ERREPORTAJEA

Bizikleta eskaerak gora egin du

Jon Miranda Labaien 2021ko mar. 19a, 07:57
Eskualdeko bizikleta dendetan azkar agortzen dira modelo berriak. J. MIRANDA

Mugikortasun mugatua izan den hilabeteotan, mugitzeko eta kirola egiteko beste modu batzuk asmatu ditu jendeak. Geroz eta gehiago dira eskualdeko errepideetara salto egiten duten zikloturistak eta haien eskaerei ezin erantzun dabiltza bizikleta dendak; modelo asko agortuta, bizikleta berria lortzeko, hilabeteetan zain egon behar izaten dute.

Ofizialki, Osasunaren Mundu Erakundeak iazko martxoaren 11n adierazi zuen COVID-19ak eragindakoa pandemia bat zela. Gaitzari aurre egiteko ezarri diren neurriek eta mugikortasun mugek ohitura berriak ekarri dituzte. Besteren artean, kirola egiteko ohitura handiago du orain jendeak, eta askok, bideetara bizikletarekin salto egiteko erabakia hartu dute.

Iazko martxoaren 15ean hasi eta ia bi hilabete iraun zituen konfinamenduan askok erabaki zuten, etxean, arrabola erabilita, pedalei tokitik mugitu gabe eragitea. Orduan hartutako afizioak segida izan du errepidean, Arsuaga bizikleta dendako Alex Goioganaren iritzian: «Sasoiari ahal den heinean eusteko etxean bizikleta egiten hasi eta zaletasunarekin jarraitu duen jende asko dago». Txirrindularitzaren kasuan gehiago, baina Goioganak uste du kirol guztietan izan dela gorakada azkeneko urtebetean.

Anoetan kokatuta dagoen IBKbike dendako Raul Martinek azpimarratu du azkeneko urteetan geroz eta zikloturista gehiago ikusten dela errepidean, baina azkeneko urtebetean oraindik ere nabarmenagoa izan dela bizikletarekiko afizioa. «Taldean kirola egitea galarazita egon denez, bakarkako hauetara jo du jendeak, eta ohituta ez dagoenarentzat erosoagoa da bizikletan ibiltzea, korri egiten hastea baino. Txirrindularitzak paseoan ibiltzeko aukera hori ematen du».

Horretarako gosea zuen jendeak, iazko maiatzean konfinamenduko neurriak arintzen hasi eta bideak zabaldu zituztenean. «Bi hilabetez denda itxita eduki ondoren berriro ateak zabaldu genituenean jendetza gerturatu zitzaigun. Inoiz gertatu ez zaiguna pasa zitzaigun orduan, jende ilarak sortu ziren denda atarian», esan du IBKbikeko arduradunak. Modu berean gogoratzen du Goioganak ere: «Jende asko ibili zen maiatzean hasi eta azarora arte, gelditu gabe aritu ginen lanean».

Zaharra konpondu eta berria erosi

Konfinamenduan hasitako zaletasunari eusteko helburuz etxean zuten bizikleta zaharra konpondu eta egokitzeko jende asko gerturatu zitzaiela esan du Arsuaga bizikleta dendako arduradunak: «Istant batean saldu ziren hemen dendan geneuzkanak eta jende gehienak aurretik zuen bizikletarekin moldatu behar izan zuen edo bigarren eskukoren bat erosita. Horiek denak egokitzen lan handia izan genuen tailerrean aurreneko hilabete haietan». Aspaldiko urteetan erabili gabeko herdoildutako bizikletekin jendea gerturatu izana ere gogoan du Martinek.

Hainbestekoa izan da eskaera, bizikleta berriak ere agortu egin zaizkiela hilabete hauetan. IBKbike dendan bizikletak ekarri ahala saltzen dituztela aipatu du Martinek eta Tolosako Arsuagan ere antzerako: «Modelo jakin bat nahi duenak lauzpabost hilabeteetan zain egon behar izaten du, fabrikatik ekarri arte. Gure hornitzaileak ere eskaerari ezin erantzun dabiltza». Hainbesteko eskaerak bizikleten prezioa %10 inguru garestitzea ekarri duela aipatu du Martinek.

Batez ere gama baxuko edo ertaineko bizikletak dira jendeak gehien eskatzen dituenak, mountain bike estilokoak. «Hasi berria denak horrelakoak nahiago izaten ditu, probatzen hasteko. Hemen inguruan, Hernialdera igo, Asteasuraino joan eta Tolosara buelta egiteko nahikoa dira bizikleta horiek», esan du Martinek. Mendirako bezala errepiderakoak saltzen direla azpimarratu du Goioganak, ehuneko berdinean: «Gehien saltzen direnak 1.500 eurotik beherako bizikletak izaten dira. Hortik gorako gama altuko modeloetan hazkundea ez da hainbeste nabaritu, betiko bezeroak baitira horrelakoak eskatzera gerturatzen direnak».

Profil askotako jendea gerturatu da hilabete hauetan bizikleta dendetara baina hasi berrietan gazteak nabaritu ditu Goioganak, «aurretik kirol gehiegi egin izan ez dutenak». Martinek uste du, berriz, txirrindularitzara iritsi berri diren horietako asko geratu egingo direla eta gustua hartuko diotela bizikleta gainean ibiltzeari. «Boom moduko bat nabari da eta ikusiko da zenbat iraungo duen, baina egia da guk pandemia aurretik baino lan gehiago egiten dugula orain», esan du Anoetako bizikleta dendako arduradunak.

Egunotan herrietako itxiera perimetrala zabaldu eta eguraldi ona hasi denean, lehenaz gainera mugimendua areagotu egin zaie bizikleta dendetan. «Etxean edo taberna zuloan geratzea baino aukera hobea da bizikleta hartu eta inguruko parajeak bisitatzea», esan du Goioganak. «Eskualdeko errepideetan kolore askoko maillotak jantzita espero ditugu zikloturistak», gaineratu du Martinek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!