Kale Kantoitik

Enkarni Genua, Euskal Herriko txotxongilolaria

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2021ko mar. 15a, 11:03

Enkarni Genua, txotxongilolari, idazle, pedagogo eta emakume handi bat da. Eta gizon handien kasuan bezala, hemen ere esan genezake emakume handi baten ondoan gizon handi bat egon dela. Duela 50 urte hasi ziren Enkarni Genua eta Manolo Gómez, senarra, txotxongiloen munduan, 1971n, Donostiako Jakintza ikastolan eskaini zuten emankizun hartatik abiatuta.

Enkarnik Manolo Gómezekin batera ibilbide luzea egin du txotxongiloen munduan, hau da ilusiozko eta poesiazko munduak sortzen eta taularatzen. Eta, noski, Errekamari, Itsasminez edo Galtzagorriak bezalako obrak egiteko istorio politak behar dituzu, hasteko; gero, istorio polit horiek gidoi bihurtu, pertsonaiak tailerrean landu eta horien txotxongilo egoki eta erabilgarriak sortu, musika jarri, eszenatokia argiztatu, egokitu, apailatu eta azkenean obra antzeztu, istorioa umeen eta helduen gustuko bihurtuz. Eta esan behar da Enkarniren sorkuntzak umeen bihotzetara zuzen-zuzenean iristen direla eta helduenetara ere bai nik neuk egiaztatu ahal izan nuen moduan. Seguran saio bat egin behar zuen Haur Hezkuntzako umeekin eta gonbidapena jaso nuen saioa ikusteko. Ez dakit zenbat ume izango ziren, 45-50, eta bost edo sei pertsona heldu ere bai andereño eta ni bezalako kuxkuxeroren bat tarteko. Galtzagorriak zen txotxongilo saioaren izenburua eta lehen momentutik harritu ninduen prestatuta zegoen eszenografia misteriotsu eta deigarriak. Argilunetan paisaiak, mendiak, etxeren bat edo beste ikus zitezkeen eta argiztapena sujerikorra zen haurren arreta eszenatokian biltzeko.


Emanaldi horrek ordubete iraun zuen eta denbora guztian umeak partaide izan ziren Peru eta Joxeparen familiako gorabeheretan eta gero galtzagorrien lan mugimendu arin eta bizkorretan. Gidoia polita, xumea, atsegina izan zen eta istorioak laster harrapatu zuen umeen arreta eta interakzioa edo elkarrekintza, Enkarnik umeei zalantzak azaltzen zizkienean hauek laster argitzen baitzituzten Peruren ibilerak edota galtzagorrien gaiztakeriak. Ekitaldi zoragarria izan zen eta umeek hasieratik bukaeraraino bizitasun eta kemenik handienarekin jarraitu zuten istorioa, parte hartuz, oihuak jaurtiz, abestuz, eserlekuetan urduri mugituz arazoren bat konpontzen lagundu behar zutenean. Egia esan eszenografiak, musikak, argiztapen bizi eta koloretsuak, txotxongiloen mugimenduak, Enkarniren ahots eta intonazio aldaketak... denak laguntzen zuen umeen partaidetza aktibo horretan eta arreta beti piztuta eta bizi-bizi mantentze horretan. Eta istorio bat umeei hain modu bizi eta eraginkorrean sentiaraztea, literaturaren egitekoetako bat da. Ahozko eta eszenografiaz hornituriko literatura izango da, baina istorio bat modu ludiko, artez eta sentimenduz beteriko formato batean ematea ere literatura da, eta kasu honetan haurrentzat pentsatutako literatura, nahiz eta ikuskizunean egon ginen helduok haurrek bezalaxe gozatu genuen. Gure barruan daramagun haur hori esnaraziko zigun seguru asko Enkarnik.


Harrigarria da urteetan aurrera joanagatik Enkarni Genuak umeengan sortzen duen zirrara, hunkipena eta parte-hartzea. Eta txotxongiloen munduan nik behintzat ez dut ezagutzen Enkarniren erakarmena sortzen duen jarraitzailerik. Eta pena da, txotxongiloak oso bitarteko egoki eta atseginak baitira umeei istorioak kontatzeko, hauengan zirrara eta emozioak sortzeko, literatura mundua umeen bizitzetara helarazteko, euskararen ezagutza eta doinu goxoa umeen bihotzetan modu samurrean eta ludikoan txertatzeko... Ea Enkarni Genuaren jarraitzaile berri eta irudimentsu gehiago sortzen diren, txotxongiloen bidez umeen irudimena eta egarria asetzeko.


Duela gutxi, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Enkarni Genua erakunde horretako kide oso izendatu du, Euskal Herriari, lan isila eginez, halako ekarpen bikaina eta aberatsa egin diolako. Emakume handi baten bizitza osoko lana saritu nahi izan du berrehun urtetik gora dituen erakundeak. Bejondeizuela, Enkarni eta Manolo!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!