Lanuzteak egiten ari dira Haurreskolak partzuergoan

Ataria 2021eko urtarrilaren 27a

Bigarren greba eguna dute gaur Haurreskolen partzuergoan; otsailaren 22rako, 23rako eta 24rako ere lanuzteetara deitu dute LAB, Steilas eta ELAk.

Haurreskolak partzuergoko sindikatuek mobilizazioekin eta greba egunekin jarraitzen dute. Astelehenean izan zuten lehen greba eguna eta gaur izango dute bigarrena. Otsailaren 22rako, 23rako eta 24rako ere lanuzteak deitu dituzte.

Honako eskaerak ari dira egiten azken egunotan lanuzteekin: Haurreskolak partzuergoaren doakotasuna eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean integratzea, akordioak errespetatzea eta betetzea, lan hitzarmen berria negoziatzen hastea, lanpostuak egonkortzea, Haurreskolak partzuergoko langileei ere Osakidetzak Norbera Babesteko Ekipamenduak ematea eta aurrekontua handitzea.

«Argi utzi nahi dugu jarraituko dugula urteetan Haurreskolak partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanarekin eta langileak mobilizazioen bidez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan», ziurtatu dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuek. Era berean, haurreskolen etorkizunaren inguruan «argi hitz egiteko» eskatu diote Hezkuntza Sailari.

Garraioa eta jangela

Bestalde, ELAk jangeletako eta eskola garraioko langileak grebara deitu ditu gaur eta bihar, Hezkuntza Sailak kolektibo horien «eguneroko arazoak tratatzeko, negoziatzeko eta konpontzeko borondaterik ez duelako, eta ez dituelako zerbitzuko eskaintza, segurtasuna eta lan-baldintzak eta enplegua bermatzeko neurriak hartzen».

Sindikatuaren arabera, urtarrilaren 11n Hezkuntza Sailarekin izan zuten bileraren ostean, Jaurlaritzak jangelen eta garraio zerbitzuen «benetako apustua egiaztatzen duten datuak eman gabe jarraitzen du». Gainera, zerbitzu «osagarritzat» hartu ditu, eskaintzaren, mantentzearen edo ordutegien erantzukizuna ikastetxeetako zuzendaritzari eta Ordezkaritza Organo Gorenari utziz.

Jantokien kasuan, iazko ikasturtetik 17 mila mahaikide gutxiago hartu dituztela esan du ELAk, eta horren ondorioz, aldi baterako enplegua «suntsitu» dela. Eta eskola garraioan ez dela inolako neurririk hartu ere salatu dute, eta esan dute protokolorik ere ez dutela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!