ELKARRIZKETA

«Maillot berdina jantzita, urrunetik dakigu herritarra den edo ez»

Irati Saizar Artola 2021ko mar. 19a, 07:58
Erdian Mujika eta eskuinean Urkizu, larunbatean, buelta egitera atera aurretik. IRATI SAIZAR ARTOLA

Denbora librean bizikletan ibiltzea gustuko duten bi lagun dira Xabi Mujika (Berastegi, 1991) eta Iñaki Urkizu (Berastegi, 1990). Hamar bat urte daramatza afizioaz gozatzen lehenak, eta iaz hasi zen bigarrena. Eguraldia lagun izaten dutenetan lagun taldean atera ohi dira bizikletan buelta bat egitera.

Bada afiziorik Berastegin bizikletarako?

Xabi Mujika: Afizioa betidanik izan dela esango nuke. Haurrak ginela, uda partean, gure tour propioa antolatzen genuen herriko bideetan barrena. Arratsaldeetan egiten genuen, ibilbide bat adostu, eta elkartzen ginen guztiok lasterketan hartzen genuen parte. Horrez gain, ikustea ere asko gustatzen zaigu.

Iñaki Urkizu: Kirolzaleak beti izan gara. Kirola ikusi eta ibili ere egiten ginen, pilotan ez bazen, futbolean edo bizikletan. Ni duela gutxira arte futbolean aritu naiz, eta utzi dudanean zerbaiti heldu nahi izan diot, eta bizikletan hasi naiz lagunekin batera.

X. M.: Normalean, 18 urte ingurura arte, bakoitzak bere kirola egin ohi du. Hemen, gehienbat futbola eta pilota egin izan ditugu. Gero, ordea, kirol horretan etorkizun gehiegirik ikusten ez duzunean zerbait egin nahi izaten duzu eta hor hasi ginen gu behintzat lagunak elkartzen.

Kirol errazagoa edo delako?

X. M.: Kirol bitxia da ibiltzeko. Zu baino hobeak direnekin ibiltzeko aukera izaten da, eta baita zu baino txarragoak direnekin ere. Ez da korri egitea bezalakoa; korrika zoazenean zuk zure erritmoa duzu eta kosta egingo zaizu biziago dabilen batekin ibiltzea. Bizikletan, ordea, errazago egokitu zaitezke erritmo ezberdinetara.

Gehienak, arropa berdinarekin ibiltzen zarete.

I. U.: Duela hamar urte inguru, gaztetxean kirol arropak egitea erabaki zen, bai bizikletan ibiltzeko eta baita korri egiteko ere. Ordutik, jendeak gehienetan maillot berdina janzten du bizikletarako eta deigarria da, urrunetik dakizu herritarra den edo ez. Iaz, berriro egin genuen ekipamendu berria.

Geroz eta jende gehiago ari da animatzen txirrindularitzara?

I. U.: Gure kuadrillan bertan, esaterako, iaztik hona bi lagun gehiago behintzat hasi gara. Nik uste azken boladan, eta ez hemen bakarrik, indarra hartzen ari den kirol bat dela.

Zuen ustez pandemiak izan du eraginik horretan?

X. M.: Nik uste aurretik ere bazegoela joera hori. Agian pandemiak ere izango zuen eraginen bat, kontaktu handiegirik gabeko kirola baita.

Eguraldia lagun, astebururo ateratzen zarete?

X. M.: Astean zehar bakoitza bere eran ibiltzen gara. Lanaren arabera kointziditzea zailagoa delako. Gero, asteburuan, ordea, taldean ibiltzea gustatzen zaigu.

I. U.: Oraintxe hasi berri dugu denboraldia, eta buelta txikiak egiten hasi gara. Eta noski, tartean edo amaieran, pintxo bat eta trago bat hartzen ditugu.

Berastegi, duen kokapena kontuan hartuta, zer moduzkoa da bizikletan ateratzeko?

I. U.: Bi aldetara du aldapa, gora ez bada, behera. Normalean, Nafarroa aldera atera ohi gara trafiko aldetik lasaiagoa delako. Baina orain Nafarroako muga itxita dugunez, Tolosa ingurura jaitsi behar izaten dugu. Trafiko aldetik ez zaigu gehiegi gustatzen, baina, momentu honetan ez dugu beste aukerarik.

Zein ingurutara duzue ohitura buelta egiteko?

X. M.: Gehienbat Goierri aldera egin ohi dugu: Zaldibiara, Larraitzera... Eta Nafarroara goazenean, Saldias, Ezkurra eta inguru horietara.

Perimetralki itxita egoteak nola eragin dizue?

I. U.: Asko izorratu gaitu. Mugaz muga ibiltzeko aldapa besterik ez dugu.

X. M.: Leitzako mugaraino joaten ginen, Urtora, eta gero buelta berriro Elduaingo mugaraino. Aldapa asko eta zeharrean metro gutxi dira.

Egiten dituzuen ibilbideak aplikazio baten bidez jasotzen dituzue.

X. M.: Strava izena du aplikazioak eta GPS bidez funtzionatzen du. Zure profilean ibilbideak gordetzeko aukera dago, eta besteen profilak jarraitzen badituzu, haienak ere ikusteko aukera dago: buelta nondik egin duen, zenbat kilometro, zenbat denboran...

I. U.: Besteena ikusteko aukera izateak pikea ere sortzen du. Baina badu bere alde ona ere: lagunen denborak ikustean zeure buruari ere eskatu egiten diozu maila eman dezan.

Herriko txirrindularien Whatsapp talde bat ere baduzue.

I. U.: Bizikletan ibiltzen garen herritar guztiak gaude bertan: Txirrinduzaleriak du izena eta 30 lagun inguru gaude. Gero, talde txikiagoetan ibiltzen gara, baina bizikletako kontuez aritzeko erabiltzen dugu, esaterako, Tourra komentatzeko.

Erlazionatuak

Bizikleta eskaerak gora egin du

Jon Miranda Labaien 2021 mar 19 Anoeta   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!