Garaipen bat eta galdutako bi partida, oraingoz

Ataria 2021eko martxoaren 15a

Iñaki Artola, Eskuz BInakako Txapelketan. BAIKO

Jon Ander Peñak irabazi egin du, zazpigarren garaipena eskuratuz. Iñaki Artolak eta Jokin Altunak galdu egin dute, eta Erik Jakak gaur jokatzen du.

Eskuz Binakako Txapelketaren 11. jardunaldian ez da eskualdeko derbirik izango, eta orain arte lortutako emaitzak ez dira nahi bezain onak izan pilotarientzat. Jon Ander Peñak eta Albisuk 7-22 irabazi diote Ezkurdia eta Ladis Galartzari, eta euren zazpigarren garaipena lortuz, hirugarren postuan mantentzen dira.

Iñaki Artolak eta Arangurenek ez zuten aukera handirik izan txapelketako liderrak izaten ari den bikotearen aurka, eta 22-3 galdu zuten Elezkano II.a eta Zabaletaren aurka. Beraz, hiru garaipenekin geratzen dira eta zazpigarren postuan daude, gaur gaueko partidan gertatzen denaren zain.

Jokin Altunak ez zuen bere ohiko atzelariarekin, Mariezkurrena II.arekin, jokatu, eta Bikuña izan zen bere bikotea. Olaizola II.a eta Rezusta izan zituzten aurrean eta hauek 22-6 irabazi zioten partida. Altuna eta Mariezkurrena II.a, beraz, zortzi garaipenekin geratzen dira, eta bigarren postua mantentzen dute.

Erik Jakak eta Martijak gaur gauean jokatuko dute euren partida, eta aurrean Urrutikoetxea eta Imaz izango dituzte. Oraingoz bi garaipen dituzte eta azken postuan daude Jaka-Martija; gaur gauean irabaziz gero sailkapenean Artola eta Arangurenekin berdinduko lukete.

Promozio mailan, Iker Elizegik ezin izan du oraingoan ere irabazi. Arteaga II.ren ordez Bakaikoa izan du aurrelari, baina Dario-Garmendia bikoaren aurka 22-16 galdu dute. Elizegi eta Arteaga II.a azken postuan daude sailkapenean, garaipen bakarrarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!