamar egunetik kanpo etortzen direnek, hurrengo hilabetera itxaron beharko baitute izena emateko".  Hori guztia kontuan hartuta "ulergaitza" egiten zaie hartutako erabakia eta neurria bertan behera uzteko eskatzen dute, "gaur egun bizi dugun osasun egoerak sortutako ezegonkortasunak erantzun azkarrak eta eraginkorrak eskatzen baititu, eta erabaki honek guztiz kontrakoa ekarriko du". Horiek horrela, Irurako haur eskolan haurrek "merezi duten arreta eta zaintza" izan dezaten borrokatzen jarraituko dutela esan dute, "hezkuntzarako eskubidea haur guztietara iritsi dadin eta kontziliatzeko aukeran berdintasunean eman daitezen". 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!