Lauburuk eraman du derbi parekatua

Tolosaldeko Ataria 2021ko mar. 1a, 16:59
Lauburu Ibarrako jokalariak goletako bat ospatzen. GARAZI ARREGI

Belabietan jokatutako neurketa irabazi du Lauburuk, Laskorain 3-2 gaindituz

Lauburu Ibarrak eta Laskorainek lehen faseko bigarren derbia jokatu zuten larunbatean, Belabietan. Neurketan hiru puntu baino gehiago zeuden jokoan. Bi taldeek garaipena lortu nahi zuten, bigarren faserako funtsezkoa baita gehitzen jarraitzea. Laubururi beste partida bat bakarrik falta zaio lehen fase honetan eta Laskoraini bi. Derbia parekatua izan zen, baina azkenean garaipena ibartarrentzat izan zen, 3-2ko markagailuarekin.

Neurketako lehen ekintza Lauburuko Iñigok egin zuen, baloia jokoan jarri eta segundo gutxira jaurtiketa bat eginda. Hortik aurrera, bizkarra irabazi nahian ibili zen Laskorain, ibartarren atera oso azkar hurbiltzeko helburuarekin. Aldi berean, beraien defentsa igotzen zuen gauzak are zailagoak jartzeko. 
Ibartarrei dagokienez, Antxonek, Zumetak eta Danik izan zuten lehen aukera argia. Hiru biren kontra atereaz, Zumetak Daniri baloia bigarren zutoinean sartu zion, baina baloiak kanpoan bukatu zuen. Iritsi ziren Laskorainen lehen aukerak ere eta, lehen zati horretako 5. minutuan, Arrak markagailua estreinatzen zuen korner baten ostean jaurtitako tiro bikain batekin (0-1). Benetan geldiezina. Ondoren, atsedenaldirako 10:52 falta zela, beste gol bat sartu zuten tolosarrek. Boliri txartel horia aterata, estrategia jokaldi bat ondo gauzatu zuen tiro zuzen batekin Beñatek, talde horiko kapitainak (0-2).

Markagailu aldaketa 

0-2koarekin, arrisku handia sortzen saiatu ziren Tolosakoak baloi lapurketekin. Oso erosoak sentitzen dira egoera horretan; are gehiago, kasu honetan bezala, markagailuan aurretik zeudela jakinda. Dena den, partida asko geratzen zen aurretik oraindik.

Horrela, atsedenaldirako 6:30 falta zirenean, Iñigoren gola iritsi zen jaurtiketa indartsu bati esker (1-2). Nafarra behin baino gehiagotan saiatu zen jokaldi bera egiten, aldea murriztu ahal izateko. Gol horrek ekarri zuen animoekin batera, aurrerago, atsedenaldirako 1:12ra, Zumetak partida berdindu zuen, bisitariek baloia galdu ostean (2-2). Izugarrizko ekintza egin zuen Zumetak, lehen zatia itxiz eta bigarren zatiari aurre egiteko taldeari funtsezko indarra emanez.

Aldageletatik bueltan, baloia jokoan jarri eta berehala, Laskorainekoek aukera oso argia izan zuten, Jorgeren atera nagusitasunez iritsiz. Hala ere, Lauburuko atezainak baloia aldentzea lortu zuen bere ausardia erakutsiz. Ondoren, minutu batzuk baino igaro ez zirenean, ibartarren hirugarren gola iritsi zen Juaristiren eskutik, ezker hanka erabili eta baloia ate barrura bidaliz (3-2).

Minutuak aurrera zihoazen eta bi taldeek emaitza aldatzeko lanean jarraitzen zuten. Tolosarrak ibartarrak baino apur bat hobeto aritu ziren, berdintzeko zorian egonez. Berriro ere aipagarria izan zen Jorgeren lan eskerga, ez baitzuen behin ere barkatu eta askotan salbatu baitzuen bere taldea. Markagailua ez zen mugitu azken txistua entzun arte, talde moreak garaipena lortuz. Hori horrela, Lauburuk lehen faseko etxeko partida guztiak poltsikoratu ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!