Beste garaipen bat Peña II-Albisu bikotearentzat

Ataria 2021eko martxoaren 13a

Jon Ander Peña, gaurko partidaren une batean. EITB

Ezkurdia eta Ladis Galartzaren aurka 7-22 irabazi dute Labrit pilotalekuan jokatutako partidan, Binakako Txapelketaren 11. jardunaldian. Guztira Jon Ander Peñak eta Jon Ander Albisuk zazpi garaipen lortu dituzte, eta jardunaldi honetan hirugarren postua mantenduko dute sailkapenean.

Jon Ander Peña tolosarrak EITBko mikrofonoetan azaldu duenez, partidaren hasieran "tentsio dezenterekin" zeuden: "Guretzako partida garrantzitsua zen, konfiantza hartzeko eta baita puntua lortzeko, eta oso kontentu gaude". Partida gogorragoa espero zutela gaineratu du Peñak, eta aurkariek ez dutela bere maila eman zehaztu du: "Joseba [Ezkurdia] batez ere bere mailatik behera aritu da, baina eskatzen zaion maila ere horrelakoxea da, eta pentsatzen dut hor izango dela borrokan ere".

Albisu izan da partidako onena, ez baitu pilotarik galdu, bi tanto egin ditu, eta atzeko koadroetan aise nagusitu da. Albisuren partida goraipatu du tolosarrak: "Sekulakoa egin du, eman, ez du galdu, nire asko lagundu... Oso pozik gaude, partida serioa egin dugulako". Beraientzako gaurkoa "lasaitasun puntua" ere badela esan du Peñak: "Bosgarren postutik dezente aldentzen gara, baina guk lanean jarraitu behar dugu. Hiru partida oso politak ditugu aurretik eta ahal den gehienak irabaztera joango gara".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!